Xabier Arzalluzen heriotza. Erreakzioak

Haren ekarpena eta garrantzia oroitu dituzte

EAJk heriotzaren berri ematearekin batera, sare sozialetan elkartasun mezu ugari idatzi dituzte. Euskal Herriko historia garaikidean utzi duen lorratza nabarmendu dute askok

joxerra senar
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Xabier Arzalluzen heriotzaren berri ematearekin batera, olatu handi baten antzera, haren figura gogoratzen zuen mezu erauntsia etorri zen atzo. Haren hainbat alderdikidek gazteleraz idatziagatik, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak euskaraz bidali zien mezua jeltzaleei zein senideei, Quim Torra Kataluniako presidentearen antzera. Carles Puigdemont Kataluniako aurreko presidentea izan zen, berriz, mezua idazten lehenetarikoa. Euskal alderdien artean, haren ekarpena eta garrantzia azpimarratu zuten aurkari izan zituenek.

PEDRO SANCHEZ Espainiako Gobernuko presidentea  
«Xabier Arzalluz hil da. EAJren lehendakari ohia eta politikari historikoa»
Labur, baina Xabier Arzalluz gogoan hartu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Gazteleraz lehenik eta jarraian euskaraz, honako mezu hau idatzi zuen: «Xabier Arzalluz hil da. EAJ-PNV-ren lehendakari ohia eta euskal politikari historikoa. Nire doluminak beraren familiarentzat eta jeltzale guztientzat».

UXUE BARKOS Nafarroako lehendakaria
«Agurra Arzalluzi, dolumina familiari»
2003an, oraindik ere Arzalluzen gidaritzapean zen EAJk, Aralarrekin, EArekin eta Batzarrerekin batera, Nafarroa Bai koalizioaren alde egin zuen, eta orduan egin zuen politikarako jauzia Uxue Barkosek. Arzalluzen heriotzaren berri izandakoan, mezu labur bat idatzi zuen Nafarroako lehendakariak, hura gogoan: «Agurra Xabier Arzalluzi. Doluminak familiari eta EAJri. Goian bego».

ARNALDO OTEGI EH Bilduko koordinatzaile nagusia
«Ohorea izan da adiskidetasuna eta ibilbidea partekatzea»
Espainian, politikaririk gorrotatuenak izan ziren garai batean Arnaldo Otegi eta Xabier Arzalluz. Atzo, haren heriotzaren aurrean, ohoretzat hartu zuen Otegik elkarrekin bidea egin izana: «Ohorea izan da Xabier Arzalluzen tamainako abertzalearekin adiskidetasuna eta ibilbidearen zati bat partekatzea. Agur eta ohore».

IDOIA MENDIA PSE-EEko idazkari nagusia
«Euskadikohistoria politikoaren protagonista izan zen»
Gazteleraz idatzitako mezuan, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak goraipatu du «Euskadiko historia politikoaren eta instituzionalaren protagonista» izan zela Xabier Arzalluz.

PABLO IGLESIAS Podemoseko idazkari nagusia
«Gauza interesgarriak esateari utzi ez zion norbait izan zen»
Beste askoren modura, Podemoseko idazkari nagusiak iritzi dio Xabier Arzalluz «Euskadiko historia ulertzeko giltzarria den figura» zela eta «tamaina politiko erraldoia» zuela. «Gainera, gauza interesgarriak esateari utzi ez zion norbait izan zen», adierazi du bere txioan Iglesiasek.

QUIM TORRA Kataluniako Generalitateko presidentea
«Abertzale handi bat galdu du Euskal Herriak»
Albistea jakin eta txiokatzen lehenetarikoak izan ziren Kataluniako egungo presidentea zein aurrekoa, Quim Torra eta Carles Puigdemont. Torrak «doluminak» euskaraz azaldu zizkien Arzalluzen lagun, senide eta EAJko kideei. «Abertzale handi bat galdu du Euskal Herriak», idatzi zuen, berriz, Carles Puigdemontek.

