Euskara eta estatugintza. Jardunaldiak Iruñean

Azurmendi:«Euskal nazio tradizionala desegina dago, eta ez gure errurik gabe»

Euskal nazioak ez du jakin modernitatera egokitzen, Joxe Azurmendi pentsalariaren ustez; asko galdu du, eta ez du galdutakoa konpentsatu

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Iruñea
2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Ez gara izan ginena, eta ezer berririk izatera ez gara iritsi». Horra Joxe Azurmendi pentsalariak euskal nazioaz aritzeko erabilitako hitzak. Hautsita dago euskal nazioa, Azurmendiren arabera. «Euskal nazio tradizionala desegina dago, eta ez gure errurik gabe». Ez du aro modernora egokitzen jakin, eta hor kokatzen du pentsalari zegamarrak gaur-gaurkoz nazioaren kontzeptuari egozten zaion definizio «ekibokoa». Hori guztia azaltzeko, Kristo aurreko V. mendera egin zuen bidaia Azurmendik atzo, Iruñeko Katakraken, Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldian. Nazioaren kontzeptu klasikotik abiatu zen gaur egungo euskal nazioaz aritzeko. Bere belaunaldiko hausnarketak plazaratu zituen, etorkizunekoek birpentsatuko dituztelakoan. Argi adierazi zuen: «Nik ez dut soluzio definitiborik».

Nahasia da nazioaren kontzeptua, pentsalariaren arabera. Esangura aldatu zaio historian, eta nazio estatuen sorreran nabari du hark aldaketa nagusia: «Estatuak absolutista bilakatu ahala, nazioaren jabe bihurtu dira». Nazioa eta estatua kontzeptuak berdintzea ekarri du horrek. Estatuek nazio bat indartu, hedatu eta aberastu dutelako. Eta batasuna lortzeko asmoz, historia, kultura, hizkuntza batasuna bultzatu dituzte.

Nazioaren ikuspegia goitik behera aldatu du horrek: «Politikoki eta administratiboki estatuarekin bat egiten duen hori da nazioa gaur-gaurkoz». Ondorio «tragikoa» izan du horrek estaturik ez duten nazioentzat. Tartean aipatu ditu Gales, Eskozia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria. «Estaturik gabe geratu diren nazioak beren nortasuna galduz eta urtuz joan dira».

Estatuek nazio kontzeptuaren erabilera interesatua egiten dute, Azurmendiren esanetan. Eta hor kokatzen du nazio kulturala eta politikoa bereizteko ahalegina. Kulturala litzateke etnikoa, arrazista eta irrazionala; eta politikoa, aldiz, liberala eta demokratikoa. Ona eta txarra den nazioen arteko bereizketa, alegia. «Nazio politikoa eta kulturala kontrajartzea akatsa da; estatuak bere nazioa defenditzeko egindako operazio interesatua da».

Nazioaren definizio bila

Norabide horretan, azaldu du autore askok azaltzen dutela Erdi Aroan ez zegoela euskal naziorik. Eta XIX. mendeko aldaketa intelektual, sozial eta ekonomikoetan kokatzen dutela haren sorrera. Akatsa nabari du hor pentsalari zegamarrak: «Nazio arazoa fenomeno ekonomiko-sozial eta intelektualetara erreduzitzen da». Nazio hitzaren erabilera askoz lehenagokoa da, baina aldez aurretik aipatutako ideia nabarmendu du berriz: esanahia da aldatu dena. Bernart Etxepareren eta Joanes Leizarragaren testuak ekarri ditu gogora. Biek aipatzen dute nazio hitza 1545. eta 1571. urteen artean.

Ez dira horiek nazioari buruzko lehen aipuak, ordea. Kristo aurreko V. mendeko Greziara jo du nazioaren lehen definizioa aurkitzeko. Iturri horietatik edan dute mendebaldeko nazionalismoek, haren arabera. Eta geldialdia egin du persiarren eta greziarren arteko Bigarren Gerra Mediarrean. Zehazki, Herodoto historialariaren testuak hartu ditu oinarrian. Persiarrekin ala greziarrekin borrokatuko diren galdetzera joan zen mandatari bat Espartatik Atenasera. Eta azaldu du atenastarrek eman zuten erantzuna: «Greziarrekin borrokatuko zirela esan zuten, arraza, hizkuntza, kultura, usadio eta ohitura amankomunak zituztelako».

Nazio kulturalaren esanahia dago hor, Azurmendiren arabera. Baina guztiz politikoa eta militarra den testuinguru batean agertzen da: gerra garaian, alegia. Eta itzuli da aurreko puntura berriro: jatorrian, ez dago nazio politikoaren eta kulturalaren arteko oposiziorik. «Nazio kulturala beti da politikoa, eta, batzuetan, euskal nazioarenean kasurako, bereziki politikoa da». Eta eman du nazioaren definizio klasikoa berriz ere: «Nazioa odol berekoa eta familia berekoa izatea da. Eta odol berekoa izateak hizkuntza berekoa izatea esan nahi du Grezian». Hortik abiatuta egin du honako galdera hau: «Nola pentsatu gaur euskal nazioa?».

