Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Fikzioaren errealitatea

2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga aurkitzea zaila egiten da batzuetan. Aktualitatea hizpide hartzen denean, sortzaileek oso zaila izaten dute beraien kontakizuna eta albistegietan ikusten ari garenaren arteko bereizketa egitea. The Good Fight telesailean, esaterako, fikzioak errealitatearekin bat egiten du askotan. Politika arloko telesailek zailtasun hori izaten dute, eta horrekin maisuki jokatzen duten gidoigileek lan apartak idazten dituzte. Ikusleek horiek gozatzeko aukera bikaina dugu.

Diego San Jose eta Victor Garcia Leon gidoigileek 2019. urtetik daramate Juan Carrasco pertsonaiaren bizitza asmatzen. Carrasco Logroñoko politikaria bat da, eta bere ibilbide ustelak alderdi desberdinetako politikarien antza susmagarria duela esan dezakegu. Igandean Venga Juan telesailaren azken kapitulua jarri zuten HBO Maxen. Atal hori Pilar Palomerok zuzendu du, Las Niñas filmaren zuzendaria. Bertan, Juan Carrasco eta bere laguntzaile Macarena Lombardoren arteko harremana ulertu dugu. Amaiera bikaina izan dela iruditu zait, eta telesailaren eta pertsonaiaren gauza asko ulertu ditugu maisuki egindako kapitulu horri esker.

Azken denboraldi honetan, Carrascoren azken urteetako ekintzen ondorioak ikusi ditugu, eta haren inguruko ustelkeria auziek bere burua arriskuan jarri dute. Politika utzi ostean, enpresa energetiko batean lan egiten ikusi dugu, baina bere inguruak traizioa egin dio. Juanen ondoan Victor eta Macarena egon dira beti, eta denboraldi honetan ere bere abentura kide izango dira. Juanen une txarrenak ikusi ditugu, negarrez ikusi dugu eta beldurra izan du une askotan. Victor eta Macarenaren laguntzarik gabe, galdua zegoen Juan eta azken unean, Macarenak ahal izan duen bezala lagundu du.

Juan Carrascoren sentimentuak azaleratu dira denboraldian eta bere alabarekiko duen maitasuna ere ikusi dugu. Politikari ustel eta traketsa da Juan, baina bere bihotz ona agerian utzi digute San Josek eta Garcia Leonek.

Javier Camara aktorearen lana aparta izan da berriro ere. Harekin Maria Pujalte egon da eta telesailerako ezinbestekoa izan da. Camararentzat Pujalte ezinbestekoa izan da, Juanentzat Macarena den bezala. Espainiako politika hain ondo islatzen duten telesail gutxi daude gaur egun, eta halako gehiago behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.