Diputatu katalan kargugabetuez egindako akordioa, kolokan

CUPek ez du argitu JxCren eta ERCren proposamena babestuko ote duen astearteko bozketan

Igor Susaeta.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak oraindik ez dakite aurrera atera ahal izango duten edo ez diputatu kargugabetuen auzian adostea hainbeste kostatu zaien proposamena. Bi indar subiranista nagusiek zera planteatu zioten atzo Diputatuen Estatutuaren Batzordeari: prozesu subiranistaren harira matxinadagatik auzipetuta dauden diputatuek aukera izatea «haien eskubide parlamentarioak» beste parlamentari batzuen esku uzteko; hau da, Carles Puigdemontek, Oriol Junquerasek, Raul Romevak, Jordi Turullek, Josep Rullek eta Jordi Sanchezek eduki dezatela, orain arte bezala, botoa delegatzen jarraitzeko aukera. Eta horren inguruan bozkatuko dute asteartean Parlamentuan (12:00). Baina gehiengo osoa behar da proposamena onartzeko, eta CUPek ez du argitu zer bozkatuko duen.

Ebazpen hori mahai gainean jarrita, JxCk eta ERCk asmoa dute gehiengo parlamentarioari eusteko eta abenduaren 21eko bozetako emaitzak errespetatzeko, eta Catalunya En Comu ados dago.

Ebazpenak bi puntu ditu; aurrenekoa kargugabetzeei buruzkoa da. Puntu horretan ez da arazorik egongo, CUPek ere kargugabetzeen kontra bozkatuko baitu. Bigarren puntuak proposatzen duena da, ordea, aukera ematea botoa delegatzen segitzeko. Eta antikapitalistek uste dute sobera dagoela; «legebiltzarrak kargugabetzeen kontra bozkatzen badu, parlamentariek beren eskubideei eutsiko liekete», nabarmendu zuen atzo Vidal Aragones diputatuak.

Eta, CUPen babesik gabe, JxCk eta ERCk proposatu eta Comukoek babestutako formulak ez luke gehiengo osorik lortuko. Kataluniako komunikabideek atzo kaleratutakoaren arabera, bi indar subiranista nagusiek uste zuten nahikoa zela gehiengo soilarekin. Diputatuen Estatutuaren Batzordean zegoen Joan Ridao Legebiltzarreko letradun nagusia, eta argitu zuen gehiengo osoa behar dela, hori zehazten duela ganberaren arautegiaren 25. artikuluak.

68 boto behar dituzte. Iturri juridikoen arabera, sei kargugabetuek eta Antoni Cominek ezingo lukete bozketa horretan botoa delegatu. JxC eta ERC 59rekin geratuko ziren, eta Comukoen zortziak ere ez ziren nahikoa izango.

Bestetik, Nacio Digital Kataluniako agerkariak PDeCATeko iturriak aipatuz argitaratutako informazioaren arabera, PDeCATek ez du Puigdemonten Crida mugimenduan integratzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.