Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Trebiñuko auzia erreferendum bidez konpontzea proposatu dute

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek galdeketa lotesle bat nahi dute. EAJk dio trebiñarrek beren borondatea azaltzeko eskubidea dutela
Juantxo Lopez de Uralde eta Kontxi Palencia Elkarrekin Podemoseko hautagaiak, atzo, Trebiñun.
Juantxo Lopez de Uralde eta Kontxi Palencia Elkarrekin Podemoseko hautagaiak, atzo, Trebiñun. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2019ko apirilak 16

Azken orduetan, hainbat indar politikok hauteskunde kanpainaren lehen lerroan jarri dute Trebiñuko konderriaren auzia, eta, nork bere hitzekin, antzeko irtenbidea proposatu dute Trebiñuko eta Argantzongo herriei (Burgos, Espainia) Arabara batzeko aukera emateko. Atzo, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskaini zuten auzia erreferendum baten bidez konpontzea.

Atzo, Equoko buru eta Elkarrekin Podemosen Espainiako Kongresurako hautagai Juantxo Lopez de Uraldek eta Senaturako hautagai Kontxi Palenciak hauteskunde ekitaldi bat egin zuten Trebiñun, eta bertan jakinarazi zuten Espainiako Gobernuari eskatuko diotela «legezko erreferendum lotesle baten deialdia» egin dezala, «berme guztiekin». «Argantzongo eta Trebiñuko udaletako herritar gehienak askotan azaldu dira Arabara biltzearen alde. Alderdi guztiak dira betidaniko gogo horren jakitun, baina orain arte ez dute borondate politikorik eduki behin betiko konponbidea mahai gainean jartzeko. Eta guk hainbeste urtetako blokeo hori amaituko dugu», adierazi zuen Lopez de Uraldek.

Horrekin batera, «lurralde mugak aldatzeko» lege organiko bat edukitzea «ezinbesteko urratsa» iruditzen zaio Lopez Uralderi, «egoera horri buelta emateko eta aurrera egiteko». Gogorarazi duenez, Burgosko Diputazioak eta Arabako Aldundiak zazpi lankidetza hitzarmen sinatu zituzten, besteak beste babes zibilaren eta larrialdietarako arretaren alorretan, eta adinekoen gizarte arretan, genero indarkeriaren aurkako borrokan eta euskararen normalizazioa; akordio hori «positiboa» izan da, Lopez de Uralderen iritziz, baina Palenciari «behin-behineko neurriak» iruditzen zaizkio: «Ez da nahikoa, behin-behineko zerbait baizik. Enklabe honetako herritarrek denbora gehiegi, zenbait belaunaldi daramatzate zentzu- gabekeria horren ondorioak sufritzen. Elkarrekin Podemosek konponbidearen eguna finkatuko du».

Antzera mintzatu zen Iñaki Ruiz de Pinedo, Espainiako Kongresurako EH Bilduko Arabako zerrendaburua. Haren esanetan, Trebin?uko auziari «soluzioa emango dion herri galdeketa loteslea» egitea defendatuko du EH Bilduk Madrilen. Trebin?uko plazan agerraldi bat egin zuen Ruiz de Pinedok, eta harekin batera egon ziren Trebin?uko zein Argantzongo hautagaiak, zerrendako beste kide batzuekin batera.

Ruiz de Pinedok azaldu zuen Trebin?uko auzia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berrian jaso behar dela, baina bi herrietan galdeketa egin bitartean herritarrak ezin direla «bigarren mailako arabarrak» izan: «Zerbitzu guztiak bermatuta izan behar dituzte». Alde horretatik, ez zaizkio nahikoa iruditzen Burgosek eta Arabak sinatutako lankidetza hitzarmenak.

Arabara batzeko saio ugari

Ez da Trebiñuko auzia konpontzeko erreferendum bat proposatzen den lehen aldia. Azkena, 2016an: Arabako Batzar Nagusiek Trebiñuren geroari buruzko erreferendum bat egiteko eskatu zioten Madrili; hain justu, Ahal Dugu-k sustatuta. Eztabaida hartan, ados azaldu zen Izaskun Moiua EAJko batzarkidea, baina gogorarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegorako 2004ko estatutu proposamenean jasotzen zela proposamen hori, eta erantsi «gutxienez hamar urte berandu» iritsi zela eskaintza.

Orain, EAJk ere badarama berriro Trebiñuko auzia hauteskunde programan. Honela jaso du: «Aitortu egin behar da, konponbidean hasteko, bertako herritarrek euren egoeraz duten iritzia emateko eskubidea dutela, eta, kasua bada, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion lurralde historikoan sartzeko eskubidea, Gernikako Estatutuak jasotzen duen moduan». Igandean, Mikel Legarda EAJko Arabako zerrendaburuak babestu egin zuen trebiñarrek Arabara batzeko «borondatea libreki adierazteko eskubidea». Erantsi zuen ez PPk, ez PSOEk ezta Ciudadanosek ere ez dutela auzia konponbidean jarri nahi izan, egungo egoerak trebiñarrei egiten dien «kaltea» ezagutu arren: «Eurek jakingo dute zergatik».

Konderriak hainbat saio egin ditu Arabarekin bat egiteko; 1646. urtekoa da aurreneko eskaera, eta lau aldiz saiatu zen XX. mendean: 1940an, 1958an, 1980an, 1998an. 1998an eginiko herri galdeketan, Trebiñuko hamar biztanletik zazpik Araba izateko erreferendum bat egitearen alde bozkatu zuten, baina Gaztela Leongo Gobernuak ez zuen eskaria aintzat hartu. Egun, konderria Euskal Autonomia Erkidegora batzeko aukera ematen du 1979ko estatutuak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du agerraldia kontrolpean dagoela.

Kutsatze kopuruen azken datuek gora egin dutela ikusita zientzialariak gaineratu du gaitzak “arazo bat” izaten jarraitzen duela. ©Gorka Rubio / FOKU

Bengoak uste du egoera «larria» dela

Aloña Beraza Peña

Ikuskaritza independente bat eskatu dute gertatu dena ikertzeko, egin diren hutsegiteak berriz ere egin ez daitezen, eta aurrera begira ikasteko.

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan eta Xixilu jatetxean, eta Galdakaoko Muguru tabernan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Gasteizko diskotekan uztailaren 17tik abuztuaren 6ra izan zirenek egin beharko dute testa, eta uztailaren 31tik abuztuaren 4ra jatetxean egondakoek. Galdakaon, tabernan uztailaren 27tik abuztuaren 4ra egon zirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna