Aste erabakigarria

Baskoniak Panathinaikosen pabiloian jokatuko du gaur. Greziako taldeak arabarrek baino garaipen bat gutxiago du. Garino ez da ariko

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Denboraldi osoan, Euroligako ligaxkako partiden atarian eta ondoren, Baskoniako jokalariek eta Velimir Perasovic entrenatzaileak adierazi izan dute emaitzak garrantzitsuak zirela, baina ez erabakigarriak. Ligaxka, ordea, azken txanpan sartu da. Lau partida baino ez dira falta, eta garaipen bakoitzak urrea balio du, zortzi onenen artean egoteko azken lekuak lortzeko.

Aste hau bereziki erabakigarria da Baskoniarentzat, lau partida horietatik bi jokatuko baititu. Lehena gaur izango da, Panathinaikosen aurka, Atenasen (20:00);bestea, berriz, ostiralean, Buesa Arenan, Real Madrilen aurka (20:30). Ez du egutegi samurra Baskoniak, gero Anadoluren aurka jokatu beharko baitu, etxean, eta CSKAren aurka, kanpoan.

Gaurko lehiarako beste jokalari garrantzitsu bat faltako du Perasovicek: Patricio Garino. Hegalekoak min hartu zuen ezker oinean, igandean, Teneriferen aurkako partidan, eta Gasteizen geratu da, medikuak probak egin eta zer duen argitu dezan.

Panathinaikos arabarren aurkari zuzena da final-laurdenetan egoteko. Hamahiru garaipen ditu, Baskoniak baino bat gutxiago. Perasovicek honela aztertu du gaurko aurkaria: «Pitino aulkian dagoenetik, asko aldatu da haien jokoa. Erasoan batez ere askoz ausartago ari dira.Talde osoa da, bai kanpotik, bai uztaipean. Eskarmentu handia du, gainera».

Bi taldeak bolada oso onean dira. Etxekoek azken lau partidak irabazi dituzte, eta bete-betean sartu dira final-laurdenetan egoteko borrokan; Baskonia, berriz, azken hiruretan gailendu da—ACB ligako partidak kontuan hartuta, sei garaipen daramatza erreskadan— .

Atenasko taldean bi izen nabarmendu behar dira: Nick Calathes kapitaina eta Keith Langford. Calathes da Panathinaikosen saskiratzaile onena Euroligan: 11,7 puntu daramatza partidako batez beste. Azken jardunaldian, berak sartutako hiruko bati esker, ezustea eman zuten, eta 77-78 nagusitu ziren CSKA ahaltsuaren kantxan. Langfordek, berriz, 33 sartu zituen lehen itzuliko partidan, Buesa Arenan.

Baskoniak, dena den, bederatzi punturen aldeaz gailentzea lortu zuen: 86-77. Beraz, gaur galduz gero, gutxienez puntu aldeari eustea izango dute helburu arabarrek. Sailkatzeko zenbat garaipen gehiago beharko diren galdetuta, Perasovicek ondorengoa erantzun zuen: «Ez dut horretan pentsatu nahi, gure aurkari zuzenen emaitzen arabera ere egongo delako. Garrantzitsuena guk irabaztea da, hala ez dugulako haiei begira egon beharko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.