Ametsa egia bihurtuta

Oscar Rodriguezek garaipen historikoa eman dio Euskadi Muriasi Vueltako 13. etapan, Camperonan erakustaldi gogoangarria eginda
Oscar Rodriguez Euskadi Muriasekoa, garaipena ospatzen.
Oscar Rodriguez Euskadi Muriasekoa, garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 8
Amets batzuk betetzea oso zaila da. Ezinezkoa kasik. Baina amestea libre da. Euskadi Muriasek etapa bat lortzeko ilusioa zuen bere lehen Espainiako Vueltan, eta ia egunero ari zen saiatzen. Garaipenak garesti izaten dira itzuli handietan, sari hori lortzeko munduko talde onenekin borrokatu beharra baitago. Bada, ia utopia zena errealitate bihurtu zuen atzo Oscar Rodriguez burlatarrak. Eguneko ihesaldia harrapatu, Camperonako malda pikoetan tropeleko zaldi nagusietako batzuk menderatu, eta World Tourreko lehen garaipena eman zion Euskal Herriko taldeari. Lehen urtea du Euskadi Muriasek Kontinental Profesional mailan, eta atzo Rodriguezek lorturiko balentria akuilu izango du.

Lasterketa irabazteko lehian, Nairo Quintana (Movistar) izan zen indartsuena, baina aurkari gehienei ez zien errenta handirik atera. Simon Yatesek (Mitchelton) azken metroetaraino eutsi zion kolonbiarrari, baina, azkenean, sei segundo utzi zituen helmugan, Enric Masek (Quick) baino hiru gutxiago. Alejandro Valverdek (Movistar) eta Thibaut Pinotek, berriz, hamazazpi segundo galdu zituzten; hogei Miguel Angel Lopezek (Astana), eta hogeita bost Wilco Keldermanek (Sunweb), David De la Cruzek (Sky), Steven Kuisjwijkek (Lotto Jumbo) eta Rigoberto Uranek (Education First). Eguneko galtzaileetako bat Ion Izagirre (Bahrain) izan zen, 42 segundoko atzerapena izan baitzuen Quintanarekiko. Edonola, sailkapenean zazpigarren dago oraindik.

Azterketa eguna zen oilarrentzat, eta zer esanik ez Jesus Herrada (Cofidis) liderrarentzat. Atzo hasi zuen maillot gorriaren defentsa, eta zeukan aldearen erdia galdu zuen: lehen, 3.22ra zeukan Yates bigarren sailkatua, eta orain, aldiz, 1.42ra gerturatu zaio. Ihesaldian sartzeko imintzioa egin zuen Herradak etaparen hasieran, baina atzera egin zuen. 32 txirrindulariko multzo erraldoiak egin zuen ihes tropeletik eguneko lehen mendatean. Bertan zen Rodriguez, Gari Bravo eta Eduard Prades taldekideekin batera. Gorka Izagirrek (Bahrain), Imanol Ervitik (Movistar) eta Alex Aranburuk (Caja Rural) osatu zuten euskaldunen ordezkaritza.

Garbi ikusi zen ihesaldiak arrakasta izango zuela berriro. Ia hamar minuturen aldea izan zuen, eta, Movistar, Cofidis eta Astanaren joak errenta nabarmen murriztu arren, iheslarien artean jokatu zuten etapa Camperonako igoera labur eta bortitzean. Ilnur Zakarin (Katuxa) izan zen sua pizten lehena, eta, hurrena, Rafal Majkak (Bora) eta Dylan Teunsek (BMC) egin zuten aurrera. Garaipena haietakoren batentzat izango zela zirudien, baina Rodriguezek harrapatu egin zituen azken kilometroan sartu aurretik, eta, gero, atzean utzi. Indarrak bikain neurtu zituen burlatarrak, eta garaipen «sinestezina» lortu. Gaurkoa ere igotzaileentzako etapa izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria