Audiard, Labaki, Chazelle, Cuaron eta Leeren lanak, Zinemaldian

Perlak sailean emango dituzten beste hamar film iragarri ditu jaialdiak. Donostia Hiria Publikoaren saria lortzeko lehian izango dira

Jacques Audiarden The Sisters Brothers filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Ainhoa Sarasola.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Pixkanaka ari da argitara ateratzen Donostiako 66. Zinemaldian ikusi ahal izango diren filmen zerrenda. Zinemaldiak beste hamar izenburu jakinarazi zituen atzo, guztiak ere Perlak sailean erakutsiko dituztenak. Eta horien artean daude, besteak beste, Jacques Audiard, Damien Chazelle, Alfonso Cuaron, Mamoru Hosoda, Nadine Labaki eta Spike Lee zuzendarien lanik berrienak. Sail berean aurkeztuko dituzten eta aurrez iragarritako sei tituluei gehituko zaizkie horiek denak, eta Donostia Hiria Publikoaren saria lortzeko lehiatuko dira guztiak.

Perlak sailak beste zinema jaialdi batzuetan erakutsitako lanak ekarri ohi ditu Zinemaldira, eta halaxe egingo du aurten ere. Hala, Veneziatik Donostiarako bidea egingo dute hainbat filmek. Hain zuzen, Veneziako Mostran emango duten lehen lana —First Man— aurkeztuko du gero Damien Chazellek Donostian. Neil Armstrong astronauta eta bere kideak ilargira iritsi zirenekoa kontatzen du lanak. Jacques Audiardek ere Mostran estreinatuko du lan berria, The Sisters Brothers westerna, eta gero ikusi ahalko da Donostian. Patrick deWitt idazlearen izen bereko eleberria du oinarri, eta Jake Gyllenhaal, Joaquin Phoenix eta John C. Reilly ditu protagonista. Alfonso Cuaronek, berriz, etxeko langile baten bizitza irudikatu du Roma filmean, eta hori ere Veneziatik pasatu ondotik iritsiko da Zinemaldira.

Bradley Cooper aktore estatubatuarrak zuzendu duen lehen filma izango da saileko proiekzioetan azkena: A Star is Born. Cooperrek bi musikariren arteko amodio istorio tragiko bat ondu du bere estreinako lanean, eta berak jokatu du filmeko rol protagonistetako bat. Hilaren amaieran, Venezian estreinatuko du lana hark ere, eta horren ondotik iritsiko da filma Donostiara.

Cannestik Donostiara

Cannesko zinemaldian erakutsitako hainbat lan ere helduko dira Zinemaldira Perlak sailaren bidez. Lukas Dhontek lehen film luzea aurkeztuko du Donostian, Girl, zeinak lehen lan onenaren Urrezko Kamera eta Un Certain Regard saileko Fipresci saria eskuratu zituen Cannesen. Ciro Guerrak eta Cristina Gallegok ere Frantziako jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuten Pájaros de verano, zeinak Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria aztertzen duen benetako istorio baten bidez. Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen, halaber, Mamoro Hosodak Mirai animaziozko filma, irailean Zinemaldira ekarriko duena. Eta Cannesen Epaimahaiaren Saria jaso ondotik aurkeztuko du Donostian Nadine Labakik Capharnaüm filma.

Spike Lee ere Donostia Hiria Publikoaren saria lortzeko hautagai izango da BlacKkKlansman komedia dramatikoarekin. Ku Klux Klanen infiltratzen den polizia afro-amerikar bati buruzko filma da, eta Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Cannesen, baita Publikoaren saria ere, Locarnoko jaialdian. Jia Zhangkek, berriz, Txinan gertatzen ari diren aldaketak amodio istorio bortitz baten bidez azaldu ditu Ash is Purest White filmean, zeinak Cannesko lehian parte hartu zuen.

Lehendik beste sei

Film horiek guztiak ez ezik, aurrez iragarritako Another Day of Life (Raul de la Fuente, Damien Nenow), 3 Rock / Three Faces (Jafar Panahi), Zimna Wojna / Cold War (Pawel Pawlikowski), El ángel (Luis Ortega), Leto (Kirill Serebrennikov) eta Netemo Sametemo (Ryusuke Hamaguchi) filmak ere Perlak sailean emango dituzte.

Irailaren 21etik 29ra izango da Donostiako 66. Zinemaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.