Rebeca Huayta hil zuen gizona espetxera bidali du epaileak

Andrearen hilotza Boliviara aberriratzeko lanak abiatu dituzte senitartekoek. Alabak adierazi du amak kontatua ziola gizonak jo egiten zuela

Gasteizen elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Rebeca Huayta Huacanen hilketa matxista gaitzesteko. FOKU.
Arantxa Iraola - Maite Asensio Lozano
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Boliviako Atzerri Ministerioak urratsak hasi ditu Rebeca Huayta Huacanen gorpua aberriratzeko. Asteazkenean hilotz agertu zen Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean, eta egun hartan bertan bikotekide zuen gizonak Poliziari aitortu zion berak hil zuela emakumea bezperan, labankadaz. Atzo arratsaldean, epailearen aurrera eraman zuten erasotzailea, eta hura espetxeratzea ebatzi zuen epaileak; iluntzean eraman zuten Basauriko kartzelara (Bizkaia). Biktimak 45 urte zituen, eta Boliviako Santa Cruz erregioan sortua zen, Patacamaya herrian. Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea izan da; 2003tik 117 andre falta dira Euskal Herrian.

Biktimak Bolivian zituen senitartekoekin harremanetan jarri dira agintariak, zehazki, haren anaiarekin, aberriratzearen gaineko xehetasunez jarduteko. Behin haiek eskea formalki egiten dutenean, urratsak hasiko dituzte hilotza hara eramateko. Era berean, Boliviako kontsulatuak bilerak izan ditu hango migratzaileek Bilbon osatzen duten komunitateko ordezkariekin. Izan ere, «estradizioa» ere eskatu dute andrea hil duen gizonezkoarentzat. Bolivian sortua da hura ere, eta zigorra han bete dezan nahi dute.

Huaytaren gertukoek mezu horiek ozendu zituzten ostegunean ere, hilketa salatzeko Bilbon eginiko protestetan. Eguerdian Bilboko Udalak deituta egin zen elkarretaratzean mezu hori zabaldu zuten, eta ilunabarrean mugimendu feministak antolatutakoan berritu egin zuten. Aurrekariak ditu gizon horrek; lehenago ere indarkeria matxista salaketak izan dira haren kontra, Espainiako Berdintasun Ministerioak jakinarazi duenez. Hala baieztatu zuen atzo, gainera, biktimaren alabak, Boliviatik ETBri egindako adierazpenetan: «Jazarri egiten zion, eta jo egiten zuen. Amak kontatua zidan, eta nik eskatua nion haren aurkako salaketa jartzeko». Zehaztu zuen duela gutxi izan zela azken eraso larria, «orain hilabete edo»: ospitalean artatu behar izan zuten Huayta, eta Poliziarengana eraman zuten gizona. Euskal Herrira etortzeko bisa lortzen saiatzen ari da orain biktimaren alaba.

Zigor bat Hendaian

Baionako Auzitegiak zortzi hilabeteko zigorra ezarri dio 57 urteko gizonezko bati, astelehen gauean emaztea, alaba eta biloba jotzea egotzita. Hendaian izan zen erasoa (Lapurdi), apartamentu batean. Familiarekin harremanetan jartzea ere debekatu diote orain gizon horri. Biktimetako bi lanera joan ezinik utzi zituen, zaurien ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.