Justizia eske, 82 urteren ostean

Frankismoaren biktimak omendu dituzte 1936ko Espainiako estatu kolpearen urteurrenean
Ekitaldiaren irudia, atzo, Gasteizen. Amaieran aurreskua dantzatu zuten.
Ekitaldiaren irudia, atzo, Gasteizen. Amaieran aurreskua dantzatu zuten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jon Rejado -

2018ko uztailak 19
Atzo 82 urte bete ziren Espainiako Errepublikaren aurkako estatu kolpea hasi zutela. Bada, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Equok urteurrena baliatu zuten estatu kolpe horren ondorioz errepresaliatutako pertsonak omentzeko: bai estatu kolpean, bai gerran, baita diktaduran izandako biktimak ere. «Arabako errepresioaren argazkia osatzea ezinezkoa da oraindik», gogorarazi zuten aipatu alderdiek Gasteizen egin zuten ekitaldian. Horren harira, egia, justizia eta erreparazioa eskatu zituzten.

82 urteren ondoren, zenbait neurri eskatu zituzten lau alderdiek. Batetik, biktima eta errepresaliatuen «errolda» egitea galdegin zuten, ahalik eta «osatuena». «Memoria izango duen herri bat defendatzen dugu, eta lehen eta bigarren mailako biktimen sailkapena baztertzen dugu». Halaber, Frankismoaren Biktimen Bulegoak egindako azterketan oinarrituta kereila bat abiarazteko eskatu zieten administrazioei. Horrekin batera, biktimentzako erreparazioa eskatu zuten, «kaltea nork egin zuen edo urraketa mota kontuan hartu gabe». Desagertutako pertsonen identifikazio genetikorako baliabideak ere eskatu zituzten. Azkenik, halakorik berriz ez gertatzeko bermea eskatu zuten lau alderdiek.

Neurriak eskatzearekin batera, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko, Ezker Anitzako eta Equoko ordezkariek gogora ekarri zuten ez zela hausturarik egon diktaduratik trantsiziora. «Trantsizioak zigorgabetasunean eta ahanzturan izan zituen oinarriak», jaso zuten lau alderdiek adostutako manifestuan. Are, Espainiak frankismoari eta orduko jazartzaileei emandako tratua salatu zuten, hainbat etsenplurekin: Francoren Duketza iraunarazteko bermea; torturak egotzitako Juan Antonio Gonzalez Pacheco poliziari emandako dominak...

Borondate politikoaren eske

Ekitaldian izan ziren Frankismoko Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak ere. Manifestuan xehatutakoa erdiesteko «borondate politikoa» behar dela nabarmendu zuen Josu Ibargutxik, aipatu plataformako eledunak. «Espainiako Gobernuan ez dute horretarako borondaterik, ezta PSOEk alderdi politiko gisa ere», deitoratu zuen. Are, memoria historikoaren alorrean egindako azken proposamenak «populistak» direla esan zuen. Izan ere, Francoren gorpuzkiak mugitu nahi izateak ez du konpontzen Erorien Haranaren auzia, Ibargutxiren iritziz. Pedro Sanchez Espainiako presidenteari bestelako eskaria egin dio, benetan neurri eraginkorrak har ditzan: «Garai hartako Espainiako Estatuak bere gain hartu bazuen halako monumentu negargarri bat egitea, oraingo estatuak, benetan demokratikoa bada, espazio horrek duen esanahia deuseztatu behar du». Horretarako neurri asko har daitezkeela uste du: Fundacion Francisco Francori espazioaren kudeaketa kendu, erakunde hori ilegalizatu, behartuta lurperatu zituzten errepublikanoen gorpuzkiei duintasuna itzuli...

Halaber, Ibargutxik gogora ekarri du Europako administrazioek berriki jarri dutela arreta Francoren diktaduraren osteko egoeran: harriduraz. «Ez zuten pentsatzen frankismoa gainditu gabe zegoenik; urteetan egin dugun lanari esker lortu dugu hori». Gaineratu du, halaber, lan horren bidez ere areagotu dela zigorgabetasunaren aurkako borroka. «Administrazio askok, Euskal Herrian batez ere, esku hartu dute borroka horretan: aldundi eta batzar nagusi batzuek, hainbat udalek...».

Hobiak irekiz «sendatu»

Gorputz Deserosoak izeneko biltzarra hasi zuten atzo, Donostian. EHUren Udako Ikastaroen barruan, lau egunez aztertuko dituzte gatazka armatuen ondorioz lurperatutako gorpuak berreskuratzeko prozesuak. Han izan zen Fernando Martin Lopez Espainiako Gobernuko Memoria Historikoko zuzendaria, eta hobi komunak irekitzearen garrantzia goratu zuen. «Zauriak irekita daude, eta gorpuak senideei itzultzen dizkiegunean itxiko dira». Espainiako Memoria Historikoaren Legea aldatzeko prozesua ezagutarazi zuen Martin Lopezek; atzeman diren «hutsuneak» zuzentzeko asmoa. Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia ere izan zen biltzarrean. Ezagutarazi zuen udazkenean aurkeztuko dutela 1936tik 1978ra arteko giza eskubideen urraketen oinarri txostenaren lehen balantzea. Halaber, memoria historikoaren alorrean bi lehentasun dituztela esan zuen: egiaren erakunde aitorpenerako prozesua, eta frankismoaren biktimen memoriaren ordain morala ematekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna