Eguneroko literatura Habanan

Sarrionandiak testu laburrez osatutako saiakera bat kaleratu du: 'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?'. Urtarriletik ekainera bitartean idatzitako gaukaria da, eta idazlearen gaurko gogoetak biltzen ditu
Ezkerretik eskuinera, Dana Moya kantaria, Joxemari Iturralde idazlea eta Ander Lipus aktorea, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.
Ezkerretik eskuinera, Dana Moya kantaria, Joxemari Iturralde idazlea eta Ander Lipus aktorea, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko abenduak 4
«Nondik idazten duen, zertaz, norat, zeren inguruan ari den irakurtzen». Horiek dira Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958) lan berrian agertu dituenak, horiek Bizitzea ez al da oso arriskutsua? «saiakera oso berezia» egin dutenak. Hala azaldu du Joxe Angel Irigarai Pamielako editoreak. Eta aipatu du beste berezitasun bat ere: 1985ean kaleratutako Ni ez naiz hemengoa saiakeraren ildotik dator, bai formaz eta bai edukiz. Orduan bezala, idatzi laburrek osatzen dute liburua, askotariko gaien inguruan gogoeta sare bat ontzen dutenak. «Gogoeta mamitsuak, gaurkoak, atenporalak, betikoak... Gurekin, besteekin eta bere buruarekin zerikusia dutenak». Atzo aurkeztu zuten, Donostian, eta Irigarairekin batera aritu ziren idazlea gertutik ezagutzen duten beste hiru lagun ere: Joxemari Iturralde idazlea, Ander Lipus aktorea eta Dana Moya kantaria. Liburuko zenbait pasarte irakurri zituzten azken biek, Moyaren kantuak tartekatuta.

Lanaren nondik norakoak Iturraldek aletu zituen. Liburua hobeto ulertzeko, bi zutaberen gainean jarritako «arku bat» irudikatzeko eskatu zuen: zutabeetako batean, liburu aurkeztu berria jartzeko, eta, bestean, duela hogeita hamar urte baino gehiago espetxetik idatzitako Ni ez naiz hemengoa. Azalpena ondotik: «Arku batek zirkunferentzia erdia osatzen du; beste erdia falta zaio zirkulu osoa betetzeko. Orain imajinatu arku horren azpitik denbora pasatu dela, eta Joseba Sarrionandia ere pasatzen ari dela». Pausa bat. «Honekin, esan nahi dut bi liburuen artean antzekotasunak eta desberdintasunak aurkituko ditugula».

Galdera bat eraman du izenburura Sarrionandiak, eta azken urteetan halaxe ari dela ohartarazi zuen Iturraldek; Moroak gara behelaino artean? (2010) eta Hilda dago poesia? (2016), kasurako. «Garai batean ez zituen galderak egiten; segurtasun osoz ipintzen zizkien izenak bere liburuei: Izuen gordelekuetan barrena (1981), Ni ez naiz hemengoa (1985), Ez gara gure baitakoak (1989), Kolosala izango da (2003)...». Idazlea denboran aurrera doan seinale da, Iturralderentzat. «Esan nahiko du, baita ere, lehen aipatutako arku hori gurutzatzen ari dela».

Berdin politikaz ala musikaz

Azpititulua darama lanak: Habanako gaukaria. Eta bi hitz horietan dira liburuaren «gakoak», Iturralderen ustez. Batetik, Habanako. «Arkuaren lehen zutabean zegoenean, ezin zuen horrelakorik aipatu. Batzuetan, kartzela aipatuko zuen, eta, beste batzuetan, ezertxo ere ez». Egun, idazlea non den jakina denean, Habana hiriko bizimodua inoiz baino argiago kontatu du egileak. Eta gaukaria, bestetik: «Literaturgintzan zenbait gauza esan nahi du; gauean idatzita dagoela, gaueko ametsei buruz idazten dela, nahiz eta gauean idatzi egunez bizi diren irakurleei dagoela eskainia, eta abar».

Erdi gehiago ere aipatu zituen Iturraldek aurkezpenean. Liburua aurkezterakoan, argi zen Euskal Herrian, baina ilun Habanan. «Gu hemen bizi gara; idazlea, munduaren beste erdian; hori da asmoa, erdia argi, erdia ilun, erdia egun, erdia gau». Eta azken erdi bat: liburua urteko lehen egunarekin hasten da, baina ez du urte osoa hartzen, ekainera artekoa baizik.

Hitzaurrean, liburuaren «intentzioa» literarioa dela idatzi du Sarrionandiak. Eta Iturraldek galdera: «Moroak gara behelaino artean? eta Lapur banden etika ala politika liburuena, ordea, ez al zen horrelakoa?». Liburu haietan, Iturralderentzat, asko zegoen politikatik eta soziopolitikatik, baina bazen literaturatik ere. Berdin sumatzen du oraingoan ere.

Edonola ere, honetan bada aurrekoetan erakutsi ez duen alderdi bat. Aipatzen ditu atxiloaldia, torturapeko egunak, ihesean zebileneko sasoia. Baina aurrenekoz aipatzen du eremu hurbilena; familia, seme-alabak, Kubako lagunak. «Pertsona zehatzak, datu konkretuak... gertu-gertukoak aipatzen ditu; orain arte ukitu gabe zegoen alde bat ukitzen du».

Gaukari bat izanda, zabala da gaitegia, eta gustuko kultur lanez, zinemaz eta musikaz ere ari da Sarrionandia. Baita historiaz ere; batik bat, Euskal Herriaren eta Kubaren arteko loturez eta Euskal Herriko gorabehera politikoez. Berau «gertu-gertutik» jarraitzen duen isla da liburua, Iturralderen iritziz. Zera dio, esaterako, kontakizunaren eztabaidaz: «Errelatoa? Esperantza berriak zabaldu ordez, itxitako zikloaren trauma eta derroten errelatoan jartzen da indarra». Gogoeta horietan, «eztenkada politikoak» sartzen dituela azaldu zuen Iturraldek, herritarrak «akuilatzea» bilatzen duten eztenkadak. Horietako bat irakurri zuen: «Jendearen naziotasuna kalkulatzeko orduan, zein alderdiri botoa ematen dion baino gehiago, jendea zein komunikabideri lotuta bizi den jakin behar da».

Izenburuko galdera berarekin hasten eta bukatzen da liburua; Joao Guimaraes Rosa Brasilgo idazleari hartu diona: «Bizitzea ez al da oso arriskutsua?». Erantzun «erraza» ezezkoa litzateke Iturralderentzat, baina baietz erantzungo luke irakurle «aktibo» batek. Idazleari ardura ez diolakoan dago, baina. «Apustua egingo nuke Joseba Sarrionandiari berdin zaiola irakurle aktibo batek bai erantzuten badu edo ez erantzuten badu, kontua ez baita bai ala ez erantzutea, baizik eta zer egiten dugun bai erantzutean, edo zer egiten dugun ez erantzutean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna