Aurten ez da bestarik izanen

Gaur arratsean hasi beharko ziren Baionako bestak, baina, COVID-19ak sortutako osasun egoeraren ondorioz, ospakizunak bertan behera uztea erabaki du Baionako Herriko Etxeak. Pirinio Atlantikoetako Prefeturarekin batera, neurri zorrotzak hartu dituzte «gehiegikeriarik ez izateko».

Erabat hesitu dute Baionako herriko etxe aitzineko plaza. Besten irekitze ekitaldiaren karietara, milaka lagun bildu ohi dira urtero asteazken gauean. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Epaiska elkartearen atean, afixa bat: «Baionako bestak ezeztatuak izanki, Epaiska hetsia da uztailaren 29tik agorrilaren 2ra». Baionako ostatu eta jatetxe anitzen gainean ere ikus daiteke gisa bereko afixarik, Baionako Herriko Etxearen izenpearekin: «Aurten, Baionako bestak ezeztatuak dira; zu eta gainerakoak babesteko». Jean Rene Etxegarai auzapezak apirilaren hasieran aipatu zuenaurtengo besta astea zalantzan zela; uztail hasieran egin zuten ofizial aurten ez zela ospakizunik izanen. Iruñeko sanferminen garaia zen, eta batek baino gehiagok zioen Nafarroako hiriburuan gertatzen zena izanen zela hilabete bukaeran Baionan gertatuko zenaren aitzin-dasta bat. Ekitaldi gutxi batzuk atxikitzea erabaki zuten Iruñean; Lapurdiko hiriburuan, ekitaldi kultural guziak bertan behera utzi dituzte, eta murrizketa zorrotzak ezarri dituzte «gehiegikeriarik» ez izateko. Behin baino gehiagotan errepikatu dute hainbat ahotsek: aurten ez da Baionako bestarik izanen.

Urte normal batean, borborka egonen zen Baiona egun hauetan, besta noiz hasiko esperoan. Ostatuen kanpoaldeetan egurrezko barrak ezartzen ariko ziren langileak, tira ahala; banatzaileen kamioiak joan-etorrika arituko ziren, ostatu, jatetxe eta peñak hornitzen; agertokiak eta karpak muntatzen arituko ziren hiriko plaza eta belardi anitzetan, burdinaren kontra emandako mailu hotsen erritmoan. BERRIAren bulegoak, beste saltegi anitzen erakusleihoak bezala, egurrezko xaflaz babestuak izanen ziren, bestazale batzuen husteko beharrez eta bestelako funditzeez babesteko. Hiri erdian, traba egiten arituko ziren autoak kentzen arituko ziren garabiak; hiri kanpoaldeko belardietan, oihal etxolak agertzen hasiko ziren.

Aurten ez da halakorik izanen. Baionako Gazte Asanbladaren txosna eremuak ez du lekurik hartu Patxa plazan; Agusti Xaho plazan ez dute instalatu Laborarien Xokoa, eta ez da Karrikaldirik izanen Jacques Portes plazan. «COVID-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz, aurtengo bestak ezeztatuak dira, denen babeserako», berretsi du berriki herriko etxeak ohar batean. «Hain zuzen, koronabirusa dabil oraindik, eta eremu anitzetan agerraldiak areagotzen ari dira, horietako batzuk Baionatik hurbil. Edozein elkarretaratzek kutsatze arrisku handian ezarriko lituzke parte hartzaileak, eta birusaren hedapena erraztuko luke».

Ospakizunik izanen ez dela bermatzeko, segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte Baionako Herriko Etxeak eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Gaurtik igandera, debekatua izanen da eramateko alkoholaren salmenta 15:00etatik aitzina; gau eta egunez, debekatua izanen da espazio publikoan musika hedatzea, edozein modutara ere: izan karrikan ibiltzen diren musika taldeak, ostatu eta jatetxeetako terrazetako soinu sistemak, baina baita kanpotik entzungai liratekeen barneko bozgorailuak ere. Ostatu eta jatetxe guziek 23:00etarako itxi beharko dituzte ateak, eta peñak ez dira irekiak izanen. Baimendu gabeko tokian kanpatzea debekatua izanen da, eta kanpatzaileen autoak «sistematikoki» bahitegira eramanak izanen dira; gaizki aparkatutako autoei isuna emanen diete hiri guzian. Baionako besten garaian, halako tolerantzia bat egon ohi da normalean; aurten, ez.

«Udako garai hau babes neurrien errespetuan iragan behar da, eta ez da aitzakia izan behar herritarren osasuna arriskuan eman lezaketen elkarretaratzeak antolatzeko», adierazi du Baionako suprefetak. Nabarmendu du neurriak hartuko dituztela koronabirusaren aurkako osasun neurriak errespetatuak izan daitezen, eta baimendu gabeko elkarretaratzerik gerta ez dadin. «Segurtasun indarrak presente izanen dira: dispositibo berezi bat izanen da gehiegikeriei aurre egiteko. Hori ez da oztopo bat izanen edozein egunetan bezala Baionara etorri eta lagunekin edo familiarekin jatetxera edo ostatura joateko, urruntze neurriak errespetatuz». Etxegaraik ere ildo beretik jo du: «Polizia munizipala eta nazionala presente izanen dira, eta espazio publikoan gertatuko den guzia hertsiki zainduko dute». Urte guziz milioi bat pertsona inguru biltzen da Baionako bestetan; «hori erabat ezinezkoa da», Etxegarairen hitzetan. «Ez da bestarik izanen, baina, nahi eta nahi ez, bizitzak segituko du Baionan, eta ezin diegu gure bizi eremuko herritarrei elkartzea oztopatu, udako garai hauetan egin ohi duten bezala». Ostatuak eta jatetxeak ohiko jarduera atxikitzera deituak dira. «Ez dute zerbitzu berezirik eskainiko, eta ohiko eskaintza komertziala eginen dute, elkarretaratzerik sortu gabe», azpimarratu du suprefetak.

Itxiak, halabeharrez

Ostalari anitzek urteko irabazia egiten dute Baionako besten garaian, eta horri esker bizi dira gainerako hilabeteetan. Jatetxe anitzek, ohi bezala, erreserba andana zituzten aurten ere besten asterako hartuak, baina, ospakizunak ezeztatuak izanen direla baieztatu ahala, bertan behera gelditu zaizkie horietako anitz. Hala ere, «arduratsu» jokatuko dutela adierazi du Ramuntxo Dulongek. Les Pyrenees ostatuaren jabea eta Baionako ostalarien elkarteko burua da. «Bagenekien, eta elkarrekin erabakia genuen bestak ez zirela iraganen. Ez da Baionako bestarik izanen», adierazi du. «Proposatu digutena errespetatuko dugu. Funtsean, ez dugu hautu handirik izanen 23:00etako itxierari begira, baina zentzuzkoa da. Udako sasoia hor da, ekainetik berrabiatze ona izan dugu, eta iraila-urria arte segitu behar dugu, COVID-19a ez dela itzuliko espero izanez». Bere hitzetan, bost egunez «hertsiki» errespetatuko dituzte neurriak: «Terrazak eremuz zabaltzea ahalbidetu digute, eta erabiliko dugu. Baina zentzuzkoa da, funtsean, 23:00etatik aitzina bilakatzen baita kudeatzeko zailagoa. Onartu dugu; dena eginen dugu garbiki lan egiteko eta Baiona indar handiagoarekin itzul dadin heldu den urtean», gaineratu du. Urte bukaeran «beste gertakari bat sortzea» ere aipatu dutela aurreratu du, baldin eta osasun egoerak ahalbidetzen badu. Ez du zehaztu zer forma har lezakeen.

Heldu den urteari so

Ondoko urteari begira ari da Owen Lagadec Baionako Peñen elkarteko burua ere. «Aurten ez da bestarik izanen; heldu den urterako prestatuko gara», adierazi du. Ekainaren bukaeran, peña batzuek kideentzat bakarrik irekiko zutela zabaldu bazen ere, azkenean itxiak egonen dira. «Maila pertsonalean, errespetatzen dugu bestak ez egiteko erabakia, nahiz eta biziki erakargarria izan. Izan gaitezen arduratsuak», egin du aldarri. Lagadecen hitzetan, Baionako bestak ez dira «soilik edari salmenta; eduki kultural bat ere bada», eta hori ere ez da antolatua izanen gaurtik igandera. «Ez dugu inor arriskuan emanen, ez guhaur, ez eta gainerakoak ere. Krisia ez da bukatua», abisatu du. «Hiri honetan, ardura kolektibo bat badugu, eta peñek beren partea hartu dute: ez dira irekiak izanen. Batzuk karrikara ateratzen badira, jatetxe batean zerbait jateko izanen da, edozein herritarrek edozein asteburutan eta udan eginen lukeen bezala, baina ez du bestekin zerikusirik izanen». Baionako peñek elkarrekin hartu duten «erabaki kolektiboa» dela nabarmendu du. «Baina sinbolo indartsu bat ere bada, denak ildo beretik joan daitezen. Badakigu eragile garrantzitsuak garela Baionan; gure ahotsak eta erabakiek oihartzuna badute. Ostatu eta jatetxeak irekiak izanen dira, turismo sasoia delako, baina ez da eduki kulturalik proposatua izanen. Beraz, ez da bestarik izanen».

Lagadecek hitzeman du heldu den urtean izango direla bestak; «segur da ondoko urtean izango direla», azpimarratu du. «Besta tradizionalak dira; antolatuko ditugu, are eduki gehiagorekin. Urte bat saltatuko dugu, baina segur naiz heldu den urtean lehen basoak zapore berezia izanen duela; entzunen dugun lehen txarangak usain eta soinu berezia izanen du; eginen dugun lehen Dantzazpia bikaina izanen da. Urte bat da. Eta hemendik 10-15 urteren buruan gibelera begiratuko dugularik, erranen dugu merezi zuela aurtengoa bertan behera uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.