JOAN TARDA ERCko diputatu eleduna
«Asko maite zuen Katalunia, kataluniarrek Euskal Herria adina»
Miresmena azaldu dio Arzalluzi Joan Tardak, ERCk Kongresuan duen diputatu eledunak, «bere koherentziagatik eta erantzukizunagatik». Tardaren hitzetan, Arzalluzek «asko maite zuen Katalunia, kataluniarrek Euskal Herria adina». Kataluniaren aldeko sostenguak falta izan diren testuinguru politikoan, Arzalluz haien alboan izan zela azpimarratu du Tardak. Gainera, berriki haren memoria liburuak irakurri ditu berriz —Javier Ortiz zenak idatziriko Así fue; euskaraz, Horrela izan zen—. «Politikan jaurti behar diren kontsignez harago» gogoeta interesgarriak egin izan dituela uste du Tardak.

MADDALEN IRIARTE EH Bilduko legebiltzarkidea
«Herrigintzan aritu ginen aldi bakanetanlagundu ninduen»
«Kazetaritzan ezagutu nuen Xabier Arzalluz», txiokatu zuen Maddalen Iriartek. Arzalluz EAJko buru zeneko garaian, urte luzez, ETBko kazetari izan zen Iriarte, baina, harreman profesionalaz harago, pertsonalki ezagutzeko parada izan zuen: «Herrigintzan aritu ginen aldi bakanetan lagundu ninduen». EH Bilduko hautagai izateko urratsa egin zuenean Arzalluzek zoriondu egin zuela idatzi du Iriartek. «Ezberdintasun ideologikoen gainetik errespetu handia genion elkarri».

MIREN LARRION EH Bilduko legebiltzarkidea
«Politikan ere irakasgai bat edo beste eman zuen»
Bere ibilbide politikoagatik ezagun egin bazen ere, Arzalluz Deustuko Unibertsitatean irakasle zen. Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkideak soslai horri erreparatu dio: «Lagun batzuen irakaslea izan zen eta bere klaseak ahaztezinak omen ziren, politikan ere irakasgai bat edo beste eman zuen».

IGOR CALZADA Oxford-eko Unibertsitateko irakaslea
«Ezkutatu da aitonaren orakulua, harentzat euskal Churchill zen»
Igor Calzadak irakasle izan zuen Arzalluz, eta, bere txioan, senideei doluminak azaltzeaz gain, aitonarentzat Arzalluzen figurak zer esanahi zuen kontatu zuen: «Ezkutatu da aitonaren orakulua, harentzat Churchill euskalduna zen, estatugizon osoa».

GORKA KNORR EAko legebiltzarkide ohia
«Abertzaletasunaren pertsona garrantzitsuenetakoa»
Gorka Knorr, Juan Mari Atutxa eta Kontxi Bilbao legebiltzarreko mahaikideen aurkako epaiketaren atarian aterkiarekin Eusko Gudariak abestu zueneko irudia oroimenean iltzatu da. Atzo, Knorrek berehala zabaldu zuen mezua: «Abertzaletasunaren irudi eta pertsona garrantzitsuenetako bat joan zaigu. Eta bizi garen egun hauetan, inoiz baino gaurkotasun gehiago daukan esaera baten egilea: 'Espainia erdipurdiko demokrazia da'».

FLOREN AOIZ Ezker abertzaleko kidea
«Ezberdintasun nabarmenak izanik, hurbila zen, eta sakona»
Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide zenean ezagutu zuen pertsonalki Aoizek: «Ezberdintasun nabarmenak izanik, hurbila zen eta sakona». Gerora, Nafarroako trantsizioari buruz liburua idatzi zuenean, elkarrizketa «ederra» egin zion. Independentistak Sarekoen ekitaldi batean egin zuten topo azkena. «Orduan ere sakon eta begirada luzeaz Xabier».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.