EH Bilduk ustelkeriaren aurkako neurriak proposatu ditu

Diotenez, 'De Miguel auziak' erakutsi du «sistema osoak» ahalbidetzen duela ustelkeria. Ahal Dugu: «Barkamena eskatzea ez da aski»

Larraitz Ugarte eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek eta Larraitz Ugartek iragarri dute legez besteko proposamen bi aurkeztu dituztela Eusko Legebiltzarrean, De Miguel auzia dela-eta azaleratu den ustelkeriaren kontra borrokatzeko. Haien ustez, auziari buruzko epaiak frogatu du «urteetan eraikitako eta elikatutako kudeaketa sistema oso bat» dagoela, «praktika irregularrak eta ustelak ahalbidetzen dituena».

EH Bilduk aurkezturiko proposamenetako batean, koalizioak eskatu du ustelkeriaren kontrako fiskaltza sortzeko, delitu ekonomikoetarako fiskaltza «beharrezkoak diren giza baliabideez eta baliabide materialez» hornitzeko, eta Ertzaintzan ustelkeriaren kontrako unitate berezia sortzeko. Bigarrenean, berriz, EH Bilduk proposatu du De Miguel auzian inplikaturik dauden enpresen kontratuak «zorrotz aztertu eta auditatzea», eta neurriak hartzea «berreskuratzeko De Miguel auzian zigortutakoek diru kutxa publikoari lapurtutako dirua».

Urtarrilean ez da legebiltzarreko organoen bilkurarik egongo; hortaz, ohiko prozedurari jarraituz gero, proposamenak ez dira otsailera arte eztabaidatuko. Baina EH Bilduk uste du «premiazkoa» dela «gizarteari mezu argia eta azkarra helaraztea»; horregatik, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra biltzeko eskatu du, gaiari bide emateko asmoz.

Iriarte eta Ugarteren iritziz, ustelkeria «sakoneko arazoa» da, eta «politikan neurriak hartzea» exijitu du, «berehala eta irmotasunez». «De Miguel auziaren jatorrian, jardun indibidualetatik harago, ustelkeria ahalbidetzen duen sistema bat dago», erantsi dute.

EH Bilduko ordezkarien aburuz, «EAJk barkamena eskatzea ez da aski», eta beharrezkoak dira «autokritika handiagoa egitea eta ardura politikoak hartzea». Esan dutenez, EAJ «zorretan» dago euskal gizartearekin, eta «azalpen argia» eman behar du. «Adibidez, azaldu behar du nola izan den posible gertatu den guztia gertatzea inor konturatu gabe, edo enpresa bat langilerik gabe eta jarduerarik gabe sortzea eta ia biharamunean enpresa hori lanean hastea Jaurlaritzarentzat eta bestelako instituzioentzat».

«Mekanismoen» beharra

Ahal Dugu ere mintzatu da De Miguel auziaren epaiaz, eta, EH Bilduk esandakoaren ildotik, haiek ere uste dute «EAJk barkamena eskatzea» ez dela aski, eta «mekanismoak» ezarri behar direla horrelakorik berriro gerta ez dadin. Komunikazio idazkari Andeka Larreak gogorarazi du Elkarrekin Podemosek «proposamen asko» aurkeztu dituela legebiltzarrean, eta EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituztela: «Agintaldi honetan ez da ezer aurreratu arlo hori dagokionez».

Larreak iragarri du proposamen horietako batzuk berriro aurkeztuko dituztela: «Ahalegina egingo dugu horiekin bat egin ez zutenek orain egin dezaten, auziaren larritasunak argi erakusten baitu neurri horiek beharrezkoak direla».

Larreak nabarmendu du oraindik ez dagoela ustelkeriaren kontrako fiskaltzarik, eta ez dela gardentasunaren aldeko edo salatzaileak babesteko neurririk hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.