Pop arteari izkin egin zion arotza

Richard Artschwager artistaren lanekin erakusketa antolatu du Bilboko Guggenheim museoak. Sortzaileak lengoaia propioa garatu zuen hainbat estilo artistiko nahasiz

LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Bilbo
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Eskultura eta pintura, figurazioa eta abstrakzioa, gauza funtzionalak eta alferrikakoak elkartu zituen Richard Artschwagerrek bere artea sortzeko (Washington, 1923-Albany, New York, AEB, 2013). Hizkuntza berezi bat garatu zuen 50 urteko ibilbidean, artelanetan industriako material arruntak erabiliz. «Hain indibidualista eta pertsonala zen haren lana, 1960ko hamarkadan inork ere ez zuen ulertzen», azaldu du Germano Celantek. Manuel Cirauquirekin batera komisario lanak egin ditu Bilboko Guggenheim museoan artistari eskaini dioten erakusketan. Bien gidaritzapean kokatu dituzte Artschwagerren 70 obra eraikineko 105. gelan. Gaur zabalduko dute erakusketa, eta maiatzaren 10era arte egongo da ikusgai.

New Yorkeko Cornell Unibertsitatean lizentziatu zen Artschwager, eta, geroago, eskolak hartu zituen Amedee Ozenfant abstrakzioaren aitzindarietako batekin. Zura lantzeko tailer bat zabaldu zuen 1950eko hamarkadaren amaieran, eta ofizioaren eragina antzeman daiteke haren lehenengo artelanean. Zero erretratua du izena piezak, eta zurez, torlojuz eta sokaz egina dago. «Hutsala eta minimalista den zerbaiten itxura izan dezake, baina artistarentzat oso garrantzitsua izan zen, obra honekin lortu baitzuen gauza funtzionalak egiteari uztea», azaldu du Celantek.

«Erakusketara sartzean, artista askoren lanak ikusten ari zarela dirudi», esan du komisarioak. Merkatuarentzako ezaguterrazak ziren obrak sortu zituzten haren garaikide ziren hainbat artistak. Hori da, adibidez, Andy Warholen erretratuen eta Dan Flavinen fluoreszenteen kasua. Baina, hain zuzen, merkaturatzea da Artschwagerrek lortu ez zuena. «Irudimen handiko artistek daukaten arazo bat izaten da». Pop estetika erabili gabe, haren lanak oihartzuna lortu zuela nabarmendu du Celantek. «1950eko hamarkadan, artistak diziplina bakar batean kokatzen ziren: margolariek margotzen zuten eta eskultoreek eskulturak egiten zituzten. Artschwagerrek, ordea, denak nahastu zituen».

Modu kronologikoan hasten da erakusketa, baina aurrera joan ahala, estilo eta garai ezberdinak uztartu dituzte komisarioek. «Erakusketaren helburu nagusia artista baten 360 graduak batera erakustea da». 1961. urtekoa da lehen pieza, eta 2012koa azkena. Sortzailearen artxiboko materiala eta dokumentuen sorta txiki bat ere ikus ditzake bisitariak. Eta, antolatzaileen esanetan, gutxitan erakutsi dira dokumentu horiek.

Artista estatubatuarrak erabili zituen materialak ohikoak ziren garaiko industria guneetan, baina gutxitan erabili izan ziren artea egiteko. Formika, adibidez, asko erabiltzen zuten erdiko klaseetako etxeetan sukaldeak apaintzeko. Celant: «Material honen erabilerarekin elementu antagonikoak aurkeztu nahi ditu; izan ere, formikak edertasuna irudikatu nahi zuen, baina, aldi berean, itsusia ere bazen». Artschwagerrek bere ibilbide artistiko osoan erabili zuen material hori.

Egunerokotasuneko elementuak museo barruan sartu nahi izan zituen sortzaileak; aulki bat, ate bat edo kontsola bat altzairuak dira, baina berak gauza abstraktu bat balira bezala irudikatu zituen, objektu horiei itxura arrotz eta ezezaguna emanez.

Artistaren hitzak ere txertatu dituzte hormetan, eta bertan irakur daitezke, adibidez, espazioari buruzko bere gogoetak. «Espazioa abstrakzio bat da, era naturalean sortzen dena gure begiratzetik, ikertzetik, ibiltzetik, irekitzetik, ixtetik, esertzetik...». Hain zuzen, espazioaren erabilera originalaren eredu dira izkinetan kokatuta dauden lau artelanak; altzarien irudi zanpatuak agertzen dira haietan, oso koloretsuak batzuk eta gris kolorekoak beste batzuk.

Gerra, erlijioa eta musika

Artistaren alderdi pertsonala agerian geratzen da hainbat artelanetan. Bi ikuspuntuko ikuspegia izeneko margolanean, soldadu bat ikus daiteke bi ikuspuntutatik. Bertan islatzen da II. Mundu Gerran nazien kontra aritu zeneko garaia. Pianoa ere jotzen zuen, eta hainbat altzari egin ditu musika tresnaren itxurarekin. Erlijioak ere garrantzi handia du bere obran: nabarmentzekoak dira erakusketan dauden hiru aldareak eta gurutze erraldoi bat. «Artschwagerrentzat artea erlijio bat da, eta museoak katedralak».

Kolorearen erabilera garaiaren arabera sailkatu daiteke. Hasieran, zuri beltzean egiten zituen margolanak, eta geroago, kolorea sartzen hasi zen. Celanten arabera, papera oso garrantzitsua izan zen artistarentzat, eta egunkarietako argazkiak erabiltzen zituen bere margolanak sortzeko. «Margolanak ez ezik, markoak ere berak diseinatzen zituen. Haren sormenak ez zeukan mugarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.