Albistea entzun

Louise Glucki eta Bob Dylani lan bana euskaratu diete

Jokin Zaitegi bekarekin, 'Basairisa' itzuli du Garazi Ugaldek, eta '100 kantu' Xabier Payak. Bi egileak dira poeta, Nobel saridun, estatubatuar eta garaikide; baina «bi mundu» dira bataren obra eta bestearena

Xabier Paya itzultzailea (eskuinetik lehena), beka antolatzen duten erakundeetako ordezkariekin, atzo.
Xabier Paya itzultzailea (eskuinetik lehena), beka antolatzen duten erakundeetako ordezkariekin, atzo. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko abenduak 14 - Donostia

Louise Gluck eta Bob Dylan. Biak poetak, Literaturako Nobel saridunak, estatubatuarrak eta garaikideak; baina «bi mundu guztiz ezberdin», haien ibilbideei eta lanei dagokienez. Orain, beste zerbaitetan ere badatoz bat: euskaraz irakur litezke biak, bakoitzaren bilduma bat euskaratu baitute. Glucken Basairisa itzuli du Garazi Ugaldek, eta Dylanen 100 kantu, berriz, Xabier Payak, biek Jokin Zaitegi bekaren bultzadaz. Elkar argitaletxeak eta Arrasateko (Gipuzkoa) AED elkarteak antolatzen dute sariketa, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Nobel saria irabazitako idazleen lan bat itzultzeko. Elkarrek plazaratu ditu liburuok, eta itzultzaileek atzo aurkeztu zituzten, erakunde laguntzaileetako ordezkariekin batera, Donostian.

 

Iaz lortu zuen Nobel saria Gluckek (New York, 1943), eta Suediako Akademiako epaimahaiak haren «ahots berezia» nabarmendu zuela ekarri zuen gogora Garazi Ugaldek. «Aitortzen zioten gai dela, edertasun soil baten bitartez, existentzia indibiduala unibertsal egiteko. Hori da idazle honen bertutea: idazkera oso argi eta soil baten alde egiten du, baina, aldi berean, gai da ur oso sakonetan barneratzeko, eta gai eta emozio sakonez aritzeko». Mitologiara maiz jo izan duela azaldu zuen, baita naturara ere, baina beti helburu berarekin: «Gizakiaren kondizioaz zerbait esatea». Hala, haren poemetan emozioak, desirak, traumak, haurtzaroa, familia harremanak eta abar agertzen direla adierazi zuen, irakurle batentzat zein bestearentzat balio dezaketenak.

Euskarara ekarritako Glucken lehen lana da Basairisa, idazleak 1992an emana eta sona azkar ekarri ziona. Ugalde: «Bilduma berezia da, 54 poemaz osatua, eta hari nagusi bat du: lorategiaren irudia, galeraren eta bizitzaren sinbolo moduan. Metafora horren inguruan mugitzen da bilduma osoa». Natura oso presente dago liburuan, itzultzailearen esanetan, baina «abiapuntu» bat da azken batean, gizakiaren emozioez aritzeko. Hiru poema mota eta hiru ahots bereizi zituen: batzuetan, landareak dira protagonista eta hitz egiten dutenak; beste batzuetan, poeta edo lorezaina ageri da; eta bada «jainko edo sasi-jainko bat» ere. Basairisa da lehen pieza eta bildumari izena ematen diona, eta hiru arlo horiek islatzen dituela uste du itzultzaileak: loreari berari ez ezik, begiaren irisari, poetaren begiradari ere egin diezaioke erreferentzia, baita Iris jainko grekoari ere, zeinak zeru-lurren arteko lotura egiten zuen.

Hizkuntzari dagokionez, soiltasuna bai, baina idazleak «sortzen dituen irudietan» konplexutasuna ere antzeman du Ugaldek, eta itzulpen lanak ere horretatik izan duela aitortu zuen. «Uste dut edozein itzultzailek bilatzen duena bilatu dudala nik ere: hizkuntzaren zuzentasunetik eta itzulpenaren zehaztasunetik haratago joan, eta jatorrizkoaren tonua jasotzen saiatu naiz, jatorrizko poemen energia euskaraz lortzen».

Entzungarritasuna helburu

Dylanek (Minnesota, 1941) 2016an jaso zuen Nobel saria, eta musikari eta poetaren agenteek eginiko ehun kanturen hautaketa biltzen du Xabier Payak euskaratutako liburuak. Dont Think Twice, It's All Right kantua ingelesez entzungai jarri, eta doinu berean Ahaztu behingoz, ta kito euskaraz abestu zuen Payak aurkezpenean, itzulpenarekin egin duena azaltzeko. Izan ere, kantuak euskaraz ematean, entzungarritasuna ere izan du xede. Kantu bakoitza ingelesez entzutean sortzen duen emozioa pospolo bat piztearekin alderatu zuen, eta gaineratu pospolo hori bera euskaraz piztea izan dela bere asmoa. «Esango nuke nire erronka zela ehun pospolo dituen kaxa bat izatea liburu hau». Abestietan Dylanek zer eta nola, eta zer erregistrotan esaten duen zaintzeaz gain, itzultzaileak bere buruari «ezinbesteko baldintza» gisa jarri zion «lehen irakurraldian belarritik sartzea».

Halako erronkarik ez zuela sekula izan aitortu zuen Payak, pieza bakoitza izan dela erronka bat, «ehun baso, ehun labirinto, ehun mendi» orotara, eta bidearen zati txiki bat egin orduko jabetu zela lana burutzeko «xerpa on bat» beharko zuela, «ahozkotasunean ezagutza handia zuena». Horrez gain Dylanen «zale amorratua» izanik, Joxerra Garziarengana jo zuen. Eta itzultzailearen ausardia goretsi zuen hark. «Hamaika arrisku gaindituz eta bere dohainak obraren zerbitzura jarriz, sekulako oparia egin digu Xabik. Lehendik dylanzale ginenoi haren beste alde bat eskaini digu, eta Dylan euskaraz kantagarri eta gozagarri bihurtu. Dylanzale ez direnei zaletzeko aukera eman die. Eta euskarari berari, eskas zituen erregistro informal eta gozagarrietan bide eginez, sekulako aurrerakada egin dio». Poema bat ere musikatu zuen berak, gitarrarekin eta harmonikarekin.

Hurrengo deialdia martxan

Euskal liburugintza bi adar nagusik osatzen dutela nabarmendu zuen Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak: euskal idazleek euren hizkuntzan idatziz sortutakoa litzateke bata, eta euskarara itzulitako lanak bestea. Poza agertu zuen bigarren horretan «euskal kulturaren etxea sortzen lagunduko duten beste bi adreilu» jarri ahal izan direlako, bekari esker.

Halaber, jakinarazi zuen aurtengo bekarako deialdia martxan dela jada, eta 2021eko Nobel saridun Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniarraren Paradise eleberria itzultzea izango duela xede. Laginak aurkezteko, abenduaren 31ra arteko epea dute erronkari heldu nahi dioten itzultzaileek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...