Koronabirusa

Bruselak prest du izurrialdiko turista txartela

Txertatzea ez da beharrezkoa izanen agiria eskuratzeko, nahikoa izanen da PCR bat. Zenbait gobernu eta eragile, kexu: uste dute goizegi dela turismoari ateak irekitzeko

JOHN THYS / POOL / EFE.
Ion Orzaiz - Edu Lartzanguren
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Udako turismo kanpaina salbatu nahi du Bruselak, eta, horretarako, prest du «pasaporte immunitarioa», Europako Batasuneko herrialdeen artean bidaiatzea erraztuko duen ziurtagiria. Atzo aurkeztu zuen Ursula von der Leyenek, Europako Batzordeko buruak. Azaldu zuenez, agiria doakoa izango da, eta formatu digitalean edo paperean emango dute. Horretan, adieraziko da bidaiaria txertaturik ote dagoen, gaitza pasatu eta antigorputzak ote dituen, edo PCR bat egin duen eta negatibo eman ote duen. Egitasmoa abian jarri aurretik, baina, EBko kide diren estatuen eta Europako Parlamentuaren oniritzia jaso beharko du proposamenak.

Von der Leyenen esanetan, osasun pasaportearen helburua da «mugimendu askatasuna pixkanaka berreskuratzen hastea, era seguruan». Batzordeko Justizia komisario Didier Reynderrek, ordea, udako hilabeteetako bidaietan jarri zuen arreta, askatasunean bainoago: «Agiri digital honen bidez bermatu nahi dugu Europako herritarrak eta beren senideak gai izanen direla uda honetan bidaiatzeko, segurtasunez eta murrizketarik txikienekin». Are: pasaportea ekainerako onartu nahi luke Reynderrek, «udako denboraldi turistikoa hasten denerako».

Batzordeko arduradunek zehaztu zutenez, agiriak «ez ditu diskriminatuko txertorik hartu ez dutenak», aski izango baita PCR edo antigeno test negatibo bat edukitzea bidaiatzeko. Sendagaien Europako Agentziak onartutako txertoak hartuko dituzte kontuan —Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssen, oraingoz—, baina estatu bakoitzaren esku egonen da beste txerto batzuekin immunizatutako bidaiariak ere onartzeko, Errusiako Sputnik edo Txinako Sinopharm txertoak jaso dituztenak, esaterako.

QR kode gisara banatuko da agiria, eta irakurgailu digital baten bidez emanen du herrialde batetik bestera pasatzeko baimena. Europako Batasuneko herrialdeetan mugitu ahalko dira bidaiariek, eta baita Norvegian, Suitzan eta Liechtensteinen ere. Batzordeak estatuei eskatu die agiria duten bidaiariei trabarik ez jartzeko; hau da, helmugara iristean, ez ditzatela behartu berrogeialdia egitera.

«Arriskutsua da»

Askotariko erreakzioak eragin ditu immunitate pasaportearen proposamenak. Erabakia txalotu dute zenbait herrialdek —Espainiak eta Austriak, esaterako—, baina ezinegona eragin du beste askorengan. Proposamena kritikatu dute Frantziak, Belgikak, Hungariak eta Alemaniak. Hain zuzen, Angela Merkelek, Alemaniako kantzilerrak, «arriskutsu» deritzo turismoa berraktibatzeari, «herritar gehienak txertatuta egon arte, bederen». Espainiako Osasun Publikoko Elkarteak ere itxoiteko eskatu du, «ziurtasun handiagoa izan arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.