Gorenak ebatzi du Altsasuko bortxaketa sexu erasoa izan zela

Sanferminetakoa baino bost hilabete lehenago gertatu zen, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak abusutzat jo zuen. Sei urtera zigortu dute gizona

Erredakzioa
Iruñea
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren irizpidea zuzendu du, eta sexu erasotzat jo du 2016ko otsailean Altsasun izandako bortxaketa bat. Nafarroako auzitegiak abusutzat jo zuen, eta lau urteko espetxe zigorra ezarri zion erasotzaileari. Gorenak sei urtera igo du. Nafarroako auzitegiaren antzeko epai bat du mahai gainean Gorenak: hilabete batzuk geroago Iruñeko sanferminetan izandako bortxaketa. Hori ere abusutzat jo zuten.

Gorenaren arabera, sexu eraso gisa kalifikatzeko indarkeriazko elementuak izan ziren Altsasuko kasuan. 2016ko otsailaren 6an ospatzen ari ziren kintoen jaien testuinguruan jazo zen bortxaketa. Epaimahaiak frogatutzat eman duen kontakizunaren arabera, biktima edanda zegoen, eta une batean komunera joan zen; gizonenenean sartu zen, emakumeena okupatuta zegoelako. Erasotzaileak atzetik jarraitu zion; komun berean sartu zen, eta atea kisketarekin itxi zuen. Emakumeak hainbat alditan esan zion harremanik ez zuela nahi, baina halere erasotzaileak ukituekin jarraitu zuen; besotik heldu eta burua paretaren kontra jarri ostean, bortxatu egin zuen. Gorenaren arabera, ezin da esan erasotzaileak indarkeriarik erabili ez zuenik eta biktima ikaratzeko asmorik ez zuenik, Nafarroako auzitegiak esan zuen moduan. «Biktimaren ezezkoa argia izan arren, erasotzaileak behartu egin zuen, eta eraso egin zion».

Gorenaren iritzian, erasotzailearen jarrera da gakoa sexu erasoaren eta abusuaren arteko bereizketa egiteko. «Sexu erasoetan, bortxa erabiltzen da erasotzailearen nahia bete dadin, indarra erabilita zein biktima ikaratuz». Abusuetan, berriz, «biktimaren baimena lortzen da modu biziatu batean edo biktimaren gaitasunik eza aprobetxatuz». Indarraren erabileraz, Gorenak dio ez duela zertan zauririk eragin sexu erasotzat jotzeko.

Iruñeko erasoa ikertzen

Apirilaren 8an Iruñean izandako talde bortxaketaren auzian, berriz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak adierazi du ustezko hiru erasotzaileak ikerketapean daudela —baldintzarik gabe aske daude—. Gaineratu du biktimei laguntzeko protokoloa ezarri zela emakumea ospitalean zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.