Dirdiraren oroimina

Garai bateko ospetik urrun dago Monako, Realaren gaurko aurkaria. «Estadioak epela izateko fama du», dio Patxi Vrignon-Etxezaharretak.

Mikel Oiartzabal eta Djibril Sidibe lehian, Anoetan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Lehengo distirarik ez da Monakon. Glamourraren eta handinahiaren hirian ilundu da futbolaren zeruertza. Garai bateko izarrak falta dira Louis II.a estadioan, eta ahaztear du orduko loria; Europako jokalaririk onentsuenen habia bilakatu zen hamarraldi bikain hartakoa.

Orain apalago ari da hango taldea, eta Realari komeni zaio hori. Izan ere, han ariko da gaur, Europa ligan, eta, dotoreziaz ala ez, lehen hiru jardunaldiak igarota,Monako dago B multzoko lehendabiziko postuan, eta Reala da bigarren dago, bi puntura: «Europa ligako multzoak atera zirelarik, pentsatu nuen Reala eta Monako izan ahal zirela txapelketa irabaz zezaketen bi talde», esan du Patxi Vrignon-Etxezaharretak. AFP Agence France-Presse hedabideko kirol kazetaria da, eta egun, Madrildik dihardu, besteren artean, Espainiako ligaren nondik norakoak segitzen.

Hargatik, badu Realaren ezagutza, eta sasoi honetan Monako bertatik bertara ikusteko parada ere izan du, Donostian hain zuzen ere: «Egon nintzen Anoetako partidan, eta aski berdindua izan zen. Monakok hartu zuen lehen gola hastapenean, eta, gero, Reala egon zen partida guztian garaipena lortzeko entseatzen».

Printzerriko taldearen erradiografia ere egin du Vrignon-Etxezaharretak. «Ez da orain urte batzuetako Monako hura. Beti dute gazteak formatzeko kutsua, baina zailtasunak dituzte liga txapelketan. Zortzigarren dira; ez dira Txapeldunen Ligarako sailkatzeko tokietatik hain urrun, baina ez da duela urte batzuetako Monako hura: Mbappe, Sidibe eta belaunaldi bikain hura ukan zutelarik, ez da gehiago Monako berdina».

Gaur iluntzean lehen bi sailkatuak ariko dira Louis II.a estadioan, eta B multzoaren etorkizuna zizelkatuko duen partida izan daiteke. Garaipen batek lehen postuan kokatuko ditu txuri-urdinak; kontrara, ez irabazteak asko zail deizaioke txapelketan segitzea.

Kudeaketaren garrantzia

Alde horretatik, Monakoren estadioak badu abantaila bat. Zaleen erantzuna urardotu egin da azkenaldian. Aurtengo Europa ligan oso lagun gutxi izan dira harmailetan: 5.840 lagun PSVren aurkakoan, eta 2.941 Sturm Grazen egunean. Batez beste, 4.165 zale joan dira txapelketa kontinentaleko partidak ikustera, 18.523 lagun sartzen diren estadioan.

«Monakoko zelaia Frantzian famatua da oso epela izateko. Sekula ez da girorik, biziki hotza da. Ez dakit horrek lagunduko dien». Kontrara, Realak 1.000 zale ingururen babesa izango du.

Monako ez da bere unerik gozoenean, eta ligako akidura kudeatu egin beharko dutela dio Vrignon-Etxezaharretak: «Nahiko zailtasun badituzte horretarako». Gainera, beren selekzioekin aritu diren jokalari batzuk ere badituzte. «Realak jokalari batzuk berreskuratu ditu selekzioetatik, eta zaurituak ere bai, eta aski ongi ikusten dut», dio kazetariak, eta uste du «golak sartzeko erraztasun handiagoa» izango duela.

Dena den, ohartarazpen bat egin du Vrignon-Etxezaharretak: «Realak badu liga, baina Monakok ez du kontsolamendu hori, urrun direlako, eta garrantzi handia ematen die Europa ligari, eta partida honi».

Frantziako ligan urrun, Monakok Europa ligan du suspertzeko xedea, garai batean izandako dir-dira berreskuratzeko asmotan. Gaur ikusiko da hala den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.