Koronabirusa

Eguberrietan, Jaurlaritzak nahi du hamar lagun biltzea gehienez

Ostalaritzaren itxierari eta mugikortasunaren gaineko mugei eutsi egingo die Gasteizko gobernuak, gutxienez abenduaren 9ra arte

PCR testak egiten, artxiboko irudi batean. JON URBRE / FOKU.
joxerra senar
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Ongi goaz, baina ez gaude ongi». Bilakaera epidemiologikoa beherantz badoa ere, egoera ez da ona, eta ospitaleetako presioa oraindik ere «handia»dela nabarmendu zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, atzo. Horregatik, ohartarazi zuen Eguberrietan arriskuak bere horretan jarraituko duela, eta prebentzio neurriei eutsi egin behar zaiela: «Eguberriek ez dute immunitaterik emango». Bihar, Madrilgo eta erkidegoetako osasun agintarien arteko bileran, Eusko Jaurlaritzak proposatuko du abenduaren 24ko eta 31ko gauean etxeratzeko agindua 01:00etara arte luzatzea, eta egun berezietan gehienez bil daitekeen pertsona kopurua hamarrekoa izatea —abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean zein 6an—.

Atzo arratsaldean bildu zen Babes Zibileko Planaren (Labi) Aholku Batzordea,Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu buru zuela. Bertan, egungo egoera aztertu ostean, aholku batzordeak ondorioztatu zuen urriaren 26an eta azaroaren 6an ezarritako dekretuak egokiak izan zirela, eta neurriei «irmo» eutsiko die; hala nola ezingo da norbere hiri edo herritik irten eta ostalaritzak itxita jarraituko du. Hala ere, bai onartu du saltokien edukiera malgutzea: 150 metro koadrotik gorako saltokietan %60ra, eta 150 metro koadrotik beherako azalera duten dendetan, %75era.

Ekitaldiak, bertan behera

Eguberrietako neurriei begira, Jaurlaritzak begi onez ikusten du erkidegoen artean hitzartzea, «edukiaren eraginkortasuna hobetzen duelako eta betekizunari buruzko pedagogia errazten duelako». Bilera horri begira, Eguberrietan ekitaldi oro bertan behera uztea proposatu du. Gainera, laneko eta ikastetxeetako bazkari zein afari eta bestelako ospakizunak ez egitea hobetsi du. Halaber, herrietako, hirietako zein erkidegoetako konfinamenduak kentzea proposatuko du bileran.

Sagarduiren arabera, Eguberrietan prebentzio neurriek bere horretan jarraitu behar dute. Maskarak jarri, distantziak gorde eta etxekoak ez direnekin kontaktuak ahalik eta gehien mugatzeko aholkatu du. Gainera, jende pilaketak eman ez daitezen, erosketak aurretik egiteko eskatu die herritarrei, baita mugikortasuna ahalik eta gehien murriztea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.