Gizonezko bat espetxeratu dute, martxoan gizon bat hil zuen sutea piztea egotzita

Etxegabeek lo egiten zuten eraikin batean izan zen, Donostian. Indarkeria matxistarekin lotu du Poliziak: han egon ohi zen bikotekide ohia

Suhiltzaileak lanean, joan den martxoaren 1ean, suak erretako eraikinean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu du Bergaran (Gipuzkoa), berak eragin zuelakoan joan den martxoaren 1ean Donostian abandonatutako etxe batean izandako sutea. Gertaera hartan 49 urteko gizonezko bat hil zen. Atxiloketa joan den ostegun goizean egin zuen Ertzaintzak, gizona bere etxetik irtetera zihoanean, baina Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak atzo eman zuen horren berri. Atxilotua Donostiako hirugarren instrukzio epaitegiko epailearen aurretik pasatu zen ostiralean, eta Martuteneko espetxean dago harrezkero, Donostian. Poliziak ondorioztatu du nahita piztu zuela sutea, eta gainera ohartarazi du indarkeria matxistarekin lotuta egon litekeela: hipotesi nagusiaren arabera, atxilotuak bikotekide ohiarekiko mendekuz eman zion su eraikinari, andreak han egiten baitzuen lo batzuetan.

Donostiako Zubiberri Bidea kalean dago erretako eraikina. Urteak zeramatzan hutsik, eta hainbat etxegabek aterpe modura erabiltzen zuten. Sutea piztu zenean, emakumea ez zegoen eraikinean, baina han egiten zuen lo sarritan. Atxilotutako gizonak urruntze agindua zuen. Gau hartan, hiru pertsona zeuden barruan: hildakoa eta beste bi, ospitalera zaurituta eroan zituztenak.

Martxoaren 1eko 05:30 aldera piztu zen sua. «Azkar» zabaldu zen, eta «nabarmen» hondatu zuen eraikina. Beheko solairuan lo zeuden bi gizonak zaurituta eroan zituzten Donostiako ospitalera; batek hanka apurtu zuen garretatik ihesi zihoala, eta besteak kea arnastu zuen. Hirugarren gizona, hildakoa, goragoko solairu batean lo zegoen. Sutea itzali eta barrura sartzea lortu zutenean, suhiltzaileek haren gorpua topatu zuten, erreta.

Susmagarria, hasieratik

Ertzaintzak hasieratik esan zuen suteak nahita piztua izan zen zantzuak zituela. Segurtasun Sailak orain azaldu duenez, joan den astean atxilotutako gizona susmagarri nagusia izan da ikerketaren hasieratik. Sasoi batean eraikinean bizi izan zen, bikotekide zuen emakumearekin. Harrezkero, gizon horrek sutearen egunean Gipuzkoako hiriburuan egin zituen mugimenduak ikertzen aritu da Ertzaintza. Hala, jakin dute martxoaren 1ean Donostian trena hartuta alde egin zuela, sutea piztu eta minutu gutxira.

Sua pizteko erregaia zelan lortu zuen ere ikertu dute. Izan ere, Ertzaintzaren ikerketa zientifikoko kideek suteak utzitako hondakinak ere aztertu zituzten, eta erregaiaren aztarnak topatu zituzten: zehatzago, adierazi dute gasolina erabili zuela sua azkarrago hedatzeko. Ikerketan jakin dute atxilotuak ustez beste baten bidez eskuratu zuela gasolina; hala ere, Ertzaintzak argi utzi du beste pertsona horrek ez zekiela zertarako nahi zuen erregaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.