Ekialde Hurbila. Boikot kanpaina. Omar Barguti. BDS kanpainaren sortzailea

«Gobernuek ez badute egiten, herritarrek bakartuko dute Israel»

Kokalekuen aurkako laguntza munduan zehar bilatzen du Bargutik: «Badakigu garai zailak datozela palestinarrontzat, baina nazioarteko keinu txikienak ere arnasa ematen digu borrokan jarraitzeko».

Samara Velte.
Donostia
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hegoafrikan apartheid-a desegiteko erabili zuten sistema dute erreferentetzat palestinarrek: herritarrak bereizi eta gutxiesten dituen Estatua nazioartean bakartzea dute helburu. Asmo horrekin jaio zen BDS, Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina, duela ia hamabi urte. Harrezkero, elkartasun eske dabil munduan zehar Omar Barguti (Qatar, 1964). Donostian izan berri da, Mundubat elkarteak antolatutako BDS elkarteen topaketa batean.

Kokalekuei legezko izaera aitortzeko asmotan dabil Israelgo Gobernua, eta Donald Trumpek ere iradoki du AEBetako enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugi dezakeela. Ez dirudi mundua palestinarren alde aldatzen ari denik.

Palestinarrok sumatzen dugu garai oso zailak datozela. Israel ez da ari soilik kokaleku gehiago eraikitzen eta haiek legeztatzen: garbiketa etnikoa ere egiten ari da bere estatuko herritar arabiarren aurka. Duela egun gutxi deuseztatu zuen Umm al-Hiran, Negev desertuko herri palestinar beduinoa. Israelgo herritarrak dira, baina hark Zisjordaniako palestinarrak balira bezala tratatzen ditu, euren etxeak suntsituz eta zerbitzuak ukatuz. Zapalketa gogortzen ari da, baina erresistentzia ere bai: orain gehiago sumatzen dugu elkartu beharra daukagula, eta erantzun.

Hamarkada bat baino gehiago daramazue BDS kanpaina zabaltzen. Zeintzuk izan dira azken urteotako lorpen handienak?

Hastapenetan, Israelgo erregimen okupatzailearen bakartzeakademiko eta kulturalean igartzen genuen gure eragina. Orain eragin ekonomikoa ere izaten hasi garela sumatzen dugu. Israelek berak 2015ean adierazi zuen bi «mehatxu estrategikori» egin behar ziela aurre: Irani, eta BDSri. Irrigarria eman dezake, baina agerian uzten du Israel,AEBetatik eta Europatik hainbeste diru jasotzen duen botere erraldoi hori, oso ahul sentitzen dela giza eskubideen aldeko herri mugimendu baketsu bati aurre egin behar dionean.

Lorpen handienak domino efektuarekin heldu dira: enpresa handiak bata bestearen atzetik hasi dira Israelgo ekonomiatik ateratzen, munduan zehar hainbat bezero galdu ondoren. Veolia izan zen lehena, hain zuzen ere Euskal Herrian, Bilbon, abiatu zuten kanpaina bati esker. 2015ean irten zen Israeldik, kontratuetan 23.000 milioi dolar galdu ostean. Gero, Orangek jarraitu zion; CRHk [Irlandako eraikuntza materialen enpresa]; eta, azkenik, G4Sk, munduko segurtasun enpresa handienak.

Hasi zinetenean espero zenuten lekura heldu zaretela esango al zenuke?

Ezta pentsatu ere: askoz hobetogaude. Hona heltzeko askoz denbora gehiago beharko genukeela uste genuen, Israel horren boteretsua delako. Ikasi dugu erresistentzia nahia zein indartsua den, baina baita ez dela aski ere. Ausardia garrantzitsua da, baina ez nahikoa; argia izan behar duzu, jakiteko zein den zure helburua, zein ez, eta nola heldu behar diozun. Hori izan da gure indar nagusietako bat. Hori, eta palestinarren arteko adostasuna BDS babesteko. Finean, ez dugu eskatzen nazioarteko legediaz harago doan ezer: eskubide berdintasuna besterik ez.

