Adingabe migratzaileen artaren gabeziak, berriz ere agerian

EAEko fiskalburu Carmen Adanek esan du nerabeentzako zentroak «gainezka» daudela eta ez dutela ematen arreta egokirik

Adingabeentzako zentroa, Zornotzan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Lehendik egindako hainbat kritikaren berrespena izan ziren atzo EAEko fiskalburu Carmen Adanek migratzaile adingabeentzako egoitzez —familiarik gabe emigratutakoentzat izaten dira— adierazitakoak: «gainezka» daude, eta behar bezalako arretarik ez zaie ematen horietan nerabeei. Eusko Legebiltzarrean hartu zuen atzo hitza fiskalburuak, urteko jardunaren berri emateko, EH Bilduk eskatuta. Hainbat delitu klase izan zituen hizpide, baina bereziki adingabe migratzaileen arazo horren inguruan eman zuen abisua.

Iragan udazkenean, EAEko ararteko Manuel Lezertuak ere esan zuen zentroak ez direla aski beharrei erantzuteko; bisitan izan zirela hainbat egoitzatan, eta «gainezka» daudela. «Baliabide gehiago» behar direla nabarmendu zuen. Kezka hori bera adierazia dute aurretik arlo horretan ari diren beharginek eta hainbat eragilek, datu zehatzekin; iaz, esaterako, Zornotzako aterpetxeko (Bizkaia) egoeraz ohartarazi zuten CCOOk eta Elkarrekin Podemosek, eta salaketa bat ere ipini zuten: esplikatu zuten 40 gazte hartzeko prestatuta zegoela zentroa, eta 160 inguru zeudela. Arazo horien ondorioz, atzo Adanek azaldu zuenez, zentro horietan dauden hainbat migratzaile nerabek delituak egiten dituzte ; hain justu, usu egoitzetako «gatazken» ondorioz hasten dira arauak hausten, edo egoitzak hondatzeko ekintzekin.

Adingabe migratzaileen arazoaren muinean horien ugaritzea dagoela onartu zuen Adanek; udazkenean Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, milatik gora adingabe zeuden orduan Hego Euskal Herrian. Kopuru hori igoera etengabe baten erakusgarri zen. 2016ko urrian, 298 migratzaile zeuden; 2017an, 615. Foru aldundiek izaten dute gazte horien ardura Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; gobernuak Nafarroan. Harrera aterpeak, iraupen luzeko zentroak eta etxebizitzak erabiltzen dira gazteen artarako. Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eskatu izan diote Espainiako Gobernuari migratzaile horiek banatzeko—kuoten araberako sistema batekin— autonomia erkidego guztietan, baina ez du aintzat hartu eskea. Urrian esan zuen 40 milioi euro jarriko zituela gazteentzako harrera programentzat; horietatik 2,2 Hego Euskal Herrira zuzentzeko asmoa azaldu zuen. Udazkeneko datuen arabera, EAE da adingabe gehien jasotzen duten erkidegoetan laugarrena.

Migratzaileek hautsitako arauez harago, adingabeek egindako delituak, oro har,gora ari direla azaldu zuen Adanek, eta ezinbestekoa iruditzen zaiola Ertzaintzak propio delitu klase horietarako unitate bat izatea: «Ez dut ulertzen nola ez dagoen oraindik ere horrelako bat».

Indarkeria matxista

Erasoak jasan dituzten adingabeei begira ere baliabideak behar direla ere defendatu zuen Adanek; epaitegietan egiten dituzten deklarazioetan-eta arta hobetu egin behar dela uste du. Neurriak eskatu zituen, halaber, bortxa matxistaren biktimentzat; azaldu zuen gero eta salaketa gehiago ipintzen direla, baina auzibide guztiak ez direla amaitzen kondena batekin, usu «zailtasunak» izaten direlako frogak lortzeko.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Juan Luis Uriak Osakidetzako lan eskaintza publikoko irregulartasunen gainean galdetu zion —delitu zantzuak ikusi ditu fiskalak—, baina «isilpeko» ikerketa bat dela erantzun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.