Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hizkuntza gara

2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hiru erreportaje gomendagarri geratu ziren —gutxienez, beste askoren artean seguru asko—, komentatu gabe joan den asteko ekografietan, eta gaurkoa horiek laburki bada ere aipatzeko erabiliko dut, nahi duenak oraindik ere ikusgai baitauzka: ETB1eko Itxi liburuak saioak ikurrinaren historiari eskainitakoa, saioaren itzulerako lehena; Berria TBren Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena; eta ArteTV frantses-aleman kanalaren Dans les vallées du Leon résonne une Espagne millénaire.

Itxi liburuak saioan, Iñaki Artola pilotaria hautatu zuen laguntzaile gisa Gaizka Arangurenek ikurrinari buruzko lezioa emateko. Artolak emanaldiaren aurretik, Eztabaidan saiorako etxetik hitz eginez, Klaudio Landari iragarri zion moduan, ikurrinari buruz gutxi genekien ikusleek asko ikasteko aukera izan genuen, eta asko zekitenentzat ere izango zen seguru asko jakitekorik. Saioaren izenburuak jaso du kritikarik —liburuak ixtera gonbita duelako—, eta lezioa entretenigarri izateko erabiltzen diren trikimailu batzuk artifizial samarrak gertatzen dira, baina saioak txukun betetzen du berez oso zaila den zeregina, gai historikoak modu atseginean gerturatzea ikusleari. Berri pozgarria da saioa pantailara itzuli izana.

Berria TBk Zaldibarko hondamendi tragikoari eskainitako dokumentalak, agintarien eta zabortegiaren arduradunek kasu lazgarri horretan duten erantzukizuna salatzeaz gain, hondamendiak eragindako giza tragediaren neurria ematen du, hondamendi hartan hildako bi langileetako baten alabaren adierazpenen bidez; soseguz mintzo da Nahia Sololuze saio osoan zehar, baina aitaren heriotzak eragindako samina agerian duela une oro. «Niri aita eroan egin didate, ez da bera joan», dio une batean.

Izenburuak halakorik ez iragarri arren, patsuezua du gai nagusi Dans les vallées du Leon résonne une Espagne millénaire dokumentalak, asturieraren aldaera bat, Leongo probintziako Babia eskualdean mintzatua; Riolago, Torrestio eta Torrebarrio herriak aipatzen dira, besteak beste, Arte TVko dokumentalean. Galzorian dago, baina bada eutsi nahi dionik, kantuen eta poemen bidez besteak beste. «Hizkuntzak dena kontatzen du, hizkuntza gara», dio horietako batek, Silvia Aller Gonzalez poetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.