Albistea entzun

Ciudadanos, PP eta Voxi 'askatasun gune' batekin erantzungo die Altsasuk

Herriko batzarrak larunbaterako manifestaziora deitu du, eta iganderako, eremu herrikoian parte hartzera. Gaitzetsi dute hiru alderdiek Altsasu «eskubideen ukaziorako sinbolo» bihurtu nahi dutela

Atzo, Altsasuko Iortia Kultur Etxean, herritar talde handi batek egindako agerraldia.
Atzo, Altsasuko Iortia Kultur Etxean, herritar talde handi batek egindako agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko urriak 31 - Altsasu

Azken egunetako eztabaidaren ostean, Altsasuk hartu du bere erabakia. Lehenik, Ciudadanosek, eta, ondoren, Voxek zein PPk, ekitaldia antolatu dute igandean, eta, hori ikusirik, altsasuarren batzarrak argi du «erantzun herritarra, bateratua, zabala sendoa, duina, eta alderdi horiek nahi duten liskarrik gabea» nahi dutela. Hartara, lehenik, larunbaterako 17:30ean Utzi bakean Altsasu lelopean manifestaziora deitu dute. Bestetik, iganderako, 10:00etan «izaera aldarrikatzailea» izango duen askatasunaren gune bat antolatuko dute Iortia plazan. Han, musika emanaldiak, kultur jarduerak eta parodiak egingo dituzte jai giroan. Larunbateko manifestazioan zein igandeko gunean parte hartzera deitu dute.

Iragan astetik hainbat batzar egin dituzte Altsasun igandeko ekitaldi horri nola erantzun zehazteko. Altsasutik at ere, sare sozialetan izan da eztabaidarik, eta nahasmena eragin duen deialdiren bat ere zabaldu da. Haatik, Altsasuko batzarrak atzo arratsean ezagutarazi zuen bere proposamena. Onartu dute hainbat aukera jarri direla mahai gainean, eta sentsibilitate ezberdinak azaleratu direla. Azkenean, «kontsentsuzko proposamen bat» hitzartu eta onartu dute.

Argi dute zertara datozen Espainiako hiru alderdiak, igandeko ekitaldia «beste eraso bat» izango balitz bezala sentitzen baitute. 2016ko urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernan liskarra gertatuz geroztik, herriak eraso gisa hartu zuen ondorengo egunetako zalaparta mediatikoa, Poliziaren presentzia eta hurrengo aste eta hilabeteetan etorri ziren erabaki judizialak. «Esan nahi dugun lehen gauza da nazkatuta gaudela hainbeste gezur entzuteaz, hainbeste irain eta probokazio jasan behar izateaz», laburbildu zuten atzo Iortia Kultur gunean egindako agerraldian.

Herritar talde horren arabera, komunikabide batzuk, poliziek eta hainbat arduradun politikok etengabe mespretxatu dute Altsasu, eta eraso egin diete errespetu falta handia adieraziz. «Min egin digute, min handia. Baina jakin izan dugu herri gisa erantzuten, elkartzen, haserreak eta une pozgarriak partekatzen, kolpeak eta ilusioak partekatzen, nekea eta itxaropena konpartitzen», adierazi dute.

Horregatik, igandeko ekitaldia «ankerkeria osoz egindako beste eraso bat» izango dela nabarmendu dute. Alderdiok atzean ezkutuko interes politikoak dituztela gaitzetsi dute, eta euren asmoak «faxismoaren antz handia» dutela deritzote. «Herri oso baten sufrimendua erabili nahi dute euren arteko hauteskunde lehiarako. Badakigu gure herria ez dela euren helburua. Hori, berez, aski larria litzateke». Altsasuarren batzarrak uste du jokabidea «are zikinagoa» dela: «Gure herria aitzakiatzat hartu nahi dute eskubideen ukaziorako, horren sinbolo bilakatu nahi dute». Horregatik, argi dute hiru alderdien asmoa dela altsasuarren minarekin jolas egitea, «liskarra bilatuz eta hortik etekina atera nahirik».

Deialdi zabala

Hori ikusirik, altsasuarrek proposatzen dute «liskarrik gabeko» erantzun herritarra, zabala eta sendoa ematea. Larunbatean manifestazioa aterako da 17:30ean Foruen plazatik, eta igandean askatasunaren gunea eratuko dute. Izaera aldarrikatzailea izango du eremu horrek; jai giroan egingo da. «Gure herria zapaltzera etorriko direnak alde egingo dutenean festa Altsasuko kaleetan hedatuko da». Deialdi irekia izango da, eta elkartasuna adieraztera etorri nahi duen orori egin diote han parte hartzeko gonbita.

Herenegun, Nafarroako Parlamentuak bere babesa agertu zion Altsasuko herriari. Zenbait sektore politikok eta mediatikok egin nahi duten instrumentalizazioa eta manipulazioa gogor gaitzetsi zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Halaber, sektoreok herrian haserre eta tentsio giroa sortu nahi izatea kritikatu zuten. Bi urteotan, altsasuarrek elkarbizitzaren eta normalizazioaren alde azaldutako jarrera «zibiko eta eredugarria» txalotu zuten. Adierazpen horren aurka bozkatu zuten UPNk eta PPk. PSN abstenitu egin zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

HBko kideei bidalitako bonben auzia ikertzea galdegin du Artolazabalek

Edurne Begiristain

Gertakarien sekretu ofiziala kentzeko eskatu du Jaurlaritzako Justizia sailburuak. EH Bilduk biktimen artean mailaketak egitea egotzi dio

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Dudouetek uste du euskal prozesua «berritzailea» eta «inklusiboa» izan dela, aldebakarrekoa ez ezik: «Egon da elkarrizketa bat; euskal elkarrizketa bat». Itxaropenez egiten die so azken aitzinamenduei.

 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.