KRITIKA. Antzerkia

Ni ez naiz inorena

Agus Perez.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

'Jane Eyre'

Konpainia: Teatre Lliure. Egilea: Charlotte Brontë. Zuzendaritza: Carme Portaceli. Musika: Clara Peya. Eszenografia: Anna Alcubierre. Jantziak: Antonio Belart. Bideo-irudiak: Eugenio Szwarcer. Antzezleak: Jordi Collet, Gabriela Flores, Abel Folk, Ariadna Gil, Pepa Lopez, Joan Negrie, Magda Puig. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailak 23.

Jatorrizko eleberriko hamabigarren kapituluko eszenarekin hasi da Jane Eyre antzezlana. Rochester jaunaren zaldiak izotzean irrist egin eta zalduna lurrera jausitakoan. Gizonak Janeren laguntza onartu beharko du —min hartu du orkatilan— eta hori da bien arteko lehen ezagutza eta kontaktu fisikoa, hain neurrikoa zena Ingalaterrako gizarte puritano hartan.

San Agustin ere zalditik erorita bihurtu omen zen fededun, eta seguruenik Charlotte Brontëk nahita erabili zuen irudi indartsu haren sinbolismoa bi espiritu independenteen arteko harreman hautsezinaren jaiotza irudikatzeko. Beraz, egokia iruditu zait antzezlanari hasiera kementsu bat emateko, taula gainean zaldiaren arrastorik ez eta pasadizoak etxeko istripu arrunt baten itxura hartu duen arren. Jarraian, lehen kapitulura itzuli gara —protagonistaren haurtzarora—, eta hortik aurrera kontakizun erabat lineala eskaini digu Anna Maria Ricarten bertsioak, jatorrizko solasaldiak eta pasarteak hitzez hitz emanda eta amaieran, agian, askatasun handiagoarekin jokatuz dramaren korapiloa era eszenikoan deslotzeko.

Brontë ahizpek —Emily, Charlotte eta Anne— XIX. mendearen erdialdean argitaratu zituzten beren liburuak, beti gizon ezizenekin sinatuta, eta merezimendu osoz daude ingelesezko literaturaren gailurrean, baina Jane Eyre lehen eleberri feministatzat jotzen da, eta horretan zerikusi handia dute protagonistak bere burua etengabe gainditzeko nahiak eta inorena ez izatearen borondate erostezinak.

Eleberri konplexu eta mardula izanik, era eskematikoan eman dira pasarte asko —guztiak ez esatearren—, eszenaratzea bi ordura murrizteko xedez. Bide horretatik, pertsonaiak beti ibili dira estu eta larri beren barne aberastasuna garatzeko, eta itxura klinikoko eremu eszeniko zuriak ez ditu egoerak samurtu, Ikearen estiloko kikara, aulki eta kamaina haiekin eta ganorazko mahai baten absentziarekin.

Horma zurietan proiektatu diren irudi naturalistekin gauzatu dira argumentuak eskatutako kokapenak, teatroaren ikuspegitik errekurtsorik eskasena izan arren, baina zuzeneko musika —pianoa eta txeloa— laguntza handikoa izan da giroak eratzen laguntzeko. Esandako guztiagatik, ezerezean geratu da egileak kontakizunari eman zion lirismo paregabea, baina —Ariadna Gilen intonazio nekagarria gorabehera— antzezpen bikainak eskaini dizkigute haiek guztiek eta, jatorrizko testuaren indarra lagun, di-da batean igaro zaigu denbora, eta txaloen orduan lau aldiz aterarazi ditugu gure zorionak jasotzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.