Zezenketak Donostian

Ilunbe, turisten begiradatik

Turista ugari zebilen atzo Donostiako kaleetan. Askok ez zuten Ilunbe plazan gertatzen ari zenaren berri, ezta bertara joateko asmorik ere. Hala ere, bazuten zer esana zezenketei buruz.

Turista ugari ibili zen, atzo, Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / ARGAZKIPRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean iritzi kontrajarriek aurrez-aurre egin zuten topo Donostiako Ilunbe plazan, eta haren bueltan: Donostiako feriaz gozatzeko asmoa, barruan; animalien kontrako tratu txarren aurkako protesta, kanpoan. Baina Ilunbekoak ez ziren zezenketen inguruko iritzi kontrajarri bakarrak. Egun berean, Donostiako beste muturrean, turista andana zebilen oporraldiei zukua ateratzen. Haietako gehienek ez zuten zezen plazan gertatuko zenaren berri. Ezta bertaratzeko asmorik ere. Baina bai iritzi propio bat zezenketen inguruan.

Bulebarrean eserita, kaleko musikariei so, zezenketak ulertezinak egiten zaizkiola azaldu zuen Kate Bagrerik. «Nola liteke krudelkeria hori egin animalia bati?». Australiarra da, 30 urte ditu, eta bi lagunekin etorri da Donostiara, oporretan. «Imajina dezakezue horrelako zerbait Australian? Pentsaezina da!». Antzeko iritzia zuen Andry Peters norvegiar gazteak: «Zezenketek ez dute inolako zerikusirik nire herrialdeko balioekin. Inoiz ez naiz joan zezenketa bat ikustera, eta ez dut asmorik ere».

Europako herrialde askotan ezezagunak edo ulertezinak badira ere, munduaren bestaldean badira zezenketak. Hego Amerikan, Kolonbiakoak dira ezagunenetakoak. Hangoa da Gustavo Barakaldo, bikotekidearekin Euskal Herrian oporretan dagoen 32 urteko gizona. Argazki kamera lepoan zintzilik, beretzat zezenketak negozio bat direla azaldu zuen, udaletxe aurrean. «Gainontzeko enpresak bezalakoak dira; ekonomikoki bere kabuz mantentzen badira, aurrera jarrai dezatela». Laguntza publikoen inguruan duda egin zuen: «Komunitateek erabaki beharko lukete kasu horretan; herritarren esku beharko luke».

Yuvisai Martinek eta Rudolfo Monterok ere itsasoaz bestaldeko kontinentetik bidaiatu dute Gipuzkoako hiriburura, alaba txikiarekin. Senar-emazteak venezuelarrak dira. Martinek ez du inoiz zezenketa bat ikusi; Montero senarrak bai, ordea: «Hiru aldiz-edo izan naiz. Hasieran, beti gustura; baina amaiera basakeria bat da». Martinek gaineratu zuen bera «guztiz aurka» dagoela. «Mundu guztian debekatu beharko lirateke».

Eva Maria Fernandez Gaztela eta Leongoa (Espainia) da. Inoiz ez da sarrera erosi beharreko zezenketa batera joan, baina bai Tordesillasgo Vegako zezen ezagunera, behin baino gehiagotan. «Oso gustuko dut, tradizio handiko festa da. Gainera, kulturan eta kiroletan inbertitzen bada, zegatik ez zezenketetan?». Hala azaldu zuen Alde Zaharreko kaleetan behera zihoala.

Mercedes eta Teresa Serra ahizpek eta haien senarrek, Pablo Castrok eta Jose Gonzalezek Herrialde Katalanetatik Donostiara bidaiatu dute oporraldia igarotzeko. 50-60 urte bitartean dituzte. «Demokrazian bizitzea askatasunean bizitzea da», uste du Mercedes Serrak. Berak gogoko ez izan arren, «errespetatu» egiten ditu zezenketak gustuko dituztenak. «Zezenketa ikustera joan nahi ez duena joan dadila elizak ikustera», zioen atzo, irribarrez, Alde Zaharreko Santa Maria parrokiaren atea seinalatuz. «Hori bai, diru publikorik ez horientzat!». Laurak ados daude horretan. «Ezta futbolari ere», gehitu du Teresa Serrak. «Diru publikoa herritarrei laguntzeko da!».

Maria Crespok, 27 urterekin,jarrera oso landua du gaiaren inguruan. «Nik zezenketak ez ditut gustuko», azaldu zuen portuan eserita. Ohitura eta kultura direla esatea «aitzakia merketzat» ditu. Zezenketa bat ikustera joandakoa da: «Benetan nolakoa den jakin nahi nuen; bestela, askotan esaten zidaten: 'Inoiz ez duzu bat ikusi eta! Horrela ezin duzu iritzirik eman'». Hasieran entretenigarria iruditu zitzaion, «musika eta giro ederra» zegoen eta; baina zezena nola hiltzen zuten ikustea «jasangaitza» izan zen beretzat. Jarreraz gain, garbi dauzka etorkizunean egin beharreko urratsak ere: «Ezinbesteko oinarria iruditzen zait zezenketen inguruan herri eztabaida bat egitea. Udalek edo instituzioek galdeketak egin beharko lituzkete. Ni Madrilgoa naiz, eta orain dela gutxi zezenketei bideratutako laguntza publikoak kendu dituzte. Iturria itxi diete. Oso ongi deritzot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.