EKOGRAFIAK

Konfiantza eta boterea

Miren Manias -

2018ko uztailak 11
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren amaiera gero eta gertuago dagoela dirudi. Hogeita lau ordu baino gutxiagoko epean dimisioa aurkeztu dute haren gobernuko bi kidek: Boris Johnson atzerri ministroak atzo, eta igande gauean David Davis Brexit-erakoak. Ez dira, horregatik, ardura arrunta duten pertsonak, eta krisi sakona eragin dute kontserbadoreen alderdian. Johnsonek, gainera, honako hau ohartarazi nahi izan dio Mayri: «Brexit-aren ametsa hilzorian dago, beharrezko ez diren zalantza itogarrien erruz». Lehen ministroari bidalitako eskutitz batean azaldu du hori eta, ondotik, hedabideetan publikatu.

Gauza jakina zen Mayren gobernuko kideen artean desadostasunak zirela. Laburki esanda, nork bere modua hobetsi nahi duelako Europar Batasunetik irteteko. Hala ere, ezustekoa izan da lehen ministroarentzat. Mayk honela erantzun die Johnsonen adierazpenei: «Sentitzen dut —sorpresa txikia izan da— albiste hau jasotzea, ostiralean izandako bilera emankorraren ostean non proposamen xehea adostu zuen taldeak». Honek ere hedabideetan publikatu ditu bere hitzak eta bizkor bilatu gobernurako ordezkoak. Helburua da batasun irudia helaraztea eta ziurtatzea Jeremy Corbyn oposizioko liderra ez dela boterera iristen. Horretarako hogeita lau ordu baino gutxiago behar badira ere.

Laster amaituko dut Borgen (2010-2013) Danimarkako telesailaren lehen denboraldia, eta antz ugari ikusi ditut Erresuma Batuko egoera politikoarekin. Kasu honetan, ordea, ezustekoz bihurtzen da Birgitte Nyborg Danimarkako lehen ministro, eta koalizioan osatutako gobernuari eutsi behar dio. Herenegun ikusitako atalean, zehazki, gobernu taldeko kide batek eragindako eskandalu kasu bat kudeatu behar izan zuen. Areago, irtenbide bakarra dimisioa aurkeztea dela uste du Nyborgek. Kide horrek, baina, ez ditu nagusiaren aginduak beteko eta hedabideei deituko die, azalpenak ematen saiatzeko.

Zer da gobernu bat kideen arteko konfiantzarik gabe? Horretan datza boterea. Bistan da Danimarka eta Erresuma Batua ez daudela oso urrun botere politikoa kudeatzeko garaian. Koalizio gobernuko nahiz alderdi bereko kideak izan, boterean dauden bi emakumek aurre egin behar diete iritzi desberdina duten pertsonei; eta boterea oso erraz gal daiteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna