Ruto izango da Kenyako presidente, botoen %50,4 lortuta

Oposizioak iruzurra salatu du. Hauteskunde Batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin diote emaitzak berresteari, argudiatuta «zenbaketa iluna» izan dela. Protestak piztu dira Nairobin

William Ruto presidentegaia, joan den abuztuaren 8an, Uasin Gishu herrian bozkatzen. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aste bat behar izan dute Kenyan presidentetzarako bozetako emaitza jakinarazteko, eta hura ere ez da izan gatazkarik gabea. Izan ere, hainbat orduz zain egon ostean, Hauteskunde Batzordeak iragarri zuen atzo William Rutok eskuratu zuela garaipena, baina batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin zioten emaitzak berresteari, «kontaketa iluna» izan zela argudiatuta. Ez zuten, ordea, azalpen gehiagorik eman. Emaitzen berri emateko prentsaurrekora joateari uko egin ziotenetako bat izan zen batzordeko presidenteordea, Juliana Cherera.

Elkarlanerako deia egin zuen orain arte gobernuko presidenteorde izandakoak emaitzen berri jakin eta berehala, eta nabarmendu zuen ez dela mendekurako garaia: «Ohartzen naiz gure herria ataka zailean dagoela, eta esku guztiak beharko ditugula hemendik irteteko». Garaipen estua izan da Rutorena: botoen %50,4 eskuratu ditu. Haren aurkari nagusiarentzat, Raila Odingarentzat, izan dira botoen %48,8.

Emaitzak jakinarazteko prentsaurrekoa hainbat orduz atzeratu izanak istiluak eragin zituen Hauteskunde Batzordeko kideak bilduta zeuden egoitzaren atarian. Zenbaketan «iruzurra» egon dela ere salatu zuten Odingaren kanpainako arduradunek. Izan ere, azken egunetako inkestetan hura zen irabazteko faboritoa. «Eskura dugun informazioaren arabera, Hauteskunde Batzordearen sisteman sartu dira, eta emaitzak manipulatu dituzte. Batzordeko kideren batek hauteskunde iruzurra egin du, eta atxilotu egin beharko lukete», salatu zuen Saitabao Ole Kanchoryk, Odingaren kanpainako arduradunak. Edizio hau ixtekoan, Odingak ez zuen adierazpenik egin, baina haren taldekideek eskatu zuten emaitzak bertan behera uzteko, argudiatuta ez zegoela adostasunik Hauteskunde Batzordeko kideen artean.

Mila hildako baino gehiago utzi zituzten 2007ko bozen osteko liskarrek, eta ehundik gora 2017koek. Hain zuzen ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkion Rutori 2007ko liskarren ostean, baina haren aurkako karguak bertan behera geratu ziren 2016an.

Uhuru Kenyattak irabazi zituen azken hauteskundeak, eta Odingaren aldeko botoa eskatua zuen hark. Erabakiak ere eman zuen zeresana; izan ere, Kenyattaren gertukoek Rutori «insubordinazioa» egotzita azaldu zuten presidenteak oposizioko alderdi bateko hautagaia babestu izana. Baina, Konstituzioaren arabera, presidenteordea ezin denez kargugabetu agintean jarraitu zuen Rutok, nahiz eta onartu Kenyattaren eta bere arteko harremana ez zela ona. Presidenteordearen esanetan «modu desberdinean» ulertzen zuten biek politikagintza.

Emakumeen ordezkaritza

Estatuburua ez ezik, 47 gobernadore ere aukeratu behar zituzten herritarrek joan den astearteko hauteskundeetan, eta horietan nabarmen handitu da emakume kopurua. Oraingo legealdian, zazpi izango dira emakumezko gobernadoreak, aurrekoan baino lau gehiago. Batzar Nazionalean ere sei izango dira emakumezko ordezkariak —290 diputatu dira guztira—.

Kenyako hautesleen ia erdiak emakumezkoak badira ere, oso hautetsi emakumezko gutxi aukeratu dituzte azken urteetan. Kenyako Emakume Parlamentarien Elkarteak salatu duenez, gainera, hautagaiek erasoak jasan dituzte kanpainak iraun duen asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.