Hiritarra vs herritarra

Nazioa politikoa dela irakurri du sarri azkenaldian Azurmendik. Eta berehala ukatu du baieztapen hori: «Nazioa ez da politikoa». Kontzeptua zentzu politiko soilera mugatzea arriskutsua dela uste du: «Lehen, euskal nazioa kulturala zen, eta, orain, politikoa da. Horrelako esaldiak erabiltzea arriskutsua da». Egiten den murrizketa horretan interesa nabari du. Politikaren eta estatuaren ikuspegi konkretu bat erakusten duela dio: nazioa elementu juridiko eta politiko huts gisa aurkezten dela, alegia.

Nazioa fenomeno naturala da, haren iritziz. Eta, hori azaltzeko, hiritar eta herritar izatearen arteko ezberdintasuna azaldu du Azurmendik. Denok gara hiritarrak, hark dioenez, baina ez da berez datorren zerbait: «Ez gara hiritar geure buruak hala deklaratu ditugulako, baizik eta beste norbaitek deklaratu gaituelako. Hiritarrak deklaratu egiten gaituzte, eta naziokoak, ez. Nazioan jaio egiten gara».

Identitatearekin lotu du herritar kontzeptua, aldiz. «Hiritarrak ukatu egiten du herritarra». Eta eman du horren azalpen zehatzagoa ere. «Inork hiritar deklaratu baino lehen, pertsona nintzen, eta, pertsona gisa, herritarra, eta, herritar gisa, harreman sare bateko kide nintzen. Identitatea nuen, alegia. Euskalduna nintzen». Hiritarra izan baino lehen kultura eta hizkuntza jasotzen direla azpimarratu du.

Hiritartasuna herritartasunaren ondoren etorri dela uste du Azurmendik, herritarrak ezabatzeko nahi horretatik. Baina berehala irauli du hori ere, eta aho korapilo gisa aurkeztu du ideia: «Beharbada, jende batek, herritar libre gisa, ezabatu egin nahiko luke gaur duen hiritartasuna, eta beste era bateko hiritar bilakatu nahiko luke. Hain zuzen, bere herritartasuna salbatzeko». Zehatzean: euskaldunak nahiko luke espainiar hiritartasuna ezabatu, eta herritartasun euskalduna salbatzeko beste hiritartasun bat lortu.

Oinarrizko «gutasunak» estatua izan aurretik jasotzen dira, Azurmendiren arabera. Eta errepikatu du horregatik uste duela nazioa fenomeno naturala dela. «Politiko gisa definitzen baldin badugu, estatuari entregatzen diogu nazioa». Arriskutsua da hori, Azurmendiren esanetan. Estatu demokratikoek ere heldu diote banaketa horri. Eta asmatu dituzte giza eskubide natural gisa definitzen direnak. Estatuak baino lehenagokoak dira eskubide horiek, eta natural gisa aitortu behar zaizkie hiritarrei, ez politiko gisa. Horra paradoxa: estatuak berak definitzen ditu, berez, estatua baino lehenago gizakiak dituen eskubide naturalak. «Ez dira naturalak, baizik eta estatuarenak. Estatuak bere burua salbatu behar du, eta paradoxa horretan sartzen da».

Hautsitakoa berreskuratu

Komunitate hautsia da euskaldunena. Humboldten pasarte bat ekarri du gogora Azurmendik horren erakusle gisa. Londresen izan zen enbaxadore, eta ingelesen artean azentu alemana zuen bat identifikatu zuen. «Gure tragedia da horixe bera Donostian gertatzen zaigula». Asko galdu du euskal komunitate tradizionalak, Azurmendiren arabera. Galdera: «Zer irabazi dugu? Ez dugu galdutakoa konpentsatu». Euskal Herriko baserri bizitzaren garapena jarri du adibide gisa.

Jarraitu du aurrera Azurmendik solasaldiarekin. Eta egin dio galdera hau bere buruari: «Zerk egiten gaitu euskaldun?». Hilaren 10ean Jule Goikoetxeak BERRIAn idatzitako Euskaldun egiten gaituena artikulua hartu du hariari tiraka hasteko. Irakurri du artikuluaren zati bat: «Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik».

Bat dator Goikoetxeak eragindako probokazioarekin. Baina iradoki du erredukzionismorako bidea ematen duela baieztapen horrek. Eta kezkaz begiratzen die erredukzioei Azurmendik. Sarritan erabili izan baitira euskal nazioarekin. Eta, adibide gisa, norabide horretan entzundako bi esaldi jarri ditu. Bat: «Euskal nazioaren diferentzia kontzertu ekonomian oinarritzen da». Bi: «Independentziaren aldeko kanpainan, nazioaren arazoa eta hizkuntzaren arazoa kendu, eta ongizatearen arrazoiak ezarri behar dira».

Ordulariari begira bukatu du Azurmendik solasaldia. «Gure subalternitateak arimaren zolaraino markatu gaitu; denok aitor genezake. Baina nik neuk, behintzat, euskaldun gisa horixe besterik ez naizela ez nuke onartuko. Naizen dena euskalduna naiz, eta kito. Egoera guztietan, konplexuekin eta gabe». Gaur jarraituko dute jardunaldiek. Eta euskal munduaren birsormena izango dute mintzagai. Tartean izango dira Eduardo Apodaka, Gaizka Aranguren, Idurre Eskisabel eta Andoni Olariaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.