Ahoskatutako indarkeria

Uxue Alberdik hamabost emakume bertsolariren testigantzak jaso ditu 'Kontrako eztarritik' saiakeran. Haien bertso jarduna mugatzen duten 22 mekanismo identifikatu eta izendatu ditu egileak
Onintza Enbeita, Ane Labaka, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Eli Pagola eta Ainhoa Agirreazaldegi, atzo, Donostian.
Onintza Enbeita, Ane Labaka, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Eli Pagola eta Ainhoa Agirreazaldegi, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Mikel Lizarralde -

2019ko martxoak 5
«Emakume modura irakurria izateak eragin al dizu? Eta eragin badizu, nola eragin dizu bertsotan egiteko orduan?». Galdera bakarra hamabost solaskiderentzat. Erantzunak, aldiz, hamaika. Askotarikoak. Aukera eman diote Uxue Alberdiri (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten 22 mekanismo identifikatzeko. Kontrako eztarritik saiakeran (Lisipe, Susa) zerrendatu ditu patroi horiek, eta, haien inguruan teorizatzeaz gain, bertsolarien beraien testigantzak bildu ditu jarraian, mekanismo horien lekukotza emateko.

Amaia Agirre Arrastoa, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Maialen Akizu Bidegain, Miren Amuriza Plaza, Maider Arregi Markuleta, Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antia, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran, Ane Labaka Maioz, Alaia Martin Etxebeste, Eli Pagola Apezetxea eta Jone Uria Albizuri. Guztiak dira gaur egun plazetan kantatzen duten bertsolariak, eta, alde horretatik, beraiek dira «subjektu» liburu osoan. «Garai diferenteetan plazaraturiko bertsolarien ahotsak biltzen saiatu naiz, ahalik eta adin tarte zabalena barnebiltzen, eta jende aurreko esperientzia luzea edo esanguratsua izan duten bertsolariak jasotzen. Lagin esanguratsua da, eta lagin horrek jasotzen du emakume bertsolarien kontakizuna, denen artean josten dutena».

Horren harira, Alberdik uste du testigantzek bertsolaritzaren eremuan gertatzen ari den eztabaidaren «tenperatura» ematen dutela. «Bizi-bizi dagoen debate baten erdian dator liburua, bertsolaritza bere burua birpentsatzen eta berregiten ari den unean». Hain zuzen, liburuaren egileak ondorioztatu du emakumeek genero borroka erdigunera eramaten jakin dutela eta artikulatuta daudela: «Harkaitz Zubirik zioen [Bertsozale Elkarteak bultzatutako Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa-ren egileetako bat da] tentsio horri emango zaion erantzunaren araberakoa izango dela bertsolaritzaren etorkizuna».

Kontrako eztarritik-en bildutakoak «tresna analitiko baten zirriborroa» izan nahiko luke, Alberdiren iritziz, «emakumeen bertsolaritza azpiratzeko mekanismoetan errepikatzen diren patroiak bistaratuko dituena».

Bertsolariekin izandako solasaldietan, Alberdik 22 patroi edo mugatze mekanismo identifikatu eta izendatu ditu, eta, horiek azaltzeko, bertsolaritzatik kanpoko eremuetan egin diren ikerketa eta gogoetetara jo du, batez ere literaturaren eta artearen esparrura. «Ez gara hau bizitzen edo pentsatzen lehenak».

22 mekanismo horien artean daude, besteak beste, akatsa barneratzea; itxuragatik epaituak izatea; desexualizazioa, deserotizazioa eta desgorpuztea; hipersexualizazioa eta heteroaraua; gutxiespena; bazterkeria, ikusezintasuna eta gizonen arteko aliantzak. «Nire lana izan da, hitz egiten zidatenean, identifikatzea esperientzia horiek zein zapalkuntza edo zein mekanismorekin lotzen nituen nik. Saiatu naiz libre hitz egin zezaten, eta konta ziezazkidaten beraien bizipenak eta sentipenak, eta ondoren ematen nik horri kategorizazio bat». Alberdik Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuaren egiturari jarraitu dio, nolabait, liburua antolatzeko orduan: «Asko gustatzen zitzaidan elkarren atzetik jarritako testigantzek, autoreak ezer esan gabe, elkarrekin osatzen zuten istorioa. Protagonistek elkarrekin hitz egiten dute, nahiz eta ez diren aurrez aurre egon. Nik jarri ditut hurrenkera batean, istorio bat edo beraien arteko elkarrizketa hori sortzeko».

Hala, irakurleak bertsolaritzari buruzko aspektu berriak topatuko ditu. Alberdiren ustez, bertsolari izatea zer den berriz pentsatzeko balioko du liburuak: «Alderdi teknikoak, korporalak, sozialak, kontestualak, estetikoak, tematikoak, emozionalak eta ideologikoak txirikordatzen dira etengabe». Eta horri guztiari lotuta, gorputzak garrantzi handia du liburuan, emakume bertsolarienak «gorputz publikoak» direlako. «Askotarikoak izan arren, emakume bertsolarien gorputzek emakume gorputz generikoarekin dialogatzen dute inguruko gorputz errealekin adina».

Indar kolektiboa

Liburua prestatzeak eta idazteak balio izan dio Alberdiri lehendik ere bazekien zerbait baieztatzeko: «izugarrizko indarra» dagoela emakume bertsolarien artean. «Konturatu naiz zenbat gustatzen zaien bertsotan egitea, eta zenbaterainoko garrantzia duen beraientzat bertsolaritzak».

Aldi berean, alderdi deserosoak azaleratzeko ere balio izan dio liburuak: «Ez da lan erosoa. Biolentzia ahoskatu egiten da. Horrek hunkitu, inpaktatu eta amorratu nau. Bertsolari batzuk, intermitenteak deitu ditudanak, Ainhoa Agirreazaldegi edo Miren Artetxe, bertsolaritza utzi edo isildu ziren momentuan ez ziren kontziente erabaki hori hartzen zutela, gauza bategatik edo besteagatik, ezin zutelako jasan beraien gainean pilatzen ari zen pisua. Kontzientzia feminista bat hartzea eta ondoko emakumeekin artikulatzea izan da bidea berriz ere beste toki batetik abiatzeko».

Era berean, liburua orain ateratzea «indar kolektiboaren» isla ere badela uste du. «Orain dela 5-10 urte ezinezkoa zatekeen, bertsolariek beraien testigantzak emateko pausoa eman dutenean izan da talde baten parte sentitu direlako. Zentzu bat ikusten diotelako hau egiteari eta momentu honetan egiteari. Hori dator elkarrekin eraikitako konfiantzatik. Konfiantza hori eraiki da elkarrekin egonez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna