SAIOA ITXI

Hasiera / Kultura

Geroari utopia eransten

Azala sormen guneak abian jarritako 'Zirriborroak eta gero' proiektuak etorkizun utopikoak irudikatu ditu, Katixa Agirreren, Iban Zalduaren eta Danele Sarriugarteren ipuin batzuen bitartez
Maite Cabellero Arrietak Danele Sarriugarteren ipuinerako egindako ilustrazio bat. MAITE CABELLERO ARRIETA

Aitor Biain

2020ko apirilak 28
Distopiaren zantzuak inoiz baino agerikoagoak diren garaiotan, zergatik zerumuga ilundu? Ezerk benetakoaren itxura hartzen ez duen egunotan, zergatik geroa beltzez margotu? Zergatik ez salto egin distopiatik utopiara? Ariketa hori du oinarrian Azala sormen gunearen Zirriborroak eta gero proiektuak. Duela bi urte jarri zuten martxan, eta, orduz geroztik, etorkizunari buruz egiten diren «proposamen katastrofikoei» alternatiba «narratibo espekulatiboak» kontrajartzen dihardute, hainbat idazleren laguntzarekin. Ipuin labur batzuen bitartez, etorkizun «idealagoak» irudikatzen baitituzte, utopiatik gertuago dauden agertoki berriak iradokiz.

Alternatibak badirela erakustea, mundu berriak ikusgarri egitea eta gaurko utopiei forma ematea. Besteak beste helburu horiek ditu egitasmoak, Idoia Zabaleta Azala-ko kide eta proiektuaren kudeatzaileetako batek berretsi duenez. «Irudimen apokaliptikoei kontra-irudimen bat proposatzea nahi dugu. Esateko, finean, etorkizuna izan daitekeela hobea, eta, gainera, gaur egun ere badirela hori egia bilakatzeko lanean ari direnak». Izan ere, Zabaletaren hitzetan, utopiaz hitz egitean geroaz hitz egiten da sarri, «konturatu gabe jadanik ari direla proposatzen orainaldia ere hobeagoa izateko alternatibak».

Alternatiba horietatik abiatzen da proiektua, hain zuzen. Araba hegoaldeko Lasierra herrian dago Azala sormen espazioa, landa ingurunean kokatzen den hamabi biztanleko herri txiki batean. Arteari, sorkuntzari eta, oro har, kulturari lotutako gunea izan da hastapenetatik gunea, baina alternatiba izan du bide orri hamarkada luzeko ibilbidean. Eta, hain zuzen ere, bi muturrak lotzeko nahiak eragin zuen proiektua sortzeko ideia. «Lurrarekin eta lurraldearekin gehiago lotuko gintuen proiektu bat garatu nahi genuen». Ideia bila ari zirela, Arantxa Mendiharati eskatu zioten laguntza. Partaidetzan aditua da, eta hark proposatu zien egitasmoaren «lehen zirriborroa» izango zena.

Herrialdeari arreta jartzea izan zen aurreneko eginbeharra; herrialdeari, eta bertako errealitateari. «Egiteko moduei alternatibak proposatzen dizkieten Arabako talde, elkarte eta pertsonak identifikatzea izan zen aurreneko lana». Horiekin guztiekin mapa edo inbentario moduko bat osatuko zuten gero, idazleei hari mutur gisara aurkezteko. Lehen erregistroa egin zuten bere garaian, baina zerrendari izen gehiago gehitzen jarraitzen dute oraindik. «Ahalik eta zabalena izatea nahi dugu».

Errekaleor, armak, K herria

Proposamen horietatik abiatzen dira idazleak gero beren ipuinak sortzeko. Hiru ipuin argitaratu dituzte orain arte, hiru etorkizun berri. Katixa Agirrek egin zuen lehen ekarpena. Idazleak Gasteizko Errekaleor auzoaren geroa marraztu zuen Loratze perimetroa ipuinean: frankismo garaian industriaren hazkundeak bultzatuta eraiki zen auzoa hutsik geratu zen XXI. mendearen hasieran, higiezinen espekulazioaren ondorioz. 2013. urtetik, ordea, ikasle batzuk bertan hasi ziren bizitzen, eta, geroztik, alternatibaren ikur bilakatu da. Auzoaren etorkizun posible bat eraiki du Agirrek ipuinean, auzoaren balizko loraldi bat oinarri hartuta.

Armarik gabeko Euskal Herri bat irudikatu zuen Iban Zalduak, proiektuaren bigarren liburuxkan. Hainbat kolektibok bultzatutako Gerrarako Eusko Label Armak kanpaina hartu zuen oinarri, Bisita bat Arma Museora narrazioa idazteko. Elkarrekin gurutzatzen diren bi kapitulutan banatutako kontakizun bat da, eta Ursula K. Le Guin idazlearen aipu banarekin hasten dira.

Hirugarren ipuina, berriz, Danele Sarriugartek idatzitakoa da: Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan?. Hiru ekitalditan banatutako fabula horrek argiaren kutsaduraren aurka egiten duen Luminica Ambiental enpresaren jarduna du abiapuntu. Laugarrena ere bidean da: Karmele Jaiok idatziko du, eta ekonomatuak izan behar ziren ipuinaren abiapuntu. Koronabirusaren krisiak, ordea, plana aldatzera behartu ditu antolatzaileak. «Egoera apokaliptiko hau justu erdi-erdian tokatu zaigu, eta erabaki dugu egungo egoera erronka moduan hartzea». Uda iritsi baino lehen argitaratzea espero dute. Ez da azkena izango, Belen Gopegui idazle espainiarrak ere bere fabula argitaratuko baitu udazken-negu aldera, eta Arabako Errioxako Trujal olio kooperatiba izango du hizpide.

Zabaletak azpimarratu du lantalde handi bat dagoela proiektuaren atzean. Eta horren adibide dira ilustratzaileak, esaterako: Josune Urrutiaren, Gorka Olmoren eta Maite Caballero Arrietaren marrazkiekin osatu baitituzte ipuinak. Baina egitasmoaren inguruan ehun handi bat osatu dute, eta elkarte zein banako askoren laguntza izaten ari dira. Haien artean, daude, besteak beste, Zaz guneko Ibon Saenz de Olazagoitia, Hala Bedi irratia, Carasso fundazioa, La Debacle, Noiz eta Teklak komunikazioa. Azken zenbakietan ere Unai Pascualen aholkularitza zientifikoa izan dute.

Futurible saioak ere egiten dituzte, tarteka, Azala-n bertan. Alternatibak lantzen dituzten taldeko kideak, Azala-koak eta idazlea bera elkar topatzeko saio bat izan ohi da, eta etorkizunera begira egindako jolas moduko bat egiten dute; «lau orduko talde dinamika bat». Zabaletak berak gidatzen du saioa, eta irudimen ariketa bat da. «Ideiak, material ezberdinak, delirioak-eta botatzen ditugu, idazlearentzat baliagarri izan daitezen: ideiak hartzeko edo ez hartzeko». «Bakarkakoa» den idazketa prozesua kolektibo bilakatzen dute.

Liburuxkak Araban bakarrik banatzen dituzte, baina Interneten ere badaude, irakurtzeko zein entzuteko formatuan. Arabako bilduma osatzea da helburua, eta hamabost zenbaki argitaratzea.

Ipuinak irakurtzeko jo webgune honetara: www.borradoresdelfuturo.net

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna