Elkarretaratzeak egin dituzte Bilboko hilketa salatzeko

Bilboko udaletxeko eskaileretan izan da kontzentrazio bat; arratsaldean mugimendu feministak antolatutako protestak egin dira

Atzo ilunabarrean Bilbon egin zen protesta, mugimendu feministak deituta. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Isabel Jaurena - Maite Asensio
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Elkarretaratze isila egin zuten atzo eguerdian Bilboko udaletxeko eskaileretan, herenegun San Frantziskon hil zuten Rebeca Huayta Huacan emakumearen hilketa salatzeko. Bilboko Udaleko talde politikoek sinatuta, adierazpen instituzional bat zabaldu zuten herenegun. Bertan, elkarretaratzean parte hartzera deitu zuen udalak, baita hilketa gaitzetsi eta familiari eta hurkoei hurbiltasuna erakustera ere. «Emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria haien duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua da, hots, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina, salatu beharrekoa, isilik gelditu gabe eta biktimen aldeko sostengua adieraziz, indarkeria pairatzen duten emakumeak babestuz», dio idatziak.

Elkarretaratze jendetsua izan zen. Bost minutuko isilunearen ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eskatu zuen hiltzaileari «zigor eredugarria» jar diezaiola justiziak, eta doluminak eman zizkien hildakoaren senide eta lagunei. Udaleko taldeaz gain, bertze zenbait eragile politikok ere parte hartu zuten elkarretaratzean. Hala nola Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Nardi Suxo Boliviako enbaxadoreak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Artolazabalek gizarte osoari dei egin zion: «Denon artean lan egin behar dugu hilketa gehiago ez izateko». Elgarrestak adierazi zuen «bereziki horrelako egunetan» ezin dela ahaztu zein den «indarkeria matxistaren sustraia». Nardi Suxok, berriz, adierazi zuen gorpuaren aberriratze kostuez Boliviako Gobernua arduratuko dela. Herrialdeko komunitateak ekintza eskertu zuen, jada abiatua baitzuten kostu horiek kudeatzeko diru bilketa bat.

Elkarretaratzearen amaieran Ninfa Salazar Boliviako komunitatearen eledunak hartu zuen hitza: «Justizia besterik ez dugu eskatzen Rebecarentzat, eta, ahal bada, [gizona] estraditatu dezatela Boliviara, epai dezaten, kondena dezaten eta zigorra han bete dezan». Salazarren arabera, gizonak aurrekariak zituen indarkeriagatik, bertze bikotekide batzuei tratu txarrak emateagatik. Hala, gizon horrekin harremana izan duten bertze andreei salaketara gehitzeko eskatu die Salazarrek, «kasuak indar gehiago izan dezan eta kondena handiagoa izateko». Espainiako Berdintasun Ministerioak atzo egiaztatu zuen gizonak aurrekariak zituela indarkeria matxistarengatik, eta hilketa hau ere bortxa mota horren kasu bat izan dela.

Mugimendu feminista

Bilboko Mariaren Bihotza plazan, Donostiako Bulebarrean eta Iruñeko udaletxe plazan egin zituen protestak mugimendu feministak. Gasteizen gaur dute. Bilbon euritan elkartu ziren, hainbat aldarrirekin. Esaterako: Legeak ere konplize dira eta Erasorik ez erantzunik gabe.

Elkarretaratzearen amaieran agiri bat irakurri zuten. Hilketa matxistaz gain, Bizkaia zubipean asteburuan hilik agertu zen emakumearen kasua ere aipatu zuten. Hilketak emakumeen kontrako indarkeriaren «muturreko adibide gordinena» direla esan zuten, eta sistema bera irauli behar dela. «Indarkeria matxistari aurre egitea lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu». Uste dute egun jarrera «konplize» askok bortxa hori hauspotzen dutela. «Autodefentsa feministaren» aldeko deia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.