Claude Lanzmann

Erbiak ez du gehiago korrika eginen

Joan den mendea zeharkatu duen zinema zuzendaria, kazetaria eta idazlea hil da, 92 urtetan; Deuseztatze esparruei buruzko 'Shoah' dokumetal monumentala utziko du, historia egin duen obra.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Le lievre de Patagonie (Patagoniako erbia, Gallimard) izenburua eman zion bere oroitzapenez josi zuen liburuari. Erbia, beti mugimenduan, beti korrika ari den animalia baita. Hala zebilen Claude Lanzmann ere (Paris, 1925). Erbia, Birkenauko deuseztatze esparruen alanbre horzdunen azpietatik ihes egitea lortzen zuen animalia ere bazen. Alanbre horzdun gaindiezinak jendeentzat. Serbiako oihanetan ere ikusten zituen erbiak. Eta, azkenik, halako ebidentzia baten gisa agertu zitzaizkion Patagonian, bere autoaren argipean, 70 urte zituela. Erbiak hor ikustean, halako «poz basati» batek harrapatu zuen, «20 urte banitu» bezala. Ehun bizi bizi bakarrean bizi izan dituen Lanzmann 92 urtetan zendu zen, atzo. Shoah dokumental monumentalaren bidez Europako zinemagintza eta baita historia ere markatu duen kazetari, idazle eta zinema zuzendaria izan da.

Ehun bizi, eta beste hainbeste bizitzeko prest Lanzmann.«Bizitza asko maite dut» berretsi zuen BERRIAk 2011n egin zion elkarrizketan. Mila urte bizitzeko aukera izan balu gustura biziko zituela ere errana izan du. Horretan ez omen zen ados Simone de Beauvoir idazle eta filosofoarekin. Beauvoirrek pentsatzen baitzuen memento baten buruan jendea enoatzen zela. Zortzi urtez izan zen Beauvoirren maitale Lanzmann. Jean-Paul Sartre filosofo eta idazlea ere lagun mina izan zuen. Beste lagunen artean, Frantz Fanon psikiatra, filosofo eta idazlea ere izan zuen. Hark zion Sartre aurkeztu.

Horrelako biziak badira, zeinak adiskideen zerrendakberak anitz irudika baititzake. Lanzmannen kasuan, halere, ezin erran bakarrik lagunak izan zituela. Haserretzen zen usu. Kontrolaezina, jasanezina, neurrigabea: adjektibo horiek ere balio dute deskribatzeko pertsonaia.

Ideien aldetik, II. Mundu Gerratik bertatik, 18 urte zituela, erresistentzian sartu zen, gazte komunistetan sartzearekin batera. Ondotik Aljeriako independentziaren alde egin zuen Lanzmannek. Torturaren aurka ere engaiatu zen. Kolonialismoaren kontrako militante izan zen. Israelen alde ere egin zuen. 1973an, bere lehen dokumentala izan zuen Pourquoi Israel (Zergatik Israel). Kolonialismoaren aurka eta Israel defendatzea «kontraesanik gabe» bizi izan zela erran izan du. «Juduen auzia hezurretaraino sartua dut», erran izan du.

Eta horra, beraz, 1985ean, monumentua. Shoah filma. Zinema aretoetara iristen den mementotik txoke bat da. Txoke bat, gaur egun arte. «Ni hilko naiz; nire lanek iraungo dute. Luze hitz egingo da haietaz», zuen bere esplikazioa.

Eta horra Shoah filma. 1985ean estreinatua. Hamabi urte hartu zizkiona. 300 oren filmatuak. Bederatzi ordu eta erdiko dokumentala azkenean. Eta baita gehiago ere. Hari beretik tiraka beste film andana bat egin baitzuen. Azkena aurten berean pantailaratua. Les quatres soeurs (Lau ahizpak). Ahots femeninoak, jadanik agertzen direnak Shoah filmean, baina hemen luzeago.

Detaileen bidez genozidioaren prozedura eta existentzia bera berresten duen filma izan da Shoah. Memoria kolektiboak gerla ondotik partez baztertu zuen genozidioa. Sei milioi pertsonen deuseztatze industriala. Filmean nola galderari erantzuten ahalegintzen da, zergatik galderari baino gehiago. Ez du artxiboko irudi bakar bat erabiltzen. Filma osoki orainean du egina. Lekuko zuzenen hitza du oinarri bakar: «Egiaren haragitze bat da. Zientziak gauzak aseptiko bihurtzeko duen gaitasunaren alderantzizkoa», idatzia izan du egileak. Lekukoak, gas ganberetan aritu zirenak, naziak, poloniarrak dira. Paisaiek krimena gogora ekarrarazteko duten gaitasuna ere erabiltzen du filmean.

Estetika bat. Horrela esplikatu zuena BERRIAn: «Behin zerbait eginez gero, hobe zerbait ederra egitea. Shoah oso film konplexua da, sotila. Badira oso plano ederrak. Edertasunak inporta du. Agerikoagoa egiten du izugarrikeria. Auschwitz ez da gune ederra. Gas ganberetarantz doazen giza irudiak ageri dituen igeltsuzko maketa bat filmatzea ikaragarria da. Negu hotzean oso panoramika motel eta perfektua egin genuen hor, eta eskuak ezin du dardararik egin. Hori da film bat egitea. Hori da zorroztasuna. Gauza bera dira etika eta estetika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.