Tuterako orburuak bakailao kokotxekin, pil-pilean

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iker Markinez.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT

12 orburu.
Kilo erdi bakailao kokotxa.
Oliba olioa.
Gatza.
Baratxuria.
Irina.
Kaiena piperra.

1. Lehenik, orburu freskoak prestatuko ditugu. Lapiko handi batean, ura erdiraino bete, bi koilarakada irin gehitu, eta ondo nahastu. Gatz pittin bat bota, eta sutan jarri irakin arte. Bitartean, orburuak zuritu; txortena moztu gabe zuritu. Orburuaren punta moztu pare bat zentimetro zabal. Ondoren, ur irakinetan sartu, eta bertan irakin hogei bat minutuz. Gorde.

2. Ondoren, lapiko zabal batean, oliba-olio txorrotada bat bota, lapikoaren azalera osoa ondo estaliaz. Baratxuri aleak txiki-txiki xehatu. Lapikoa su motelean jarri, eta baratxuriak gehitu; kaiena piperra osorik gehitu. Kokotxak gatzatu, eta, baratxuria dantzan hastean, kokotxak banan-banan lapikoan jarri, azala gora begira dutela.

3. Sua ahalik eta motelen jarri, eta lau bat minutuz kokotxak erregosi; ondoren, lapikoa sutik kendu.

4. Pil-pilaren prestaketan, pazientzia dugu osagai nagusia. Izan ere, lapikoa mugitzen hasi aurretik, 15 bat minutuz, atsedenean utzi behar dugu. Atseden hori beharrezkoa da olioa tenparatura egokienera iritsi dadin. Kokotxek barruan duten gelatina askatzen laguntzen du tenperatura horrek, eta gelatina horrek erraztuko digu pil-pil on bat lortzea.

5. Beraz, kokotxak zartaginean atsedenean ditugun bitartean, orburuak lapikotik atera, erditik moztu, eta labeko erretilu batean jarri; denak txukun errenkadan. Oliba-olio txorrotada bat bota, eta labean sartu, 200 gradutan. 15 bat minutuz eduki.

6. Denbora hori pasa ostean, heldu kokotxen lapikoaren bi kirtenei, eta, poliki-poliki, lapikoa mugitu, mugimendu borobilak eginez. Ikusiko dugu nola pil-pil saltsa ligatzen eta loditzen ari den. Pil-pila lortzean, eta mahaira zerbitzatu aurretik, berriro su motelean berotu lapikoa. Ondoren, labeko erretilua atera, eta plateretan banatu orburuak, bakoitzaren gainean kokotxa bat jarri. Azkenik, pil-pilaz busti.

Plater edo pintxo modura, fina eta berezia geldituko zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.