Narrazioa

Linburi

Asier Serrano Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1975ean, eta EH Sukarra taldeko letragile aritu zen 1990eko lehen urteetan. Literatur munduan, Lubaki Bandako kide gisa eman zuen bere burua ezagutzera. Bada hiri gorri bat (1997) poemarioa izan zuen lehen liburua. Poesia idatzi du batez ere, baina nobelak eta narrazioak ere eman ditu. Hainbat sari jaso izan ditu lanongatik. Azkenak, iaz: Euskadi saria Linbotarrak poema sortagatik, eta Irun Hiria saria Denen mina da nirea poema sortagatik.

Asier Serrano
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Gobernadorearen hatsa zorioneko edo zoritxarreko bala galdu bakarrarekin ahitu ostean jarri zioten izen berria Abisaliako hiri gorriari: Linburi. Hiriburua izen berezi horrekin bataiatzearena kasualitate kontua izan zen kasualitateari egozten baitizkiote akats administratiboen segida ohikoak zerutiar izan gura luketen lurtarrek. Inongo adorazio zantzurik edo errespetuzko jarrerarik erakutsiko ez zuen ekintza isilean, hiriko enparantza nagusian, jendaurrean, publikoan erre ziren gobernadorearen hezur eta bandera zaharrak errepublika aldarrikatzeko keinu etsigarrian. Euri gorria ari zuen, eta errausketa eternal hura azkartzeko, udaletxeko funtzionario izatea amesten zuen zaldizko poliziaren gorotz-biltzaile ofizialak papertxoz mukuru zetzan kartoizko kutxa bota zuen sutara nahigabe. Gorotz-biltzaile goranahiak ezin asmatu zezakeen papertxoak hiri gorriari izen berria emango zioten diktadura bariko gobernurik orduraino bizi izan ez zuten haurrek proposatutako izenak zirela. Zoriak aukeratu behar zuen izendegi haietako baten artean bat, baina zeremonia buruak ebatzi zuen bildutakoen etorkizuneko jentilizioa protokolo-hauste inprobisatu eta behartuan. Linbo-egoeraren limuriak edo linbo-giroaren limuriak eraman zuten koitadua ataka hartan hiru silabak ozen ahoskatzera: LINBURI. Txalo zaparradak baino euri-atabalak mututu zituen bertaratutakoen artean egon zitezkeen izen berriarekiko desadostasun bozak. Hala bedi. Eta hala bedi Linburi aurkeztua, eta halako martxa arrotz eta geldoan segitu zuen Abisaliako hiriburuaren ahalduntze ahulak. Iragan gobernuak debekatutako elkarte eta erakundeei iritsi zitzaien gordeka aritu gabe kalera atera eta nabarmentzeko tenorea, eta elkarren intentzioen berri izateko demasekoa izan asmo zuen juntadizo bat antolatu zuten Linburiko futbol zelaian, baina aldirien arteko txapelketako finalaren laurogeita zortzigarren minutuan zakil erraldoi bat loratu zenez zelaiaren erdian inork argitzerik lortu ez zuen kausaz, eta horrelako gertakari bitxi batek eskatzen zituen ikerketa sakonei enbarazurik ez egite aldera, nahiago izan zuten lekuz aldatu eta hiriko frontoira pasa batzarra. Kolektibo askotariko kidez lepo bete zen frontoiko bi hormen eta harmailen arteko espazioa. “Linburiko heroi urbanoen lehen biltzarra— izena eman zioten ekitaldiari, eta bertan ziren diktadura garaian zinez heroi izan zirela uste zuten aktibista engaiatuak: ibaiaren hondotik ezkontza-eraztun herdoilduak arrantzatzeko erlojuen orratzak birziklatzen zituzten elkartekoak; planeta karratuak inprimatuak zituzten zigiluak soilik onartzen zituzten bildumatzaileak; labezomorroak akabatzeko aerosolen gas-maitaleak; gramatika liburu osoak buruz ikasi eta ikasitakoa segidan ahazteko gaitasuna landu zuten matematikarien forokoak; udara negu apur batez janzten zekiten diseinatzaileak; heriotza iritsi baino hamabi minutu lehenagora arte sexurik ez izatea zin egin zuten LGBTQ mugimenduko kideak; hiru hankako aulkiak maila desberdinetan zerratzen zituzten arotzen gremiokoak; portzelanazko pinguinoei ahotsa jartzen zieten sabeliztunak; mamut erregosiaren kofradiakoak; intimitatean txorimaloz mozorrotzen ziren eguraldi iragarleak; ariak beti do maiorrean hasten zituzten konposatzaileak; plastilina irensten zuten fakir agnostikoak; mendi-trizikloaren klubekoak; inoiz kapitalismoaren legeak ukatu zituzten pentsiodunak; azken euskaldunaren burezurraren adoratzaileak; eta poetak. Denak, ordura arteko ezkutukoak eta bazterrekoak, ezkutatutakoak eta baztertutakoak, denak bildu ziren aniztasunaren festa eder horretan. Denek izan zuten diktadura garaian bizi izandako bortxazko jazarpenaren berri emateko abagunea. Denek egin zuten negar, eta denek egin zuten barre. Denek hartu zuten ospakizun egun hartatik eta lau urtera Linburiko lau ertzak giza kate batez lotzeko konpromisoa. Denen esku zegoen Abisaliako etorkizuna. Gaur da hitzartutako egun hura, eta lotsaz bada ere, diskrezioz beti, nire logelako leihoko errezela apur bat baztertzen dut. Emakume batek besoak zabalik noraezean gurutzatzen du Linburiko etorbide nagusia. Justizia hitza oihukatzen die zuhaitz biluziei; eta mamuok ez diogu erantzuten. Urrunago, futbol talde ezagun bateko koloreekin jantzitako otso-saldo batek enparantzaren erdian loratu den zakil erraldoi bati egiten dio eraso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.