Osakidetzak hiru espezialitatetako hautaprobak egingo ditu berriz

Kardiologia, anestesia eta angiologia espezialitateei eragingo die. ESK-k eta LABek iruzurra salatu dute beste hainbat probatan ere
Maria Jesus Mujika, Jon Darpon eta Maite Iruretagoiena., artxiboko irudi batean.
Maria Jesus Mujika, Jon Darpon eta Maite Iruretagoiena., artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU

Ane Zurutuza Irastorza -

2018ko uztailak 12
Osakidetzak berriz egingo ditu hiru espezialitatetako azterketak. Halaxe adierazi zuten, atzo arratsaldean, prentsaren aurrean egindako agerraldi batean. Bertan, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak azaldu zuenez, lau kategoriatako salaketak aztertu ondoren, salaketa horiek ikertzeko osatutako epaimahaiak erabaki du hiru espezialitatetako etsamina batzuk berriro egitea; hain zuzen ere, kardiologia kategoriako bigarren ariketa, anestesia kategoriako bi ariketak eta angiologia eta kirurgia baskularra kategoriako bi ariketak. Kirurgia plastikoa eta konpontzailea kategoriari dagokionez, berriz, egindako azterketen emaitzak onartu eta prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Mujikak adierazi duenez, «LEP hau ahalik eta gardenena izatea» lortu nahi dute erabaki honekin, eta baita parte hartu duten guztien «eskubideak errespetatzea» ere.

Duela hilabete lehertu zen oposizioen inguruko auzia. Ekain hasieran, hainbat medikuk, sindikatuk eta alderdi politikok salatu zuten azterketa batzuk filtratu ziren susmoa zutela. Aurtengo eskaintza inoizko handiena izan da, baina susmopeko espezialitateetan oso hautagai gutxik gainditu zituzten azterketak, eta gainditu zituzten horiek nota oso altuak izan zituzten, gainerakoekin alderatuta.

Handik egun gutxira, ESK sindikatuak eta Elkarrekin Podemosek notario aurrean sinatutako agiri bat erakutsi zuten parlamentuan; agiri horren arabera, langile batzuek probak egin aurretik asmatu zuten espezialitate batzuetako postuak norentzat izango ziren. Osagile batek honako hau esan zion orduan BERRIAri: «Jakina da arduradunek erabakitzen dutela postua nori eman; praktika orokortua da».

Hasieran, Jaurlaritzak eta Osakidetzak frogak eskatu zizkieten salaketa horiek egin zituztenei; gerora, ordea, jarrera aldatu zuten. Hasteko, lau espezialitatetako probak eten zituzten, eta adierazi zuten beste guztiak ere ikertuko zituztela, nahiz eta aurrera jarraituko zuten gehienek.

Salaketa horiek jaso ostean, informazio espedienteak aztertu zituzten, eta txostena eskatu zioten aditu independente bati. Txosten horren ondorioak hilaren 19an azaltzekoak dira Eusko Legebiltzarrean Osakidetza, Osasun Saila eta IVAP. Nolanahi ere, epaimahaiak atzo iragarri zuen berriz antolatuko dituztela hiru espezialitate horietako azterketak.

Salaketa gehiago

Astearte honetan, ESK eta LABsindikatuek jakinarazi zuen Osakidetzako iruzurrari lotutako salaketa gehiago jaso zituela. Horregatik uste dute irregulartasun gehiago egon daitezkeela oposizioetan. Auzia argitara atera zenetik, lekukotasun gehiago jaso dituzte, eta iruzur zantzuak aurkitu ditu ESK-k espezialitate batean —goi mailako ekonomia teknikarien probetan, hain zuzen—; LABek, berriz, zazpi espezialitatetan salatu ditu irregulartasunak.

Giroa gaiztotu egin dela uste du Manoel Martinezek, iruzurra argitaratu zuen medikuak. Presioak salatu ditu: «areriotasuna» eta «indiferentzia» nabaritu dituela esan du. Hautaprobetako iruzurrak ospitaleetako langile guztiek ezagutzen zituztela azaldu du, eta betidaniko sistema dela. Salatu duenez, aukeratuak ez direnentzat guztiz baztertzaileak dira oposizio horiek: «Ez dira inola ere oinarritzen gaitasunean, merituan eta berdintasunean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna