Euskal presoak. Mobilizazioak

Salbuespen neurrien amaiera eskatuko dute abenduaren 22an

Sortuk, LABek eta Ernaik presoen etxeratzea aldarrikatzeko manifestaziora deitu dute, Iruñean. «Ezinbestekotzat» jo dute mobilizatzea

Manifestazioaren deitzaileak, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Ez dugu isilik gelditu nahi, ezin dugu». PSOE Espainiako Gobernura iritsi denetik, salbuespenezko espetxe politika aldatzeko urratsik ez duela egin iritzi diote Sortuk, LABek eta Ernaik. Horregatik, presoen egoera iraultzeko «ezinbestekotzat» jotzen dute kalera ateratzea, eta Iruñerriko herritarrei eta, oro har, Nafarroako gizarteari kalera ateratzera dei egin zieten atzo. Eguberriak ate joka izanik, abenduaren 22an, manifestazioa egingo dute Iruñerriko hiru toki abiapuntutzat harturik, eta hiru zutabeak Gazteluko plazan elkartuko dira. Iruñerria kalera, Presoak etxera lelopean, salbuespen neurriak amaitzeko eskatuko dute: besteak beste, sakabanaketa politikaren amaiera, preso gaixoen berehalako askatasuna, zigorrak luzatzeari uztea eta lehen gradua amaitzea aldarrikatuko dituzte.

Atzo eman zuten deialdiaren berri hiru eragileetako ordezkariek. Berez, manifestazioa hiru tokitatik aterako da, erdigunerantz, 17:15ean. Lehenik, Barañain eta Iruñea bereizten dituen tokitik irtengo den askatasunaren zutabea Baiona eta Armada etorbideetatik gora Gazteluko plazara joango da. Bigarrenik, elkartasunaren zutabea Atarrabiatik abiatuko da, eta, Burlata zeharkatu ostean, Nafarroa Beherea etorbidean gora joango da amaieraraino. Azkenik, duintasunaren zutabea, Arrotxapeko gaztetxetik aterako da, eta, auzoan ibilbidea egin ostean, Labritetik gora joango da helmugarantz. Asmoa da hiru zutabeak 18:30ean elkartzea Gazteluko plazan.

Sortuk, LABek eta Ernaik gogora ekarri dute oraindik berrehundik gora preso daudela Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta. «Espainiako Estatuak, ez sozialista eta ez langilea ez den alderdi horren gidaritzapean, ez du oraindik pauso nabarmenik eman espetxeetako egoera aldatzeko», kritikatu zuten. Alderantziz, uste dute salbuespen neurriek indarrean jarraitzen dutela. Izan ere, euren ustez, gaixo diren presoek espetxean jarraitzen dute, zigorren hiru laurden bete dituztenei askatasuna ukatzen zaie eta zigorrak luzatzeko arkitektura juridikoari eusten zaio oraindik.

Azaldu zuten aldebakartasunetik jokaleku politiko berria ireki dela, baina horrek «ezinbestean» espetxe politika «erabat ezberdina» ekarri beharko lukeela. Ezker abertzalearen arabera, Euskal Herrian badago gehiengo herritar, sindikal, politiko eta instituzionala, eta «irtenbide demokratiko bat ematea exijitzen du». Euskal preso eta iheslariak etxeratu arte normalizazio politikorik ez dela izango deritzote.

Madrilek beste 30 presori iragarri die bigarren graduan jarriko dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.