Frantzian dituen zigorrak beteta Espainiaratu nahi dute Sorzabal

Hiru euroaginduetatik bi onartu ditu Dei Auzitegiak. 2001ean salatu zituen torturen pean egindako deklarazioak dira oinarrian

Iratxe Sorzabalen torturak salatzeko prentsaurrekoa, 2002an. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Pena da. Nahi ez genuen erabaki txarra hartu dute». Hitz horiekin laburbildu zuen Xantiana Cachenaut abokatuak atzo arratsalean Parisko Dei Auzitegiaren erabakia. Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabalen aurka emandako hiru euroaginduetatik bi onartu ditu, eta, hirugarrenarentzat, informazio gehiago eskatu diete Espainiako epaileei. Sorzabalen espainiaratzea gibelatzea erabaki du, hala ere ,Dei Auzitegiak, eta Frantzian betetzekoak dituen zigorrak betetzean utziko dute Espainiako aginte judizialen esku.

Dei Auzitegian kasua aztertu duten epaileen jarduna kritikatu du Cachenautek, Sorzabalen kontrako euroaginduak errefusa zitzaten egin duen defentsa gogora ekarrita. «Torturaren gaian ez dira sartu, eta ez dute handitu haien kontrola, nik eskatzen nuen gisan, eta Europako eta nazioarteko legeek eskatzen duten gisan. Pena handia da. Aukera bat zuten horretan sartzeko, tortura errekonozitzeko, baina ez dute hartu aukera hori», adierazi du abokatuak, etsituta.

Dei Auzitegiaren azterketa gainditu ez dutenez, Parisko Kasazio Auzitegira joko dutela baieztatu du Iratxe Sorzabalen abokatuak, «ea han zer erraten duten», nahiz eta onartu esperantza urriarekin doala, epaia «erabat politikoa» izan dela kontsideratuta. Azken aukera agortu arte helegiteak emateko borondatea erakutsi du, hala ere, eta, Kasazioarekin ez balira euroaginduak bertan behera geldituko, Europara joateko aukera aztertuko lukete.

2001eko salaketa

Hiru atentatutan parte hartzea egozten dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabali, eta horregatik eskatu zion Frantziari hura Espainiaratzea. Baina presoa atentatu horiekin lotzeko froga bakarra 2001ean atxilotu zutenean bere buruaren kontra egindako deklarazioak dira. Deklarazio horiek torturapean egin zituela salatu zuen Sorzabalek gero, eta gezurra zirela esan.

Auzitegiaren aurrean torturak frogatzeko Istanbulgo Protokoloa aplikatu diote Sorzabali, eta haren emaitzen txostena auzitegira eman du defentsak. Baina han ez dute torturen afera ikertu, eta Sorzabal Espainiaratzea ebatzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.