Albistea entzun

Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran. Russel Boney Bentley 'Texas'. Vostok batailoiko miliziano estatubatuarra

«Erantzukizuna badudala uste dudalako ari naiz borrokan»

Texas sorterria atzean utzi, eta Ukraina ekialdera matxinoekin batera borrokatzera joan zen Russel Boney Bentley. Gudu ezizen bat ere badu,Texas, eta Donetskeko aireportu ondoko Spartak posizio arriskutsuan ari da borrokan. BERRIAk gerra frontean bertan elkarrizketatu du.
MIKEL ARREGI

Mikel Arregi Askasibar -

2015eko apirilak 16 - Donetsk

AEBak iazko azaroan utzi zituen Texasek, eta, Volgograden «eroritako heroiei errespetua» adierazi ostean, Rostovera joan, eta Donetskerako bidea hartu zuen. Vostok batailoian izena eman, eta milizietan sartu zen.

Zergatik ari zara borrokan?

Ni, komunista eta antifaxista naiz. Horretan sinetsi izan dut beti, eta horrek bultzatuta etorri nintzen Donbassera. Kieven, Maidanen gertatzen ari zena ikusi nuenean, berehala ikusi nuen Amerikak zerikusia zeukala honetan guztian. Lehenago Panaman, Libian, Afganistanen, Sirian eto Iraken egin zuten gauza bera egiten ari dira. Ukrainara demokrazia askea ekarriko zutela esan, eta, horren ordez, estatu kolpe bat eman zuten. Hori egiteko, bertako talde naziei indarra eman zieten; orain hemen ikusten ari garena, horren guztiaren ondorio besterik ez da.

Donetsk eta Luhanskeko herri miliziek, Donbasseko herri erresistentziak, ukrainar gobernuan diren nazien kontra egiten du borroka. Kriminalak dira, eta norbaitek geldiarazi behar ditu. Agintean daude, jendearengan eragina duten erabakiak hartzeko eskumena dute, eta AEBentzat lan egiten dute, gainera. Estatubatuar gisa, honetan guztian erantzukizuna badudala uste dut. Horregatik nago hemen, borrokan.

Zer rol jokatzen du zure herrialdeko gobernuak Ukraina ekialdeko gatazkan?

Egiten ari direna krimena da, ez du beste izenik. Duela lau hilabete heldu nintzen hona. Lehenik, aireportuan egin nuen borroka, eta, gero, Spartak posiziora ekarri ninduten. Hemen suntsitzen den eraikin bakoitza, apurtzen den leiho bakoitza, hiltzen den pertsona bakoitza edo Errusiara ihes egin behar duen familia bakoitza AEBen erantzukizuna da. Ez baliete Kieveko naziei babesa eman, gerra hau ez zen sekula gertatuko. Ez zen jenderik hilko, ez zen etxerik suntsituko…

Hemen Donbasseko miliziano ugari daude, baita inguruko zenbait herrialdetako borrokalariak ere. Zu, berriz, AEBetatik zatoz. Zer esaten dizute burkideek borroka frontean zaudenean?

Ongi hartzen naute. Hemen beste bat gehiago naiz, eta, guztien moduan, laguntzen saiatzen naiz.

Zer asmo duzu herri milizietan, noiz arte geratuko zara?

Garaipenera arte, bukaerara arte.

Eta noiz iritsiko da garaipena?

Nire ustez, aurten Kieven jarri duten erregimen faxista erori egingo da. Donbassen gerra galtzen ari dira, eta beste aldean gerrara derrigor bidaltzen duten jendeak ez du hona etortzeko gogorik. Egoera ekonomikoa, gainera, okerrera doa nabarmen, eta ukrainar aldeko jendea haserretzen hasia da. Maidan osteko Ukraina gero eta okerrago dago, eta hemen gero eta antolatuago gaude.

Zenbat denboran diharduzu hemen, Spartak posizioan?

Egun batzuk besterik ez. Lehenago, aireportuan aritu naiz. Abenduaren 21a izan zen nire lehen borroka eguna aireportuan, eta, ordutik, benetan une gogorrak bizi izan ditut. Borroka gordinak izan dira, eta bizirik irtetea lortu dut. Artilleria eraso latzak bota zizkiguten, eta, orain su-etena indarrean dagoen arren, grad suziriak bota dizkigute Spartakera, zuek etorri baino ordu erdi lehenago. Hau oso posizio gogorra da. Lehenago ukrainarrak zeuden tokian gaude, aireportutik gertu, eta arerioari atzera eginarazi diogu azken asteetan. Baina egunero egin behar dugu tiro, eta kontran artilleria sua jasotzen dugu.

Zein izan da gudu zelaian bizi izan duzun unerik latzena?

Ohea oso deserosoa da (barrez). Bestela, dena ondo dago, kamarada onak ditut, eta jatekoa ez dago gaizki. Soldaduaren bizimodua dugu, gure biziak ez du gehiegi axola.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestazioa Melillan: mugetan heriotza gehiago ez

Kalea hartu dute Melillako migratzaileek

Jone Arruabarrena

Iragan ostiralean Melillan geratzea lortu zuten migranteek protesta egin dute. Marokoko poliziaren tratu txarrak salatu dituzte: «Hesian, gure lagunak autoekin zapaldu zituzten jendarmeek»

Migratzaile talde bat, Melillako kaleetan. ©F.G.GUERRERO / EFE

Melilla: bi mundu erkatuta

Jone Arruabarrena

Kontrasteak ezaugarritzen du Melilla: kultura ezberdinen arteko nahasketak, herritarren eta migranteen artekoak eta, batez ere, klase sozialen artekoak. Hesia igarotzen ahalegintzen diren migratzaileen aurkako bortizkeria ohikoa da, melillarren esanetan.

Albanese eta Macron, gaur, Eliseoan. ©EFE

Australiak eta Frantziak haien arteko erlazioa berrezarri dute

Igor Susaeta

Macronek esan du Albanese ez dela itsaspekoekin gertatutakoaren «erantzulea». Australiako lehen ministroarentzat, bi herrialdeen arteko harremana berriro hasi da

 ©BERRIA

«Hong Kongek Txinako hirien antza izango du, baina askatasun gutxiago»

Josep Solano

Erresuma Batuak Hong Kong Txinari bueltatu zionetik 25 urte bete dira gaur. Ekintzaileak ez du uste itzuliko denik «giza eskubideen eta demokraziaren alde lan egiten» segitzen badu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.