Madrilen zer gerta ere

Espainiako ezegonkortasunak arriskuan jarri du EAEko eskumen berrien egutegia. Jaurlaritzak bi transferentziari buruzko dokumentazioa jaso du

enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Gernikako Estatututik igortzeko dituen ia eskumen guztien egutegia helarazi zion Eusko Jaurlaritzari urtarrilaren 22an, eta prest azaldu zen 33 eskumenetatik zazpi martxorako emateko, baina Espainia aldean egoera politikoa ezegonkor dago; Pedro Sanchez gobernuburuak kasik ezinezkoa du aurrekontuak onartzea; horiek ez onartzeak berekin ekar lezake Kongresurako eta Senaturako bozak berehala aurreratzea, eta, ondorioz, EAEko eskumen berriak arriskuan dira. Bitartean, horietako biren dokumentazioa jaso du Jaurlaritzak, aztertzeko.

Azkenaldian Meritxel Batet Espainiako Lurralde Politikako ministroarekin hartu-eman bat baino gehiago izan ondoren, JosuErkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak duela bi aste zioen Madrilek hitzeman ziela otsaileko aurreneko hamar egunetan jasoko zutela lehen zazpi transferentzien dokumentazioa, baina ez da hori gertatu. Atzo, Jaurlaritzaren bilera osteko prentsaurrekoan, Erkorekak jakinarazi zuen biren dokumentazioa jaso dutela, eta hasiak direla aztertzen. Hain zuzen, aldiriko trenen garraioaren eta farmaziako produktuen eskumenei buruzko legediaren dokumentazioak dira bi horiek.

Moncloaren egutegiko lehen partean jaso behar lituzketen beste bost eskumenak hauek dira: herri lanetako ikerketa eta esperimentaziorako zentroa; laguntza ETE eta berrikuntza teknologikorako; eskola asegurua; enplegua erregulatzeko espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak; eta bidaia eskolak.

Jaurlaritza ez da hasiko Madril aldeko ezegonkortasunaz «zurrumurruak eta espekulazioak» egiten, eledunaren esanetan. «Bete egin behar ditugun egutegi bat eta programa bat dauzkagu».

Espetxe ereduaz, hilabetera

Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari esana dio espetxe eskumena 2020ko urtarrilerako lekualdatzea espero duela. Bide batez, Eusko Legebiltzarreko taldeak aurrelanak egiten ari dira, eta martxoaren 13an izango da erkidegokoespetxe ereduari buruzko eztabaida monografikoa. EH Bilduk duela hiru hilabete aurkeztu zuen saioa egiteko eskaera, legebiltzarreko Mahaiak azaroaren 20an onartu zuen tramiterako, etaberriki jakin da noiz izango den.

EAEk «behar duen» espetxe eredua talde parlamentario guztien artean diseinatu behar dela deritzo EH Bilduk. Joan den otsailaren 1ean legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeko bost taldeak Zaballako (Araba) espetxera joan ziren, funtzionamendua hobeto ezagutze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.