Turkia-Kurdistan. Komunikabideak. LEKUKOTZA

Egunkari bat, irudi bat eta kurdu bat

2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Turkiako auzitegi batek Ozgur Gundem egunkari kurduzalea ixteko agindu zuen herenegun, «PKK talde terroristaren propaganda» zabaltzearen akusaziopean. Erabaki hori hartu eta ordu gutxira, Istanbulgo terrorismoaren kontrako polizia egunkariaren egoitza nagusian sartu zen. «Lapurreta egin, eta 24 kazetari atxilotu zituzten», azaldu du egunkariaren abokatu Ozcan Kiliçek.

Zuen baimenarekin, honaino gaurkoz nire kazetari lana. Ondoko lerroak 24 adiskide atxilotu dizkioten kazetari batenak dira. Gauzak horrela, datuetan galdu beharrean, Ozgur Gundem egunkariaren eta atxilotuetako baten historia kontatuko dizuet.

Ozgur Gundem 1992an sortu zuten, turkiarren eremu kurduan gertatzen zenaren berri emateko xedez. Egunero dozenaka pertsona hiltzen zituen gerra bat zegoen PKKren eta segurtasun indarren artean. Turkiako prentsak alde bateko adierazpenak soilik argitaratzen zituen, armadarenak, eta, horrenbestez, han gertatzen zena beste planeta batekoa zela iruditzen zitzaion gainerako herrialdeari.

Baina Ozgur Gundem-ek ez zuen lortu bere helburua. PKK balitz bezala tratatu baitzuen Turkiak. Edo are eta okerrago. 1993an, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, indar antiterroristak egoitzara sartu eta langileen erdiak hartu zituzten atxilo. Egun pare baten buruan askatu zituzten gehienak, Ferda Çetin, Gultan Kisanak, Dogan Guzel eta besteren batzuk izan ezik. Torturapean deklaratzeari uko egin ziotenak ziren. Gultan Kisanak Diyarbakirko alkate da orain. Ferda Çetinek ihes egin zuen jaso zituen heriotza mehatxuen ondorioz; 3 urteko alaba eta haurdun zegoen emaztea utzita egin zuen alde. Bruselako erbestetik emititzen den telebista kurdu Nuçe TV-ko zuzendaria da gaur egun.

Dogan Guzel 93ko abenduan ezagutu nuen. Aske gelditu berri zen, eta ni orduan hasi nintzen Ozgur Gundemen lanean. Qirix izeneko bineta bat marrazten zuen hark. Qirix izeneko mutiko batzuk ziren protagonista: nota txarrak ateratzen zituzten, eskolatik piper egiten zuten, kalitate txarreko ardoa edaten zuten... harroak eta beldurtiak ziren aldi berean. Hitz gutxitan esanda; galdurik zebiltzan bizitzan.

Urte haietan, 50.000 aleko tirada zuen egunkariak. Zuzendaritzako kideek zioten irakurleen erdiek Doganen binetarengatik erosten zutela egunkaria. Legenda bizi bat zen kurduentzat, eta marrazkilari turkiar askorentzat Turkiako karikaturagile onenetakoa zen.

Egunkariaren lehen lau urteetan hamar bat aldiz agindu zuten epaileek egunkaria ixteko. Hala, beste izen batzuen pean argitaratu zen egunkaria hainbatetan. Segurtasun indarrek eta paramilitarrek egunkariko langileen laurdenak, 100 langileetatik 25 bat, hil zituzten. Dozenaka kazetarik urteak igaro zituzten kartzelan, eta ehunkak erbestean amaitu zuten. 1995eko apirilaren 4aren goizaldera egoitza nagusia eta Ankara eta Adanako egoitzak leherrarazi zituzten.

Dogan Guzeli 17 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kazetari gehienei terrorismoa edota terrorismoari laguntzea egozten zieten bitartean, Dogan, bere pertsonaien elkarrizketengatik zigortu zuten. Hainbat bider poliziaren kotxearen gurpilak zulatzen zituen pertsonaia batek behin «Puta T.C.» esan zuelako — Turkiako Errepublikaren inizialak dira T.C. —.

Dogan kartzelan sartu zuten, 1998an, errepublika eta armada iraintzeagatik. Urte eta erdi kartzelan eman ostean, aske geratu zen, amnistiari esker. Baina epailearen ondoko irizpen batekin: «Berriro ere delitu bera egiten badu, bukatu ez duen zigorraren zatia bete beharko du».

Umraniyeko kartzelan igaro zuen Doganek zigorraren lehen urtea. Berez, Sarayko kartzela zegokion, han baitzeuden delitu intelektualengatik atxilo hartutako beste presoak. Hilero epaitegira eramaten zuten, baldintza hobeak zituen Saray kartzelara aldatzeko eska zezan. Inoiz ez zion eskaera hori egin epaileari. Izan ere, epaitegiraino eramaten zuten soldaduek arropa guztia kentzeko eskatzen zioten, hartara hobeto miatu zezaten. Behin eta berriz uko egin zion horri.

Beharbada, kurdurik lotsatiena da, gutxi hitz egiten du, inoiz ez du eman elkarrizketarik. Baina ezagutzen dugunok badakigu oso egoskor jartzen dela, bai haren duintasuna ukitzen dutenean, bai bera lekuko dela norbaiti ukitzen diotenean. Zapaltzaileari begietara begiratu, eta lotsatu gabe erantzun egiten dio.

Herenegun, kazetari batek zera galdetu zion egunkariaren abokatuari: ea Doganek bere pasaporte espainiarra erakutsi zion Poliziari. Abokatuaren erantzuna: «Nabari da ez duzula ezagutzen. Ixteko agindu zuen epaitegiaren ebazpena eskatu zuen, eta atxiloketaren agindua ikusi arte ez zuen NA erakutsi nahi izan. Betiko egoskorra da!». Poliziaren erantzuna badakigu, atxiloketaren argazkiak erakusten du; elastikoa hautsita, bularraldea gorri.

Ez lukete eramango agindutako guztia bete izan balu. Izan ere, etxetik marrazten ditu bere binetak, eta ez dago akusaziorik haren kontra. Baina larrialdi egoera bateko agindu guztiak bete izan balitu, ez zen ez torturatua izango, ez espetxeratua, eta ez zen hamar urtez Espainian erbesteraturik bizi izango. Hamar urte igarota, 2012an, lortu zuen Espainiako nazionalitatea. Orduan izan zuen itzultzeko aukera eta bere ama ikusteko aukera. Ordutik Sevilla eta Istanbul artean bizi da, eta urtean pare bat aldiz bere ama bisitatzen du. 83 urterekin, Diyarbakirko auzo matxinoak suntsitzera abiatzen diren tankeen aurrean jartzen jarraitzen du oraindik emakumeak.

Gaitz erdi ez dakiela irakurtzen, eta ez du Ozgur Gundem ez den beste egunkaririk erosten. 24 urtez egunkaria erosi, eta Qirix bineta moztu du. Alabak itzulpen lanak egin eta berak kritika egin ostean, bakoitza bere tokian jarri du. Burkoaren azpian.

Duela 23 urte egin bezala, Dogan Istanbuleko Segurtasun Bulegoaren Terrorismoaren kontrako Sekziora eraman dute. Orduan, bere amak atxiloketaren berri jakin zuenean, senarrari galdegin zion lagun ziezaiola Istanbuleraino semea ikustera. Aitak ezetz esan zion. Emakumeak, inoiz hiritik atera gabea bera, 22 orduko bidaia egin zuen autobus batean. Bakarrik, eta turkieraz hitzik jakin gabe. Iritsi zen semea atxilotuta zegoen tokira eta barrura sartzen utzi ez zion Poliziari honela esan zion: «Dogan Guzelen ama naiz. Esan zure nagusiei torturatuko badute jakin dezatela bere ama atean dagoela». Autobuseko bidaian bidaiari batek turkierara itzulitako hitzak ziren. Hurrengo egunean etxera itzuli zenean bereizi egin zuen bere ohea senarraren ohetik. Jada ez zuela senarrik behar argudiatu zuen.

Dogan ezagututa, badakit zer esango duen deklarazioa hartzen diotenean: «Kurdua naiz, eta Ozgur Gundem-en lana egiten dut nire borondatez». Ez dut uste besterik esango duenik. Lasai egon dadila Espainiako kontsula, ez baitu esango Espainiako nazionalitatea duenik, nahiz eta horrek gauzak erraztuko lizkiokeen.

Dogan Guzel Poliziaren kotxera bidean daramaten irudia ez da soilik egunkari kurduzalearen itxierarena. Ezta larrialdi egoerarena ere. Baizik eta 2016ko Turkiarena, zeinak beti berdin jokatzen duen makurtzen ez den kurdu batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.