Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak Espainian

Aritmetika zaildu zaio Sanchezi

PSOEk irabazi du berriz ere, baina ezkerreko blokeak ordezkaritza txikiagoa izango du UPren beherakadaren ondorioz. Eskuinean, PP eta Vox indartuta atera dira C's-en hondoratzea baliatuta: 57 diputatutik 10era jaitsi da

Aritmetika zaildu zaio Sanchezi.
ander perez zala
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Gobernabideari begira, jokaldia gaizki atera zaio Pedro Sanchez jarduneko presidenteari: lau urte pasatu dira Espainian egonkortasuna desagertu zenetik, eta blokeoak bere horretan jarrai dezake, aritmetika zaildu baitzaio agintariari. Orain arteko jarrerei eutsi ala ez, hor egongo da gakoa gobernua osatzeko hizketetan: PSOEk lortu du diputatu kopuru handiena, apirileko emaitzei eutsita, baina ezkerreko blokeak eserleku gutxiago izango ditu Espainiako Kongresuan, Unidas Podemosen (UP) beherakadaren ondorioz. Horri gehitu behar zaio PSOEk ez dituela bete jarritako aurreikuspenak, ordezkaritza handitu nahi baitzuen. Sanchezek, gutxienez, abantaila bat izango du: Pablo Iglesiasen pisu politiko txikiagoa dela.

Iñigo Errejon ere saiatuko da bere tokia bilatzen hizketetan; haren alderdi Mas Pais (MP) lehenengoz sartu da Kongresuan, hiru diputaturekin, baina ez du talde propioa izango. Errejon gobernabidea bermatzeko aitzakiarekin aurkeztu da, baina atzoko emaitzek agerian utzi dute hori zaildu egin duela: MPk PSOEren ezkerrean dauden boto emaileak banatu ditu, UPk zazpi diputatuak galdu baititu Errejonen alderdia aurkeztu den zazpi erkidegotan; eta, aldi berean, MPk ez du eserlekurik lortu probintzia horietan. Errejonek Iglesias buru duen koalizioa 42 ordezkaritik 35era jaitsarazi du.

PSOEko 120 diputatuak, UPko 35ak eta MPko hirurak batuta, ezkerreko blokeak 158 eserleku bildu ditu, apirilean baino zazpi gutxiago, eta 176ko gehiengotik urrun.



Rivera, maldan behera

Apirileko bozetan, Sanchezek ezkerrera zein eskuinera begiratzeko aukera izan zuen. UPkoengana jo zuen azkenean, PSOEko militanteen eta Ciudadanosen (C's) ezezkoak bultzatuta, Albert Riverarekin elkartuta gehiengo osoa pasatzen zuen arren. Gaurtik aurrera, ordea, ez du aukera hori izango: C's erabat hondoratu da, 57 diputatutik 10era jaitsita.

Zazpi hilabeteko epean, Rivera pisu politiko txikia izatera igaro da, Alderdi Popularrari (PP) gailentzeko aukera izan ostean: horren erakusle, Ciudadanoseko zuzendaritzaren erdia eserlekurik gabe geratu dela.

Beherakada horrek bi onuradun izan ditu. Batetik, Pablo Casadoren PPk apirilean galduriko eserlekuetako batzuk berreskuratu ditu —inoizko emaitza txarrenak izan zituen—, eta oposizioko eta eskuineko blokeko alderdi nagusia da, 88 ordezkarirekin.

Vox alderdia izango du atzetik, 52 diputaturekin, apirilean baino 28 gehiago jaso baititu; pisu politikoaren ikuspuntutik, atzoko garailea izan zen, zazpi hilabeteko epean lortu baitu ezerezetik boto kopuruan hirugarren indar politikoa bilakatzea. Hortaz, eskuineko blokeak 152 eserleku izango ditu —Navarra Sumaren bi ordezkariak batuta—. Gaurtik aurrera aukera guztiak daude mahai gainean. PPren abstentzioa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.