Osasungintzako langile ratioak legez zehazteko eskatu du EH Bilduk

Koalizioak legez besteko proposamen bat aurkeztu du legebiltzarrean. Jaurlaritzari eskatu dio sindikatuekin lege proiektu bat adosteko

Rebeka Ubera, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Osakidetzako eta osasun sistema pribatuko langile ratioak legez zehaztu daitezen. Koalizio subiranistako parlamentari Rebeka Uberak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eremu bakoitzeko biztanle kopuruaren araberako ratioak ezartzeko lege proiektu bat aurkezteko: «Gardentasunez jokatzeko, planifikazioan sakontzeko eta egunerokoan lanean ari direnen baldintzak hobetzeko».

EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da «osasun sistemaren lan eremu eta kategoria bakoitzean» bermatu beharreko profesional kopuru bat zehaztea, tokian tokiko biztanle kopuruaren araberakoa. Koalizioak azaldu du, osasun langile nahiko ez badago, «ezinezkoa» dela «kalitatezko osasun arreta bermatzea». Hala, Rebeka Ubera Eusko Jaurlaritzari mintzatu zaio, esanez «agintari publikoen ardura» dela kalitatezko osasun arreta bermatzeko baldintzak eta bitartekoak ezartzea.

Parlamentariak gaineratu du lege proiektu horrek osasungintzako sindikatuekin egindako elkarrizketa eta negoziazio baten ondorio izan beharko lukeela. «Irizpide korporatiboak alboratu, ekitaterik eza saihestu, kolektiboen arteko proportzionaltasuna zaindu eta diziplina anitzeko taldeak erreferentzialtzat hartu beharko lituzke», azaldu du. «Asko dugu egiteko eta hobetzeko. Osasun profesionalen artean kexak gero eta gehiago dira, kalitatezko osasun arreta eskaintzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztelako», gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.