Euskal paisaiaren soberakinak

Mundu digitaletik abiatuta, Jon Gorospe argazkilariak eta Xabier Erkizia soinu artistak Euskal Herriko paisaiak ardatz dituen erakusketa bat zabaldu dute Itzubaltzetako kultur etxean : 'Noraezean'

Jon Gorospe argazkilaria, Getxon, Erromoko Kultur Etxean, Xabier Erkizia artistarekin batera osatu duen Noraezean erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Getxo
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Oslon bizitoki duen etxetik erretratatu du Euskal Herriko paisaia Jon Gorospe argazkilariak (Gasteiz, 1986). Edo, paisaia horren soberakina, behintzat. Gaur egun, munduko edozein txokotatik ikus daiteke Euskal Herri ia osoa Google enpresak sortutako Street View proiektuaren bidez. Badira, ordea, sarbide zaila dutelako edo bestelako arrazoiengatik enpresak erretratatu gabe utzitako hainbat txoko ere, eta hutsune horiek betetzeko argazkiak bidaltzeko aukera dute erabiltzaileek. Eta, hain zuzen ere, azken horiengan jarri du arreta Gorospek. Aparkaleku anonimo hutsak, frontoi txiki baztertuak, edonongoak izan daitezkeen skate parkeak zein nortasun zehatzik gabeko industria gune estandar baten atzealdea bisitatu ditu argazkilariak pantailaren bidez, eta artxibo zabala osatu du, gero, ordenagailuari argazkiak ateraz. «Paisaiak zero gradurantz jotzen duen une hori interesatzen zait nagusiki, zeinean ezin den antzeman bertakoa den edo beste nonbaitekoa». Euskal Herriko bezain edonongo izan daitekeen 100 irudiko multzo bat da emaitza. Xabier Erkiziak sortutako soinu piezak ere osatzen du Noraezean erakusketa, eta Getxon jarri dute ikusgai (Bizkaia), Itzubaltzetako kultur etxean. Azaroaren 29ra arte egongo da bertan.

Patioa konpartitzen duten bi etxe bereizten dituen burdinazko hesi industrial bat ikus daiteke argazkietako batean, adibidez. «Munduko edozein toki izan daiteke edozein unetan, ezta?». Paisaiaren homogeneizazio hori da argazkilariari interesgarri zaion korapiloa. Ez-leku horiekin batera, horregatik, erakusketan badira erraz errekonozitzeko moduko ikur eta leku batzuk ere. Bizkaia zubia, adibidez, San Mames futbol zelaia, Donibane Lohizuneko kosta, Gasteizko galtzadak... «Hor, adibidez», azaldu du argazkilariak, «Gasteizko Foruen enparantzako harrietan idi proben arrastoak ikus daitezke. Bi irudi mota horien arteko elkarrizketa proposatzen dut nik. Euskal Herriko paisaiak, gainontzeko leku guztietakoak bezala, globalizatzera jo du».

Gorospek gogoratu duenez, Pier Paolo Pasolini idazle eta zinemagileak ere eman zuen homogeneizaziorako joera horren berri 70eko hamarkadan. Eta prozesua bizkortu egin da geroztik. Berak ez du kritika espliziturik egiteko asmorik, halere, eta bisitariaren esku utzi nahi du gaiari buruzko gogoeta. «Prozesu horren onura izan daiteke, adibidez, iruditeria konpartituz, agian, errazagoa izan daitekeela bestelako espazioetan integratzea eta elkar hobeki ulertzea». Onartzen du, halere, Pasolinik baliatutako hitzak erabiliz, joera horrek errealitate zehatzak «arrasatzen» dituela, eta «tabula rasa» bat eratzen duela.

Etxeak eta pixelak

Lerroan jarrita daude argazki guztiak erakusketan, begien altueran, bata bestearen ondoan pilatuta, hormari itsatsitako apal moduko baten gainean utzita, eta guztien artean skyline moduko bat osatuz. «Artxibo baten irudi hori ere eman nahi nuen pilaketarekin», azaldu du. «Irudien masifikazioa ekarri du Internetek, eta ikaragarria da bertan etengabe sortzen eta suntsitzen diren irudien kopurua». Hormetan hainbat koloretako karratu handi batzuk ere margotu dituzte. Euskal Herriko etxeen aurrealdeetan ohikoen diren koloreak dituzte karratuok, eta pixelaren irudia ere gogora ekarri nahi zuelako eman diete forma karratua.

Apenas dagoen gizakirik bildutako 100 argazkietan. Horregatik, bereziki nabarmentzen da itsasoari begira dagoen neska baten irudia, adibidez, edo patinatzen dabilen mutil batena. Turista gutxi batzuk daude beste batean, eta aterkia erori berri zaiola dirudien gizon bat ere bai, txakurra paseatzen. «Pertsona gutxi daude», onartu du argazkilariak, «eta dauden gutxiak ere sartu ditut argazkiei eskala erakusteagatik, ez hainbeste egiten dabiltzana erakusteagatik».

Historia eta biografia

Euskal Kultur Erakundeak eta Getxoko Udalak elkarlanean sortutako Iparra Galdu Gabe izeneko proiektuaren parte da erakusketa. Ez da irudi huts, ordea. Soinuak ere biltzen du bisitaria aretoan. Gorosperen argazkiez gain, Xabier Erkiziak Euskal Herriko hamaika txokotan grabatu eta soinumapa.eus orrialdean bildutako hotsen bilduma bat ere hartzen du erakusketak. Erdiz identifikagarri dira soinuotako batzuk, eta, aldi berean, erdiz ezezagun. Gorospe: «Oso ongi egin dute bat bi lanek, artxiboaren ideia konpartitzen dutelako».

Argazkigintzaren historiari lotuta dago Gorosperen lana. Gogoratu duenez, XX. mendean, Frantzian, adibidez, oso ohikoak ziren «argazki misio» izenekoak. Lurralde baten artxibo fotografikoa egiteko enkargua jasotzen zuten argazkilariek, eta bisitatutako leku horien hamaika irudi lortzea izaten zen haren egitekoa. Eta, nolabait ere, kanpaina horien bertsio gaurkotua da berea. «XXI. mendekoa naiz ni, eta, beraz, nire belaunaldiak eskura dituen tresnak baliatuz egin dut lan hori».

Biografikotik ere badu irudi hautaketak. «Duela hamar urte jo nuen atzerrira, eta niretzat erakusketa hau Euskal Herrian bizitoki nituen eta bisitatzen nituen lekuetara itzultzeko modu bat izan da». Skateren munduarekin lotura dute haietako asko, eta irudietan ere igar daiteke patinatzailearen begirada horren arrastorik. Gorospe: «Bada oso teoriko ezagun bat kale argazkilari askorentzat zutarri dena, Francesco Careri, eta oso ezagunak dira hirian ibiltzeari buruzko bere teoria estetikoak, eta aipatzen du ezberdin bizi dutela hiria homo faber delakoak, lanera doan gizonak, eta homo ludens-ak, dibertitu nahi duenak. Eta nik uste dut kalea dibertsiorako baliatu dugunok hiria oso modu jostagarrian ulertu dugula. Aukeraz betetako gune bat ikusten dugu hiriaren gunerik gatzgabeenetan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.