Noiz sortua: 2020-03-17 00:30:00

Agerian ez dena ere bada

Igor Estankona 'Moskito' lanarekin itzuli da plazara, 11 urteren ostean. Aitatasuna, nazioa, heriotza eta beste hainbat gai ditu hizpide bere bosgarren poesia liburuan
Igor Estankona idazlea, <em>Moskito</em> bere bosgarren poema liburua eskuetan duela, Donostian aurkeztu berritan.
Igor Estankona idazlea, Moskito bere bosgarren poema liburua eskuetan duela, Donostian aurkeztu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko martxoak 17
Bat-bateko azkura. Eta ziztadaren arrastoa azalean. Eltxoa ikusi ez arren, hor nonbait egon badela ziurtzat jotzeko zantzuak izaten dira. Haren burrunba entzun liteke ondoren agian, edo intsektua bera ikusi ere bai beharbada. Baina ageriko froga horiek gabe ere, hor dela ziurra da. Eltxorik ez da aipatzen Igor Estankonaren Moskito (Susa) liburuko poemetan. «Badira euliak, txoriak, hegazkinak, hegan zekiten gorpuak», azaldu du Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak. Moskitorik ez, ordea. «Esango nuke absentzia horrek pista bat ematen digula irakurketarako: begi bistakoa ez den hori ere badagoela adierazten digu, ez dela dena zuzenean aipatu behar liburuan egon dadin». Iratzeen esporak (Susa, 2009) plazaratu zuenetik 11 urte igaro direnean, bosgarren poema liburuarekin itzuli da plazara idazlea.

Liburuko poemetan Estankona «aitatasunaz ari da, nazioaz, bikoteaz, heriotzaz, idazketaz, memoriaz, badoanaz eta gelditzen denaz...», azaldu du editoreak. «Kalean entzundakoa dago, memoriak asmatutakoa, eta liburuetan irakurritakoa». Izen propio ugari aipatzen ditu idazleak, zeintzuek«liburuaren paisaiaren zati bat» adierazten duten, Lopezen arabera, hala nola Dante, Mumia Abu-Jamal, Maurizia, Eisenstein, Joxe Arregi, Jon Lopategi, Errementariko Juliana, Toni Kukoc, Leonard Cohen, Artemisa, haren alabak eta bikotekidea. Eta tokiak ere ugari, Kakoeta zein Himalaia, Palermo, Kanea, Orozko, Nablus, Leungane, Ekialdeko Berlin zein Jururu. «Hurbilekoak eta urrunekoak, egungoak eta aspaldikoak, Estankonarenak denak, berak eraikitako mundu literarioan denek dutelako lekua elkarren ondoan. Ez garelako eraikitzen etxe ondokoarekin bakarrik, eta etxe ondokoaren kontra bakarrik ere ez», Lopezen esanetan. «Estankonak badaki zinikoa izaten, baina badaki esperantzari eta poesiaren edertasunari eusten ere. Hain zuzen ere, Estankonaren estiloak bateratzen du unibertso hori guztia».

Eta, hasierako ideiara itzulita, Beñat Sarasolak aspaldi idatzitako hitz batzuk ekarri ditu gogora editoreak, Estankonarena «agerpen eta desagerpenean, adierazte eta ezkutatzean oinarritzen den unibertsoa» dela nabarmentzeko. «Badago zerbait poesian ihes egiten diguna, eta, hala ere, irakurlearentzat geratzen dena. Lanbroak ezkutatutako poesia da liburu honetan aurkituko duguna. Eta hainbat irakurketarako aukera iradokitzen du. Nork bere moskitoa bilatu edo sortu beharko du irakurtzerakoan».

Aurreko lana argitaratu zuenetik hona, 11 urteotan, guraso izan dela, liburu ugari irakurri dituela, musika entzun duela, eta, finean, asko ikasi duela azaldu du idazleak. Eta, poemak sortzeaz gain, literatur kritikak idazteak mantendu duela loturik literaturara. «Ikasi dut liburu biribil zenbait irakurrita, eta ikasi dut gustatu ez zaizkidan poemategietatik. 11 urteotan, ni idazten nenbilen artean tantaka, ikusi ditut ahaleginak, eta euskal poesiaren lorpen itzelak». Besteren liburuekin egindako ariketa horrek urteotan bere poemak idaztean nabarmen eragin diola aitortu du. «11 urteko ibilbidea da, eta irakurriz gero ikusten da zelan doazen bertara biltzen bizipen diferenteak».

Izan ere, «dena nahastu» zaio idazleari 11 urteotan: «Aitatasuna, estetika berriak, pelikulak... eta, beraz, halabeharrez, dena dator nahastean Moskito-n. Berba nahasteek esan dezakete zerbait formalki, baina barruetan beste zerbaitek egin diezazuke dar-dar. Momentu horien bila dago idatzita Moskito, ze berbak izan daitezke berbak, baina mila aldiz multiplikatu daitezke gure baitan».

Gaiak, poemetan ez ezik, liburuan barrena ere nahastu ditu Estankonak. Gai bakoitzari buruzko poemak atal berean biltzeko tentazioa izan zuela aitortu du: aitatasunaren ingurukoak batetik, maitasun poemak bestetik, poema sozialak beste alde batetik... Baina ez zuela funtzionatzen uste du, liburuak ez zuela erritmorik. Hala, ordenatzean gaiak nahastea erabaki zuen, «erritmoaren arabera, errepikapena saihesteari begiratuta, arintasunaren alde...». Liburuaren azalak ere ideia bera iradokitzen du: alanbre finak kiribilduz eta elkarri lotuz sortutako irudia da, arintasun sentsazioa ematen duena.

«Moskito da nire egia, gezurrekin eta hondakinekin egina, eguneroko bat edo biografia bat baino egiazkoagoa, poesia delako».

Aurrera begira idatzia

Aurreko liburuarekin alderatuta, gaietan baino, liburuari aurre egiteko jarreran ikusten du ezberdintasun gehiago. «Iratzeen esporak oso atzera begira egindako liburu bat izan zen, azken puntu bat suposatu zuen nire bizitzako etapa batean, eta Moskito-rekin ez nuen berriro geratu nahi memoria historikoan, memoria pertsonalean, nostalgian edo lehen aldian». Bere lehen liburua, Anemometroa (Susa, 1998) idatzi zueneko estiloa hor dagoela uste du, baina lan berria «arnasa luzeagokoa» eta aurrera begira idatzitakoa dela dio. «Badu denuntzia, badu kritika, badu memoria, baina zentzu positiboan; hortik gatozela esan nahi duelako, baina ez han geratu ginelako».

Aurreko lanean ageri ziren zenbait osagai liburu berriaren oinarrian daudela adierazi du Estankonak. Ordukoan Gorka Arrese izan zuela editore ekarri du gogora, eta oraingoan, berriz, Lopez. Hark baino lehen, ordea, bikotekideak irakurri zituen liburuko poemak. Guztien iruzkinak eskertu ditu. «Urguilua txarra da halakoetan, eta nik aprobetxatu egin ditut iradokizun guztiak. Liburu hobea atera da horrela».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal sailburua ©Irekia
Etxeko Leihotik: Formol

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna