LABek lortu du ordezkari gehien sare publikoan, eta Steilas nabarmen igo da

Sindikatu gehienak baikor agertu dira behin-behineko balorazioan, CCOO izan ezik. ELAk Eusko Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu du

LABek lortu du ordezkari gehien sare publikoan, eta Steilas nabarmen igo da.
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileek hautagaiak aukeratu dituzte, 2022ra arteko ordezkariak: irakasleek, Heziketa Bereziko langileek, sukalde eta garbiketa zerbitzuek, Haurreskolak partzuergokoek, eta EHUkoek. Bi irabazle ageri dituzte emaitzek: batetik, LAB izango da aurrerantzean ere ordezkari gehien duen sindikatua; bestetik, Steilasek gorakada handia izan du, eta 2015eko hauteskundeetan baino hamahiru ordezkari gehiago izango ditu. ELAk eta UGTk aldaketa gutxi izan dituzte, eta CCOOk izan du jaitsierarik nabarmenena.

Maider Izagirre LABeko eledunak nabarmendu du emaitzek bistan uzten dutela sindikatuaren azken urteetako «ibilbide oparoa». Gogora ekarri ditu hezkuntza publikoko mobilizazioak; haren ustez, mobilizazioetako testuinguruari esker «akordio sendoak» lortu zituen LABek. Gaineratu du 2015etik sindikatuak hasitako proiektuek ere eragin dutela. «Langileriak babesa eman dio LABek egunero garatzen duen proiektu integralari».

Steilasen emaitzak «historikoak» direla esan du Aitor Idigorasek, sindikatu horretako eledunak. Aurkeztutako multzo guztietan gora egin du, eta EHUn, berdindu —multzo batzuetan ez da aurkeztu—. Irakasle eta Heziketa Bereziko langileen aldetik jasotako babesa nabarmendu du Idigorasek. «Sindikalismoa egiteko modu bat berretsi dute; zilegitasunez josi dute langileen eskola publikoaren aldeko defentsaren borroka eredua».

Maialen Aranburu ELAko eledunak argitu du langile gehiagok bozkatu dutela hauteskundeetan, eta ELAk ere boto gehiago jaso dituela. Adierazi du ordezkarien kopuruari eutsi diotela, eta adierazgarritzat jo du behin-behinekotasun handia duten taldeetan igo izana. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak prozesuan izan duen jarrera salatu du. «Rol aktiboa jokatu du, hauteskunde legeak dioenaren kontra; joko arauak baldintzatzen saiatu da».

Emaitzekin «pozik»

UGTko eledun Joseba Ander Muñozek ere erantzun du ordezkaritzari eutsi egin diotela oro har. Irakasleen taldean, Bizkaian zituzten bi ordezkariak galdu dituzte, ez direlako heldu botoen %5era. Gainontzeko taldeetan, ordea, gora egin dute, Muñozek azaldu duenez. Are, garbiketa eta sukaldaritza zerbitzuetan ordezkari gehien dutenak dira, ELArekin batera. «Indartsu eusten diogu, eta eremu batzuetan ordezkari gehiago ere baditugu».

Pablo Garcia de Bikuña CCOOko eledunak azaldu du datuak sakonago aztertu beharko dituztela. Dena den, behin-behineko emaitzak ikusita, aitortu du hauteskundeetako emaitzak ez direla izan beren aldekoak. «Emaitzek aurreikusten genuena berretsi dute, baina horrek ez du esan nahi mingarria ez denik». Talde orokor guztietan ordezkariak galdu dituzte, 2015eko hauteskundeekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.