Borraja entsalada patata berri eta gazta xaflekin

BERRIA.
Iker Markinez.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT
3 borraja sorta.
4 patata berri.
Idiazabal gazta berria.
Perrexila.
2 baratxuri ale.
Ozpina.
Gatza.
Oliba olioa.
Piper gorri hautsa.

1. Patata berriak egosi, eta gero epeltzen utzi, zuritu, eta zati lodietan moztu. Gorde.
2. Borrajari hostoak kendu (hostoak beste baterako gorde ditzakegu), eta labana baten laguntzaz dituen iletxoak kendu. Makilatxoetan moztu, eta egosteko prestatu. Horretarako, lapiko bat urez bete, gatza gehitu, eta irakitean, borraja makiltxoak gehitu. Bost minutuz mantendu, eta atera; ur hotzetan ongi freskatu. Ondo iragazi eta gorde.
3. Ozpin-olioa egingo dugu gero: baratxuri aleak txiki-txiki moztuta ontzi batean jarri, perrexila ere xehaturik gehitu, eta bertara oliba olioa eta ozpina gehitu.
4. Platera osatzeko, patatak jarri plater erdian, gatz pittin batekin, borraja makilatxoak gainean, eta prestatu dugun ozpin olioarekin dena ongi busti.
5. Bukatzeko, gazta xafla batzuk gainetik zabaldu (xafla finak lortzeko, barazkiak zuritzeko dugun tresna erabil dezakegu), eta, azken ukitua emateko, norberaren gustura, piper gorri hautsa pixka bat ere gainetik bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.