Soka noiz hautsiko zain

Espainiako Vueltako lehen bederatzi etapak jokatuta, sailkapen nagusiko lehen hamar txirrindulariak 48 segundoren tartean daude

Julen Etxeberria -

2018ko irailak 4
Bete-betean asmatu dute aurtengoa aspaldiko Espainiako Vueltarik parekatuena izango zela ziotenek. Aurreneko bederatzi etapak jokatuta, sailkapen nagusia nola dagoen ikusi besterik ez dago. Lehen hamarren artean 48 segundo besterik ez dago. Distantzia hori dago Simon Yates liderraren (Mitchelton) eta George Bennett (Lotto-Jumbo) hamargarren sailkatuaren artean. 11. sailkatua, Fabio Aru (UAE), berriz, Yatesengandik 1.08ra dago.

Ustekabeko gutxi dago sailkapenean aurrean dauden txirrindulariei dagokienez. Guztiak ziren hautagai Vuelta hasi zenean. Tony Gallopin (Ag2r) seigarren tokian ikustea izan daiteke deigarriena, baina sasoiko dago frantziarra. Zortzigarren etapa irabazita erakutsi du. Haren aurretik dago Jon Izagirre (Bahrain). Bikain ari da ormaiztegiarra, eta oso erregular: lau etapatan sailkatu da lehen hamarren artean.

Baina badira ere faboritoen artean espero baino apalago ari direnak. Adibidez, 1.50era dago Wilco Kelderman (Sunweb), eta 2.33ra Thibaut Pinot (FDJ). Askoz okerrago ari dira Rafal Majka (Bora) —5.44ra dago— Bauke Mollema (Trek) —9.50era—, Gorka Izagirre (Bahrain) —11.50era— eta Ilnur Zakarin (Katuxa) —13.26ra—, besteak beste. Aparteko aipamena merezi dute, berriz, Vincenzo Nibalik (Bahrain) eta Richie Portek (BMC). 37.12ra dago Nibali, eta ordubete pasatxora Porte.

Ez dirudi hurrengo hiru egunetan soka hauts daitekeenik, itxuraz zailtasun handirik gabeko etapak baitira. Asteburukoak, ordea, gogorrak dira. Ostiralean, La Camperona Lehen Mailako mendatean amaituko da etapa; larunbatean, Les Praeres Lehen Mailako gainean; eta igandean, Covadongako Aintziretako etapa gogor eta ezaguna jokatuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Etxeberria

Informazio osagarria