Panpinen madarikaziopean

Ostiralean hasiko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea Donostian, eta 50 film inguru erakutsiko ditu azaroak 6ra bitarte: genero horretako urteko ale nabarmenetako batzuk nahiz zenbait klasiko

Jon Insausti, Josemi Beltran eta Patxi Presa, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; erdian, aurtengo edizioaren kartela. IDOIA ZABALETA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zonbiak, amesgaiztoak, alegiazko pertsonaiak, eta, batez ere, panpinak. Panpina madarikatuak. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteak bueltan ekarriko du generoaren berezko unibertso hori ostiraletik aurrera Donostiara. Peninsula filmak (Yeon Sang-ho, Korea) emango dio hasiera, eta Mandibules (Quentin Dupieux, Frantzia) lanak itxiko du, azaroaren 6an. Biak Viktoria Eugenia antzokian izango dira, eta, tartean, fantasiazko zinemak aurten utzi dituen alerik aipagarrienetako batzuk, film luzeak zein laburrak, eta generoko hainbat klasiko emango ditu jaialdiak. Erakusketek eta bestelako egitasmoek hedatuko dute ikara eta dardara pantailetatik harago, eta, Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak esan duenez, baliteke kartelean ageri den Nino panpina ere hirian barrena agertzea, aurtengo protagonistetako bat dena.

Pandemiak eragindako ziurgabetasunak ere zeharkatu du jaialdia, eta, egokitzapenak egokitzapen, arduradunak pozik azaldu dira, egin egingo baitute. Hemezortzi film luzek eta 33 laburrek osatuko dute aurten egitaraua, eta programazio horrek berak aurrera egiten lagundu diela adierazi du Beltranek: «Maila handiko genero zinema baita aurtengoa, nazioartekoa». Sitgesko jaialdian (Herrialde Katalanak) saritutako lan «gehienak» erakutsiko dituztela, eta, film luze gehienak Europakoak direla zehaztu du. «Aurtengo proposamen interesgarrienak Frantziatik edo Hungariatik datoz, adibidez. Zuzendariberrienek egiten dituzte ekarpen berriak, generoarekiko errespetuz; La Nuéé [Just Philippot, Frantzia] edo Le Dernier voyage de Paul W. R [Romain Quirot, Frantzia] filmek, kasurako».

Quiroten zientzia fikziotik Tailgate-ren beldurrezko istoriorik «arruntenera» (Lodewijk Crijns, Herbehereak) zein Host-ek (Rob Savage, Erresuma Batua) erakutsiko duen ezohiko egoerara egingo du jaialdiak —konfinamenduan eta Zoom bidezko elkarrizketa batean sortzen da tentsioa lan horretan—. Umoreari ere egingo dio leku, Benni Loves You (Karl Holt, Erresuma Batua) eta Sky Sharks (Marc Fehse, Alemania) filmekin, esaterako, eta, horregatik, eskaintzaren «pluraltasuna» azpimarratu du zuzendariak.

Viktoria Eugenia antzokia eta Antzoki Zaharra izango dira jaialdiaren egoitza nagusiak. Eta Caye Casas zinemagilea, Desiree de Fez kazetaria eta Valeria Vegas idazlea izango dira epaimahaian.

Filmeko emanaldi bakarra

Sail Ofiziala da erakusleiho nagusia, eta, horrez gain, animaziozko film laburren eta Espainiako film laburren sailak ere prestatu ditu jaialdiak. Lehenengoaren barruan erakutsiko dituzte, besteak beste, Marc Riba eta Anna Solanasen Candela, Robin Jensen Farce, eta Coke Riobooren Mad in Xpain. Guztiak emanaldi bakarreko maratoian emango dituzte, azaroaren 2an. Eta berdin Espainiako film laburren sailarekin ere, hurrengo egunean. Hor sartu dituzte euskarazko hiru lan: Paul Urkijoren Dar-dar, Xanti Rodriguezen Ospel eta Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua.

Klasikoak Panpina madarikatuak deitu duten zikloan erakutsiko dituzte. Aurtengo karteleko Nino panpina aitzakiatzat hartuta, panpinak protagonista dituzten fantasiazko sei film emango dituzte: Attack of the Puppet People (Bert I. Gordon, 1958); Magic (Richard Attenborough, 1978); Freddy. Historias para no dormir (Narciso Ibañez Serrador, 1982); Child's Play (Tom Holland, 1988); Puppet Master (David Schmoeller, 1989); eta Dead Silence (James Wan, 2007). Lehen biak Tabakaleran erakutsiko dituzte, lehen aldiz jaialdiaren historian.

Jarduera osagarrien aldetik, bestalde, lau erakusketa izango dira Fantasiazko eta Beldurrezko 31. Zinemaren Astearen barruan. Horien artetik, Okendo kultur etxean jada ikusgai dago Topic Museoa: Alegiazko izakiak-i egin diote azpimarra bai Beltranek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Patxi Presak. Tolosako (Gipuzkoa) Topic museoko 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira, erdiak inoiz erakusgai jarri gabeak. Beste hiru erakusketak honako hauek dira: Sarima. Mundu magiko bat (Udal liburutegi nagusia), Fernando Mircala: Etorkizun dotorea (Kutxa Kultur plaza) eta Betiereko Juan Gimenez (FNAC).

Eta Javier Agirre zinemagilea omenduko dute, haren filmik garrantzitsuenetako bat programatuta: El gran amor del conde Drácula (1972). Mikel Pagadik beldurrezko zinemari buruzko bakarrizketa bat ere aurkeztuko du (Beldurted), eta Fanzineen gerra egitasmoarekin segituko dute.

Pandemiak eragindako azken neurriak tarteko, emanaldi guztiak 21:00etarako amaituta izateko moduan antolatu dute egitaraua. Izan ere, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak aurreratu du datozen bi hiletan ordu horretarako amaitu beharko direla kultur jarduera guztiak; hala erabaki dute Tabakalerak, Kursaalak, SADEk, Donostia Kulturak eta hiriko beste kultur eragile batzuek, Insaustiren arabera. Jaialdiko film guztiak, beraz, behin erakutsiko dituzte, eta sarrerak gaurtik aurrera jarriko dituzte salgai, Donostia Kulturaren web orrian. Urriaren 30etik aurrera, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan ere erosi ahal izango dira. Filmen zein beste jardueren inguruko xehetasun guztiak, berriz, jaialdiaren webgunean kontsultatu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.