Pentsatzen dut Israelgo produktuak ez erostea erreakzio naturala izango zela hasieran palestinarrentzat. Noiz bihurtu zen ekintza estrategiko?

Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2004an ebatzi zuen Israel eraikitzen ari den harresia legez kanpokoa dela, eta munduko estatuek obligazioa daukatela hura geldiarazteko. Baina ikusi genuen NBEk, AEBen hegemoniarekin, ez zeukala gaitasunik edo gogorik gure eskubideen alde jarduteko, eta Hegoafrikaren bideari eustea erabaki genuen: Israel oinarritik bakartzea. Gobernuek ez badute egiten, herritarrek egingo dute.

Hasieran kultur munduko boikotean eta salgaienean jarri zenuten arreta; orain, boikot instituzionala eskatzen duzue. Zer egin dezake udal arrunt batek BDS kanpainari laguntzeko?

Guri kalte egiten diguten enpresetako inbertsioak eten. Ez diegu eskatzen euren eguneroko jarduna eten eta palestinarren eskubideen alde borrokan hasteko, baizik eta ez emateko dirurik okupaziotik probetxu ateratzen duten enpresei; HPri, adibidez. Hainbat udalek «apartheid israeldarretik libreko hiri» izendatu dute euren burua.

Nola jakin daiteke zein enpresa dauden kolonietan nahastuta?

WhoProfits izeneko herri mugimendu israeldar batek zerrenda bikaina dauka, eta NBE ere ari da bat osatzen.

Zuk zeuk aipatu duzunez gero: zein da, adibidez, HPren funtzioa okupazioan?

Kontrolguneetan segregaziorako erabiltzen diren teknologiak saltzen ditu; Israelen eta Zisjordanian erabiltzen diren ekipamendu biometriko guztiak harenak dira. Kokaleku batzuk hiri adimendunak dira, eta HPren teknologia erabiltzen dute. Eta Gazako setioan ere nahastuta dago, Israelgo armadak erabiltzen dituen ordenagailuak bereak direlako.

Nolakoa izan da erantzuna oraingoz? Ulertzen da mezua?

Gure zailtasun nagusietako bat da Israelek bere lobby-ak erabiltzen dituela herritarrei protesta eskubidea ukatzeko. Ekintzaileen aurkako auzibideak zabaldu ditu, mundu guztiari juduen aurkako arrazakeria egotziz, okupazioaren aurkako kritika antisemitismoarekin nahastuz. Mugimendu gisa, kategorikoki baztertzen dugu juduen aurkako arrazakeria. Ez dugu talde antisemitekin lan egiten, uste dugulako arrazakeria bakarra eta berbera dela.

Zailtasunak handiagoak izango dira leku batzuetan; Alemaniaren kasua bururatzen zait.

Erabat. Alemanian, zentsura instituzionalizatua dago. Eta Frantziako Estatua! Oso zaila da palestinarren eskubideak aldarrikatzea. Gero, badira gobernu oso israeldarzaleak dauzkaten herrialdeak baina gizarte zibil sendoa dutenak; esate baterako, Erresuma Batua. Eta, harrituko zara, baina BDS gehien hazten ari den herrialdea AEBak dira. Areago: geroz eta babes gehiago ematen digu hango komunitate juduak.

Azken urteotan nahiko nabarmena izan da palestinarren arteko kohesio falta, besteak beste banaketa politikoak eraginda. Duela pare bat aste, Biltzar Nazionala berriz abiatuko zutela iragarri zuten Al-Fatahek eta Hamasek. Zer espero duzu prozesu horretatik?

Egia esateko, ez dakit zer espero. Izan ere, ez dago soilik Palestinako alderdien esku: nazioarteko eragile ugari ari dira ahal dutena egiten batasun hori eragozteko. Azken batean, «banatu, eta gobernatuko duzu» da kolonizazioaren lehenbiziko legea. Hori zailtasun bat da guretzat, eta, horrez gain, hainbat politikari palestinar ustel dauzkagu, ez dutenak Palestinaren mesedetan lan egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.