Kantauriko antxoak plantxan, galiziar ukituarekin

JON URBE / FOKU.
Iker Markinez.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
OSAGAIAK4 LAGUNENTZAT

24 antxoa handi.
Pipermorroa.
3baratxuri ale.
2 dozena Padrongo piper.
Piper hauts gorria.
Oliba olioa.
Ekilore olioa.
Gatza.

1. Lehenik pipermorroa labean erreko dugu; horretarako, labea 200 gradutan berotzen jarriko dugu. Beroa dagoenean, erretilu batean, pipermorroa osorik ipiniko dugu, olio tanta batekin; hogeita bost bat minutuz erreko dugu. Ondoren, erretilutik atera, eta, epeltzen utzi ondoren, azala eta haziak kendu, eta tira luzeetan moztu.

2. Orain, antxoak garbitu, eta hezurra kendu, baina kontuz, isatsa moztu gabe. Beraz, antxoak zabaldurik geldituko zaizkigu, baina bukaeran isatsa mantenduz.

3. Hiru baratxuri aleak zuritu, eta ongi xehatu. Zartagin batean, oliba olio txorrotada batekin berotzen jarri. Gorritzen hasi aurretik, zartagina sutik aldendu, eta baratxuria bertan utzi, berotasunarekin egiten joan dadin. Horrela, baratxuri aletxoak ez dira erreko.

4. Padron piperrak frijitzeko, zartagin edo lapiko txiki batean, ekilore olioa ipini, eta, ongi beroa dagoenean, piperrak bertara gehitu; Gernikakoekin egiten dugun bezalaxe. Ondoren, sukaldeko papera dugun erretilu batera atera, olio soberakina kentzeko. Eta gatz lodia bota.

5. Zartagin zabal bat ongi berotu, eta antxoak seinaka plantxa modura frijituko ditugu. Baina adi: bakarrik azalaren aldetik pasako ditugu zartaginetik. Zartagina oso beroa dagoenez, azala karraskatsu geldituko zaigu, eta, finak direnez, haragia ondo egingo zaigu. Gauza bera egin gero antxoa guztiekin.

6. Erretilu zabal batean antxoak jarri, azala gora begira dutela, ongi lerrokatuta. Pipermorro tirak plateraren erdian jarri, eta azkenik, ozpin txorrotadatxo bat eta gatz pittin bat bota antxoen gainean. Ondoren, aurretik prestatu ditugun baratxuri xehatuak olio pixka batekin antxoen gainetik isuri, koilara baten laguntzaz. Eta ondoren, Padrongo piperrak plateraren inguruan ipini.

7. Galiziar ukitua emateko, nola ez, piper hauts gorria ongi zabaldu plater guztiaren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.