Indonesiako abioiak ez zuen aireratu behar

Urrian Javako itsasoan erori zen hegazkineko pilotuak «makinaren kontra aritu ziren», ikerketa batzordearen arabera; 189 lagun hil ziren ezbeharrean. Aurreko bidaian «arazo tekniko bat» izan zuen
Nurcahyo Utomo ikerketa batzordeko kideetako bat, azalpenak ematen, atzo, Jakartan.
Nurcahyo Utomo ikerketa batzordeko kideetako bat, azalpenak ematen, atzo, Jakartan. BAGUS INDAHONO / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 29
Urriaren 29an Javako itsasoan (Ozeano Barean) erori zen Lion Air enpresaren hegazkina ez zegoen aireratzeko baldintza egokietan, aurreko hegaldian «arazo tekniko bat» izan baitzuen. Horren ondorioz, pilotuak «makinaren kontra aritu ziren» Indonesiako hiriburutik atera zirenetik, eta, 11 minutuz hegazkinaren kontrola berreskuratzen saiatu ziren arren, ez zuten arrakastarik izan: 189 lagun hil ziren ezbeharrean.

Horiek dira istripua ikertzeaz arduratzen den KNKT Garraioen Segurtasunerako Batzorde Nazionalak bildu dituen ondorioetako batzuk, atzo jakinarazi zuen atariko ikerketan. KNKTko kide Nurcahyo Utomok prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, arreta gertakari batean jarri dute, istripuaren arrazoiak zeintzuk izan ziren argitzeko «goizegi» den arren: sistema automatiko batek sentsoreen irakurketa okerrak egin zituen, eta horrek eragin zuen hegazkinaren aurreko partea behera begira jartzea. Jakartatik Sumatra irlako Pangkal Pinang hirira (Indonesia) joatekoa zen hegazkina, ordubeteko bidaian, baina aireratu eta hamahiru minutura erori zen; 11 minutuko tartean, beraz, pilotuak hegazkina orekatzen ahalegindu ziren.

Zehazki, kutxa beltzeko datuak aztertuta argitu dute pilotuek hogei alditan baino gehiagotan orekatu zutela abioiaren norabidea, baina sistemak hegazkina beherantz bideratuz erantzun zuela etengabe. «Pilotuek ez zioten borrokatzeari utzi», Utomok jakinarazi zuenez.

Atariko ikerketaren ondorio horiek baliagarriak izango dira 189 biktimen senideentzat, denek jarria baitute Boeing hegazkinak egiteaz arduratzen den enpresaren aurkako salaketa AEBetako epaitegi batean: argudiatu dute «segurtasun arazoak» izan zirela, enpresak ez zielako arazoen berri eman ez Lion Air enpresari eta ez pilotuei. Utomoren hitzek errealitate hori baieztatu zuten: «Gure ustez, hegazkina ez zegoen hegan egiteko baldintza egokietan, eta ez zuen airean jarraitu behar».

Eskuliburu eta protokoloak

Datozen asteotan, ikerlariek bi elementu aztertuko dituzte, istripuaren arrazoia zehazteko: Boeing hegazkinen protokoloak eta eskuliburuak. «Abioiaren diseinua, eskuliburua eta pilotuek egoera horri informaziorik gabe aurre egin behar izatea, horiek guztiak lotuta daude; orain ezin dugu arrazoi zehatza finkatu».

Horrekin batera, ikerlarien asmoa da istripuaren aurreko hegaldian izandako komunikazio katea aztertzea. Izan ere, pilotuek abioiaren arazoen berri eman zioten Lion Air enpresako mantentze taldeari, eta horrek, hegazkinaren egoera aztertu ostean, berriz aireratzeko baimena eman zuen. Gerora begira, ikerketa batzordea harremanetan jarri da jada Lion Air enpresarekin, segurtasunaren arloan zenbait gomendio emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna